Komunismoa zer den gehienok ez dakigu, gero eta gehiagok ona dela uste badute ere. Komunismoa oinarrian kolektibismoa da, alegia, estatuak ekonomia nola izan behar duen, eta ondasunak nola banatu erabakitzen du. Gaztaroan, hainbatek injustiziatzat hartzen dugu batzuek ondasun aunitz izatea, eta bertzeek gutti. Hortaz, zuzen ikusten dugu ondasunak banatzea. Baina nondik ateratzen dira ondasun horiek? Lanaren ondorio dira, eta azter dezagun ea justua iruditzen zaigun lanaren ondorioz zerbait lortu duenak lana egin ez duenari ematea. Tranpa eginez ere lor daitezke ondasunak, eta maiz instituzioak erosiz egiten dira tranparik haundienak. Alegia, gizakiaren zintzotasun falta da arazoa.
Azken boladan ikusten ditut inguruan hainbat kartel eta pintada, krisi garaian komunismoa beharrezkoa dela diotenak; orain dela gutti, adineko emakume batek Ukrainiako aferaz «arauak denontzat dira» erran zidan. Alegia, ezin gara bakoitza gure aldetik ibili, taldea norbanakoaren gainetik da, kolektibismoa modan da. Bertze emakume gazteago batek, gizakia izurritea dela erran zidan, gehiegi garela munduan, neronek ere aspaldi erran izan dut horixe bera. Galdetu nion ea zergatik ez zuen bere buruaz bertze egiten, gehiegi bagara. Berak erantzun, berak gizarteari ekarpena egiten diola. Uste dut ez dela ohartzen zer ari den erraten: Nork erabakiko du nor den beharrezkoa eta nor ez gizartean? Arrazoi horretatik Hitlerren politikara pauso erdi bat ere ez dago. Nola daiteke denon ongizatea defenditzea eta aldi berean batzuk soberan direla erratea?
Nazismoa nazionalsozialismoa zen, kolektibismoa, denak berdinak eta talde izan behar zuten, aita estatuaren menean, denen onerako noski, eta gobernuak erabakiko zuen nor zen beharrezkoa edo ez. Berdintasuna, ekologia, elkartasuna aldarrikatzea modan da, eliteek ere sinetsarazi digute horren alde direla, eta horretarako mundu mailako kolektibismoa behar dela, mundu mailako «gobernantza». Estatu sozialismoa indartzen ari da, korporazio erraldoiek, estatuen laguntzarekin, gure lanaren erdia bereganatzen dute gero haiek nahi dutena egiteko. Eta gu artalde zintzoa, oinarrizko errentaren esperoan, hori bai, haundi samarra, eta batzuk soberan daudela onartzen duena.
Ez dut uste konponbidea komunismoa denik, bakoitzaren askatasuna baizik. Geurea dena defenditzea, gure lanaren fruitua eskuratzea, eta ez uztea inoren eskuetan gure bizia eta ekonomia. Horrek ardura eskatzen du, burujabetza (hori zaila da), eta ondorioz elkar errespeta eta lagun dezakegu. Bide errazena nagusiak agintzen duena egitea da, baina ez gara aziendak, gizakiak baizik.
Amatxik susmo txarra hartzen zien komunismo eta masoneriari. Uste nuen bera ezjakina zela, eta engainatu zutela. Orain uste dut ni nintzela orduan engainatua, eta berak bai bazekiela zerbait.