Goizuetan bala-tiroz hildako betizuaren kasua argitu da, tiratzaileak egindakoa onartuta

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 20a, 12:05
Tiratzaileak barkamena eskatu zuen eta, ahal den heinean, egindako kaltea ordaintzeko prest agertu zen.

Argitu da joan den igandean Goizuetan bala-tiroz hildako betizuaren kasua. Adierazi digutenez, «Foruzaingoak ikerketa abiatzearekin batera, herritar bat Iruñeko komisaldegira deitu zuten, galdeketa egiteko asmoz. Galdeketan, tiratzaileak (J.J.I.), abokatuak kontrakoa adierazia zion arren, egindakoa aitortzea erabaki zuen».

«Pentsatu gabe» egindako ekintza izan zela argitu zuen, baserri inguruan behiak ikusteaz «nekatuta» zegoela egindako «hanka-sartzea». Gertatutakoari buruzko xehetasunak emateaz gain, «egindakoa onartu eta bere gain hartu zuen». Egindakoari buruzko «damua» ageriko egin zuen, «ehizarako erabiltzen dituen bi eskopetak eraman eta ez zuela deus jakin nahi» adierazi zuen. Horrekin batera, «barkamena eskatu eta, ahal den heinean, eragindako kaltea ordaintzeko prest» agertu zen. Tiratzailea libre baina karguekin dago, eta sei eta hemezortzi urte arteko espetxe zigorra ezar dakiokete.

Betizuaren nagusia (J.J.E) haserre agertu zen eta albistea «pena haundiz» jaso zuen. Izan ere, ordura arte, «azken aldian hoztasuna sentitu arren», inoiz ez zuen ez eztabaidarik ezta tira-birarik izan bizilagun horrekin. Halere, tiratzaileak ekintzak zuzendu izana begi onez jo du eta guztia «lasaitasunez» bukatzea espero du.

Azkenik, Foruzaingoak «halako gertakariak dauden guneetan neurri sendoak» hartzea aztertzen ari dela kontatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun