Aziendak plazaratzen dituzten hainbat abeltzainen eskariari erantzunez, joan den urteko azaroaren 30ean egindako herri galdeketan Lesakako feria eguna ortzegunetik ortziralera aldatzearen alde eman zuten botoa parte hartzaileen % 80ak (677). Halere, Lesakan erroldatutako hamasei urtetik goitiko 2.277 herritarren erdiak baino guttiagok (837 zehazki, erroldatuen %36,75) eman zuenez botoa, erabakia ez zen loteslea izan. Halere, galdeketaren emaitza errespetatuz, abenduko udal batzarrean hartu zuen feriak ortziralera aldatzeko erabakia herriko etxeak.
Ortzegunean musika eta ajoarriero lehiaketa
Baina, ohi bezala, bezperako Merkatu Egunean hasiko dira ospakizunak. Hau ere, egun bat gibeleratu da, eta, beraz, azaroaren 26an, ortzegunean, 18:00etan, ohiko ekitaldiak izanen dira: Lesakako Trikitixa Taldearen kalejira eta, ordu berean, Beti Gazte elkarteak antolatutako ajoarriero lehiaketa izanen dute Beheko Plazan. Aitzinetik, 17:00etan, Lesakako Musika eskolaren emanaldia izanen da Harriondoa Kultur Etxean.
Feria eguna ortziralean
Ortzirale goizean, azienda erakustaldiaz gain, artisauen eskulanen erakusketa izanen da Beheko Plazan. Horietaz gain, karrikako saltzaileek ere Bittiria karrikan hedatuko dituzte beraien salmenta postuak eta herriko eta eskualdeko ikastetxeek ere, ikas bidaietarako eta bertzelako egitasmoetarako arropa eta jan-edari postuak paratuko dituzte han eta hemen. 12:00etan, kioskotik bertso kantari ariko dira Julio Soto Ezkurdia eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariak eta, ondotik, azienda lehiaketaren sari banaketa eginen dute.
Jendea bazkaltzera erretiratuko da orduan, baina bazkalondoan ere izanen dira ekitaldiak. Aurten, herri kirol erakustaldia goizean izan beharrean arratsaldean izanen da, 17:00etan Plaza Zaharrean.18:00etan pilota partidak jokatuko dituzte udal pilotalekuan, Arkupe Pilotazaleen Elkarteak antolatuak. Lehenbiziko partidan, herriko bi neska gazte, Arkupeko Ainize eta Amaiur Martinez Olazabal, Leitzako Garazi Imazen eta Oiartzungo Galardiren kontra ariko dira. Bigarrenean, Garfe enpresako bi bikote ariko dira, binakako Masters txapelketako finalerdian: Oihan Canabal igantziarra eta Cuairan, Igoaren eta Azpirozen kontra. Sarrera doan izanen da.
19:00etan Beti Gazte Kantari taldeak emanaldia eskainiko du Alondegiko arkupeetan eta 20:00etan, Plaza Zaharrean, dantzaldia Baratxuri Beltzak taldearekin.