Pilotarien elkartea sortzea erabaki dute lau pilotarik, tartean Olaizola II.ak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 20a, 20:00

Joseba Ezkurdiak, Jokin Altunak, Mikel Urrutikoetxeak eta Aimar Olaizola goizuetarrak sortu dute pilotarien elkartea, «gu laurok gidatuko genukeena eta jardunean diren EPELeko pilotariek soilik parte hartuko luketena». Horrekin batera, «esku pilota profesionalaren sektorean etorkizunean sor daitezkeen puntu garrantzitsuenak pilotari elkarte honek negoziatzea nahi» dutela adierazi dute.

«Gaur egun pilota profesionalak eta lehiaketek duten egoera ikusita, eta egunak pasatzen ari direla eta gauzak zailtzen ari direla ikusita» bildu dira lau pilotariak, «arazoari ahalik eta lasterren irtenbidea bilatzen saiatzeko». Pauso bat ematea erabaki dutela diote lau pilotariek eta horietako bat pilotarien elkartea sortzea izan dela azaldu dute.

EPELekin bildu direla jakinarazi dute eta hainbat eskaera egin dizkietela gaineratu dute. Alde batetik, duela gutti kontratuak berritu ez zituzten pilotariekin negoziatzen hasteko eskatu diote. Horren harira, lau pilotariek sinatutako oharrean aipatu dutenez, «EPELek onartu du enpresak horietako batzuekin solas egiten hastea». Horrekin batera, buruz buruko txapelketaren hasieran astebetez gibelatzeko eskatu dute eta «EPELek onartu egin du». Azkenik, «datozen egunetan landuko diren bertze gai batzuk ere jakinarazi dizkiogu EPELi».

«Pilotariek 48 orduko epea izanen dute erantzuna gutako edozeini jakinarazteko».

Euren asmoa elkartea «EPELeko pilotarientzat zabalik» izatea omen da. Hala, EPELeko pilotariei «48 orduko epea» utzi diete «erantzuna gutako edozeini jakinarazteko».

Gisa honetara «eskupilota profesionala eta oro har pilota bizitzen ari den egoera hobetzeko» itxaropena agertu dute, baita «normaltasuna lehenbailehen lortzekoa» ere. «EPELi eskerrak» ere eman dizkiote oharrean.

Erreakzioak ere izan ditu lau pilotarien asmoak. Ibai Zabalak sare sozialetan honela adierazi du: «Ni ez nau azken bost hilabeteetan beren eskubideen eta pilotaren alde borrokan aritu den pilotari taldea baztertu eta alboratu duen inork ordezkatuko. Are gutxiago, mugimendu horiek greban dauden pilotariekin hitz egin gabe egiten direnean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun