Ttipi Txartela

«Bezeroa bere etxean balitz bezala sentitzea nahi dugu»

Ttipi-Ttapa

Geaxi eta Maider EIZAGIRRE ETXARRI, Sagasti Jatetxea.

Duela urte eta erdi hartu zuen Sagasti jatetxea Geaxi eta Maider Eizagirre ahizpek, amarekin batera: «ama lanik gabe zegoen eta guk lana aldatu nahi genuen, eta elkartzea erabaki genuen hirurok bide bera egiteko».

Bidea «gorabeheratsua» izan bada ere, «animatuak gaude eta erantzun ona izan dugu, jendeak asko lagundu digu». Martxa hartuta, «errutinan sartuak gaude orain, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu».

Menua egunaren araberakoa izaten da. Aste tartez «eguneko menua ematen dugu, eta beti saiatzen gara osasuntsua izan dadin; barazkiak, produktu naturalak eta etxeko janaria. Bezeroa etxean balitz bezala sentitzea nahi dugu». Asteburuetan, berriz, «menu bereziak ematen ditugu. Kuadrilla edo familia handi bat etorriz gero menu itxi bat eskaintzen diegu, hasierakoa elkarbanatzeko eta bigarrena bakoitzak aukeratzeko: haragia, arraina… aukera begetarianoa ere izaten dugu». Gainera, «menu erdia ere eskatu daiteke; plater bat, postrea eta edaria».

Uda pasatuta, «lasaiago gaude orain, eta menua ere pixka bat aldatzen da. Udako entsalada freskoak gutxiago jaten dira, eta jendeak gehiago eskatzen ditu babarrunak, garbantzuak, salda… hotza kentzeko eta indartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun