«Poliki-poliki nire helburuak betetzen ari naiz»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 13a, 11:00
Unai Gorrotxategi.

Unai GORROTXATEGI Aranon bizi den oreretarra

Aurkeztu zure burua.
Duela urte eta erdi Aranora etorri nintzen, orduko neska-laguna Aranon bizi zelako. Bizitzak bide bitxiak hartzen ditu eta ikusteko dago beste geltokirik izango dudan.

Erraza izan al da egokitzea?
Okerrena logistika da. Autoa behar da gauza gehienetarako. Autoa erosi nuen eta denbora luzez irautea espero dut...

Herri txikia da Arano...
Txikiegia. Arano bezalako herri asko desagertzear daude. 25 urteren buruan Arano nolakoa izango den irudikatzen saiatzen naiz eta kezkak datozkit. Ez litzaidake gustatuko Arano herri bezala galtzea eta hemen bizi naizen artean lanean jardungo naiz...

Biziberritze horretan elkarteak eta kultur taldeak badute zeresana.
Aurreko urtean Jalki kultur elkartea sortu genuen eta aurten San Roke elkartean sartu naiz. Jalkin Guifineteko gaia daramat. Herrira ganorazko Interneta ekartzea da gure helburuetako bat. San Roken, aldiz, kontuekin aritzen naiz.

Festa batzordean ere aritzen zara?
Ahal dudanean laguntzen dut.

Aurten zertan aritu zara?
Ereñozun txanda bat egin nuen, haiek Aranon lan egin dezaten; eta aurten bingo musikatua prestatzen nabil. Ondo ateratzea espero dut!

Arkume jatea kinka larrian ibili da...
Bai. Halere, jai herrikoiak herritarren esku daude eta herriak antolatzeari uzten badio interesa galdu duelako izanen da. Bestela ez du zentzurik.

Zein da festetako momentu politena?
Azken eguneko afaria. Batzuek lan handia egiten dute eta lanean jo eta fuego ibili direnak gozatzen ikustea polita da.  
Zer falta du Aranok?
Plan estrategiko bat osatzea besterik ez du falta: Arano 2044. Gauza onak ere baditu eta horiek egiten dute bizigarri. 

Asteburuko plan ederrena?
Aranoz gozatzea edo herritik alde egitea, astearen arabera. Herrian lagun handiak egin ditut eta haiekin gozatzen dut.

Aurrera begira, baduzu proiekturen bat buruan?
Teknologia gustatu izan zait beti eta Aranora etorri nintzenetik landareekin eta baratzarekin nabil... Oilategi bat ere egin nahi nuke. Poliki-poliki nire helburuak betetzen ari naiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun