Ttipi Txartela

«Gero eta jende gehiago etortzen zaigu bisitan azken urteetan»

Ttipi-Ttapa

Xabier LASAGA TELLETXEA, Donostiako Aquariuma.

Azken urteetan «jende asko» bisitatzen ari da Donostiako Aquariuma: «lehengo urtean 360.000 bisitari izan zituen, Euskal Herriko bigarren museorik bisitatuena Guggenheimen atzetik. Aurten ere bide beretik goaz, datu oso onekin: udan 100.000 pertsonatik gora. Gehienak Euskal Herritik etortzen dira, baina aurten atzerritar ugari ere izan dira, estatubatuar asko».

Azaldu duenez, «azken urteetan Donostiak hiri bezala daukan erakargarritasuna handitu da, eta mundu mailan ezaguna egiten ari da; hiri ttikia, oso polita eta ondo jaten dena». Gainera, «sasoikotasuna galtzen ari dela nabaritzen dugu, garai batean Aste Santua eta uda izaten ziren sasoi jendetsuenak eta orain urte osoan etortzen zaigu kanpoko jendea».

Gainera, berritasun ugari dituzte aurten. Batetik, «31 akuario ditugu eta jaiotza asko izan ditugu aurten: marrazoak, manta arraiak, marmokak, itsas zaldiak… polita izaten da. Museoan ere berritasun lan batzuekin hasi gara, eta hurrengo urtean eraberritze lanak eginen ditugu. Azkenik, 2028an 100 urte beteko ditu eraikin honek eta hori ospatzeko prestaketetan ari gara buru-belarri».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun