Lehendik ere egiten zituzten etxerako gazta batzuk, «kamara eta deus gabe, batzuk onak ateratzen ziren, bertzeak ez hain onak… orain profesionalizatu gara eta gero eta gehiago egiten ari gara».
Otxunekoen intentzioak «ardiak genetikoki gero eta gehiago hobetzea da, ahalik eta produkzio altuena izateko. Baina bizi garen tokian bizi gara eta ez dugu 500 buru jartzeko tokirik. Guk 270 bat ditugu, ahal dela etxeko bazkarekin, zerbait erosi… Ardia genetikoki hobetzen duzunean rustizidadea, gogortasuna nolabait galtzen joaten da. Guk saiatu behar dugu balantza hori egiten. Ttikitatik pixko bat gogortu, larrera atera, ez barrenean bakarrik jatera eman… Genetikoki hobea den ardiak gehiago produzitzen du, baina kuidadoa ere gehixeagoa behar dute».
Joan den urtean 2.000 kilo gazta baino gehixeago produzitu dituzte Otxunean eta horiek merkaturatzea izaten dute hurrengo lana: «Etxean bertan saltzen dugu zati polit bat, herriko dendetan ere saltzen dugu aunitz eta eskertzekoa da lehenbiziko egunetik izan dugun harrera eta babesa. Gero Bera, Donezteben, Irunera eta Donostiara ere eramaten dugu…». Oraingoz ferietara eta ez dute aunitz eramaten, baina Lesakako ferietan postua jartzeko asmoa dute. Halere, zenbait sari ere irabazi ditu Otxuneko gaztak, Etxalarko Gazta Lehiaketan hirugarren postua lortu genuen, Berako Lurraren Egunean izan gara, Ordiziako lehiaketan, Uharte Arakilgo Nafarroako txapelketan hirugarren izan ginen eta horrek eman zigun Idiazabalen Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera».
«Jendeak bildotsa jateko ohitura galdu du»
Gaztandegiko martxan, «urte guzian behar da segimendu bat egin, baina kanpaina azaroan hasten da: genetikoki hobetzeko tanda bat inseminatzen dugu, horiek azaro hondarrean umatzen hasiko dira, aitzinetik ahariekin ibilitakoak umatzen hasiko zaizkigu, abendu hasieran izanen da kolpe handi bat, eguberrietarako kentzen ditugu bildots gehienak, prezio pixko bat egiten duelako… Ez da erraza, jendeak bildotsa jateko ohitura galdu du, baina halere dena saltzen dugu. Horiek kenduta hasten gara egunean bitan jezten eta bi egunetik gaztak egiten, urtarril hasieran hasi eta sanferminak arte». Gazta egin eta saltzen jartzeko «guttienez bi hilabete pasatu behar dira gazta ontzeko, gazta gordinarekin egina delako. Hiru egiten baditu hobe eta lau egiten baditu hobe, gorputza hartzen duelako, bi hilabeterekin oraindik freskoa da. Kanpaina hasierakoa oraindik freskoagoa, esne mina delako. Etxeko gatzagi naturalarekin egiten dugu eta horrek, gazta berriari ere pikante gehixeago ematen dio».
Idiazabal izendapena duen gazta honetaz gain, duela lauzpabortz urtetik honat gazta urdina egiten ere hasiak dira, «pixka bat kostatzen ari zaigu, batzuetan hagitz onak ateratzen dira, bertzeak ez hain ongi… Elaborazio guziz diferentea du eta puntua harrapatu behar zaio. Aurtengoak onak atera dira».
Gure inguruko baserrietan ohikoa denez, betidanik izan dituzten ardiez gain, «zerriak, behor batzuk, esnetako behiak kendu eta orain haragitakoak jarri ditugu, aratxe haragia ere saltzen hasi gara orain… niri gehien ardiak gustatzen zaizkit».
«Urte sail batean» behorrak eramankatu ditu Altzugaraik Lesakako ferietara, baina aurten gaztarekin joanen dela aipatu digu. Feria eguna ortziralera aldatzeak ez dio berari sobera eragiten, «batean edo bertzean, biharamunean berdin berdin etorri behar dut lanera. Baina herriak hori erabaki du eta hagitz ongi, aitzinera!».
«Lehen ere izan dira ur eskasiko urteak, gero ere izanen dira eta egokitu beharko dugu»
Baserritarrentzat eta aziendentzat «urte txarra» izan da aurtengoa, ur eskasikoa, «baina lehen ere izan dira eta gero ere izanen dira eta egokitu beharko dugu. Baserritarrentzat ez da urte errazik. Kanpotik ekarri behar izan dugu bazka. Beti erosten dugu luzerna, esne produkziorako ona delako, eta aurten gehixeago erosi behar izan dugu udan emateko. Belar dexente bildu dugu, baina udan emanez gero, negurako gabe geldituko ginen. Hori gordetzeko erosi dugu bertze bat, proteinaz apalxeagoa baina energia duena, udan mantentzeko. Ardi batzuk etxean kontu behar izan ditugu eta haiei emateko».
Baserrien etorkizunari dagokionez, Otxunekoak aipatu digu «hau gustatu egin behar da, bertzela ez dago zereginik. Denean bezala, badira momentu onak eta momentu txarrak, baina bokazioa duenak egiten du». Idiazabalgo Jatorri Izendapenakoek erran diotenez, «Nafarroan bada gazte dexente ardien munduan eta gaztandegiekin, gorakada hemen sumatzen dutela. Egia da batzuk bertzearen arrimoan ari garela. Igual bolada bat da, nire ustez, orokorrean, adin handiko jendea ari baita gaztandegietan, erreleborik ez da».