Inflazioa % 10etik gora dagoela? Zerbitzu publikoen kalitatea okertzen ari dela? Gazteen artean –batez ere– osasun mentalarekin lotutako arazoak eta pilulen kontsumoa areagotzen ari direla? Eraso matxista berri bat bestearen atzetik eguna joan eta eguna etorri? Faxismoa hedatzen ari dela? Galderen zerrenda amaigabea dugu eta batzuek galdera guztien erantzuna Putinez mozorrotuko digute. Beste batzuek, progresistagoek, oligarkiaren eta multinazional handien ankerkerian jarriko dute arreta, burujabetza eta demokrazia tasa handiagoak aldarrikatuz.
Hemen inguruan bizimodua gordintzen ari bada, pentsa dezagun une batez zer gertatzen ari den hegoalderago. Begiratu 'Gosearen mapa' Interneten. Kolore biziagoz ageri dira herrialde batzuk, batez ere Afrikan. Janaria eta ura izanik oinarrizko beharretan oinarrizkoenak: nolakoa izanen ote da gose eta egarri denaren bizitza? Krisialdi garaietan periferiak sufritzen du gehien eta ez da telebistan aterako, ez daitezen kontzientziak gehiegi astindu.
Bai hemen, baita lurreko esferaren tokirik urrunenean ere, bada modurik zoriontasun orokorra esponentzialki handitzeko. Ez da utopia, etorkizun askatzaile posible bakarra da eta komunismoa esaten zaio. Orain ere aliantza santuan batu dira (eskuin mutur faxistenetik ezkerreraino) komunismoaren aurka bi pertsona mota: etikatik gutxi dutenak eta komunismoaren inguruko ezagutza okerra dutenak. Horietako bat dugu Joseba Urrotz, aldizkari honetan idatzi zuena maiatzeko bigarren alean, «komunismoa zer den gehienok ez dakigu» esan ostean astakeria dezente bota zituena.
Komunismoan ez du «aita estatuak» gobernatuko, baizik eta herritarrok (langileriak). «Bakoitzaren askatasuna» eta «gure lanaren fruitua eskuratzea» errealitate izateko aukera hain zuzen komunismoak ekar dezake. Noski zaila dela benetako burujabetza egikaritzea, hori da komunismoa: burujabetza erreala, demokrazia erreala, zapalkuntzarik eza, aberastasunaren ekoizpen eta banaketa etikoa. Har dezagun gaia dagokion seriotasunez. Bide batez, «estatu sozialismoa» deitzen diozu estatu kapitalismoari.
Gauza batekin nator bat: komunismoa «gero eta gehiagok ona dela uste» dugula. Gero eta jende gehiago antolakuntzara batzean dago gakoa eta espero dut hala izaten jarraitzea. Eskerrak baden jendea han eta hemen lanean, esperantza eta ilusioa egunero pizten.