«Emakumeen beharrak identifikatu eta asetzea dugu helburu»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 24a, 14:00
Elkarrengandik ikasteko gogotsu dago Goizuetako Talde Feminista.

Ana HUIZI MANTEROLA Goizuetako mugimendu feministako kidea

Udazkenean sortu zen Goizuetako Mugimendu Feministako kidea da Ana Huizi. Orain arteko ibilbideaz, martxan duten erakusketaz eta aurrera begirako asmoez aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Kontzeptu bakarrak hamaika adiera izan ditzakeela erakutsi du Goizuetako Mugimendu Feministak uztailean egin duen Zuretzat zer da emakumea? erakusketan. Marrazkiak, abestiak, testuak... biltzeko deia egina zuten eta jasotakoa uztailaren 23tik 26ra, ostegunetik igandera, ikusgai izanen da Labaderoan. Herritarren ikuspegitik abiatuz, «emakumeen beharrak  identifikatu eta horiek asetzeko» lan egin nahi dute, eta, horretarako, hamabost egunean behin, asteazken ilunabarretan, udaletxean bilduko dira. 

Noiz sortu zen Goizuetako Mugimendu Feminista?
Joan den urteko irail-urri aldera. Autodefentsa tailerra egin nahi zen eta horren harira hasi ginen, tailerra aurrera eramateko interesik bazen edo ez ikusteko herriko emakumeekin bilduz. 

Lehendik ere autodefentsa tailerrak egin izan dira... Ez da hala?
Bai, baina parte-hartze eskasa zutela ikusita, beste modu bateko parte-hartzea bultzatu nahi izan genuen. Ahoz aho zabalduz, taldeari hasiera eman genion. 

Zein dira taldearen helburuak?
Oraindik taldeari forma emateko prozesuan gaude, helburuak argitzen eta hauek nola landu aztertzen. Bide honetan, emakumeen beharrak identifikatzea eta asetzea eta kezkak lantzea dugu oinarrietako bat.

2019ko udazkenean hasi zineten eta hilabete gutxiren buruan konfinamendua hasi zen. Hasiera, beraz, ez da erraza izan...
Itxialdiaren aurretik, martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, ospatu genuen herrian; ondoren, ordea, den-dena gelditu zen bai erakusketa baita autodefentsa tailerra ere. Erakusketa martxan da  dagoeneko eta autodefentsa tailerra urri aldera eginen da. Aurrerago zehaztuko ditugu datak eta parte-hartzea irekia izanen da.

Apirilean egitekoa zenuten Zer da zuretzat emakumea? erakusketa uztailean egin duzue. Zer da horretan bildu nahi izan duzuena?
Herri mailan emakume gisa zer ulertzen den ikusi nahi dugu, herritarren ikuspuntua bildu eta bertatik lanean jarraitzeko. 

Zer-nolako harrera izan du erakusketa deialdiak?
Harrera positiboa izan da, hainbat motatako lanak jaso ditugu: testuak, marrazkiak, poemak, abestiak, etab.

Uztailaren 23tik 26ra Labaderoan izanen da ikusgai. Zer ikusi eta ikasiko du bertaratzen denak?
Zuretzat zer da emakumea? galderaren bidez hausnarketara joko du eta galdera hori erantzuteko egon daitezkeen ekarpenak ikusi ahal izanen ditu. Zenbait genero, adin eta eremutako jendeak parte hartzeko aukera duenez, emakume gisa ulertzen dugunarekiko ikuspuntuak bildu dira bertan, adierazpen modu anitzetan. Bakoitzak istorio edo esanahi anitzak izan ditzakeela ikusi ahal izan dugu. Orain, ikustera etorriz parte har daiteke.

Leitzako Mugimendu Feministarekin elkarlanean aritu zarete. Egitasmo honetan bakarrik edo sorreratik?
Sorreratik beraiekin harremanetan jarri ginen beraien lan egiteko moduaren berri izateko eta hartu-emanean elkarrengandik ikasteko. Ekimen hau elkarrekin egitea anitzagoa eta polita izanen dela iruditu zitzaigun eta halaxe egin genuen.

Erakusketara ez ezik, emakumeak taldera ere gonbidatu nahi dituzue... Gaur gaurkoz, zenbat kide zaudete taldean?
Taldean zortzi emakume gaude, lehendik harremanik ez genuenak. Polita da horrelako espazio batean ezagutu, elkarrengandik ikasi eta harremanak estutzea. Gainera, herrian interesa ikusten da eta taldea irekia denez, edozein momentutan parte hartzera anima daitezke. Norbere bizipenetatik abiatuz herri mailan jarri nahi dugu begia eta horretarako gonbidapena luzatu nahi dugu. Hamabostean behin biltzen hasiko gara, asteazkenetan, 19:00etan, udaletxean. 

Aurrera begira, zein da mugimenduaren asmoa?
Lanean jarraitzeko intentzioa dugu, ekintza dezente ditugu buruan; herriko haur, gazte eta helduekin lantzeko. Gogotsu eta indartsu gaude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun