Lau egunez festa giroa nagusituko da Aranoko santioetan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 23a, 08:30
Giro ederra izanen dute jaietan.

Larunbatarekin eginen den arkume jaterako txartelak hartzeko azken eguna uztailaren 24a izanen da. Bitartean, joateko asmoa dutenek Kontsejun, Goizuetako Amaia kafetegian, Hernaniko Deportibon eta Urnietako Kantoi tabernan erosi ahal izanen dituzte txartelak, 30 eurotan.

Haur, gazte eta helduek, denek izanen dute ate joka diren santioetan gozatzeko aukera. Egun handiarekin hasiko dira festak, Santio Egunean, eta hortik aurrera lau egunez ez dute aspertzeko tarterik izanen herritarrek. Hala ere, festak uztailaren 25ean hasiagatik aurreko igandean, hilak 21, pala txapelketako finalak jokatuko dituzte. 11:00etan hasiko dira partidak.

Uztailak 25, ortzeguna
Festei hasiera emanen dien txupinazoa 12:00etan botako dute udaletxetik. Ondotik, 12:30ean, aranoarren eta goizuetarren arteko pilota partida jokatuko dute: Aranoko taldean Huizi eta Lizeaga ariko dira eta Goizuetakoan Apexetxea eta Apezetxea. Arratsaldean, kirol hitzorduek segida izanen dute. 18:00etan aizkora apustua jokatuko dute Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Joseba Izetak eta Jon Irazu eta Haritz Esnalek. 18:30ean Goizuetako Umore Ona dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta 19:30ean bertso-saioa hasiko da. Beste urte batez, izen handiko bertsolariak gonbidatu dituzte: Maialen Lujanbio, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Sebastian Lizaso. Maider Ansa herritarra ariko da gai-jartzaile lanetan.

Uztailak 26, ortziralea
Haurrak izanen dira festetako bigarren eguneko protagonista nagusiak. 17:00etan haurrek pilota partida jokatuko dute eta 18:00etan txokolatea jateko aukera izanen dute. 18:30ean Arno ganadutegiaren eskutik animalien ikuskizuna izanen da. Gauez, 22:30ean, San Roke elkarteak antolatuta, mus txapelketa jokatuko dute elkartean.

Uztailak 27, larunbata
Jubilatuek eginen dute larunbateko aurreneko hitzordua, 11:30ean Kontsejun hamaiketakoa egiteko elkartuko baitira. 14:30ean, berriz, urteroko ohiturari eutsiz, arkume jatea eginen dute. Bazkalondoan, Errebal musika taldea arduratuko da herri ingurua alaitzeaz.

Uztailak 28, igandea
Igandearekin bukatuko dira festak. Goizetik eguerdira feria antolatu dute eta horrez gain, tortilla lehiaketa ere eginen dute. Arratsaldean, 17:00etan, apar festa eginen dute eta 20:00etan Araitz eta Maddirekin musika emanaldia izanen dute. 21:00etan afari herrikoia antolatu dute eta festak borobiltzeko bingo musikatua eginen dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun