Lesakan jatetxe historikorik bada hori Kasino da… Noiztik dagoen irekia badakizu? Zein da jatetxearen historia?
Duela urte batzuk Nafarroako Gobernuak irekiera lizentzia eskatu ziguten eta ez genuen inon harrapatzen. Gure aitatxi-amatxiek etxea erosi zuten data bagenuen, baina hori ez zen aski, irekitze data behar zuten. Herriko Etxean ere begiratu genuen, baina inon ez zen paperik. Bertze paper bat egin behar izan genuen. Joan den urtean, herriko argazkiak biltzen ari den taldeko Moreno etorri zen eta opari polit bat eginen zidala erran zidan: idatzi bat zen, Irungo Atsegina elkartetik Lesakara egindako bisita bat ageri zen eta Lesakako Kasinoan bazkaldu zutela 1923. urtean. Beraz, ehun urte baino gehiago baditugu. Horixe da dugun lehenbiziko erreferentzia. Aitzinetik noiztik zegoen, ez dakigu. Lehendik ogia saltzen zen etxe honetan eta gero Arretxean sortutako Romualdo Elizalde aitatxi eta Igantziko Loikobordako Francisca Alzugarai amatxik ireki zuten ostatua. Gero aita eta bi izeba aritu ziren eta gero etxea partitu eta aita eta ama, Josefina Sagardia, gelditu ziren negozioarekin. Nik 71 urte egin behar ditut orain abenduan eta segitzen dut. Fabrikaren inguruan hagitz ongi funtzionatu zuen, aste egunez egunero bi aldiz betetzen zen jatetxea langileekin… Orduan aste tartez lan aunitz egiten genuen eta asteburuetan gutti. Orain ez da horrelako martxarik, tortillak buelta eman du, langileen bazkariak bukatu ziren, nahiz eta hemen ibiltzen diren kanpoko langile batzuk eta etortzen diren eta asteburuetan betetzen dugu. Madriletik etortzen hasi ziren, Hondarribira uda pasa etorritakoak. Oraindik badira emakumeak ttikitan gurasoekin etorri eta gure terrazan ateritako argazkiak dituztenak, eta geroztik nobioarekin, alabarekin eta bilobekin etorri direnak…
Historiaz aritu gara, baina etorkizunera begira, zer martxa du Kasinoak… azken aldian aditu dugu zu eta arreba jubilatzen zaretenean itxi eginen dela…
Gure ama hil zen pandemia baino hilabete lehenago, otsailean, Irungo Ospitalean. Irunerako bidean ginela David de Jorge sukaldariaren mezu bat hartu nuen, ondoan bizi da, eta ea besarkada bat ematera etor zitekeen ospitalera. Etortzeko erran nion eta solasean ginela erran zidan asteburu horretan Madrilen izan zela Martin Berasategirekin eta Madrilgo ostalari batek erran omen zion: ‘Ze Martin, jatetxe berri bat irekitzen duzula…’ Berasategik ezetz eta hark baietz, Lesakako Kasinoa hartzen zuela… Beraz, pandemia baino lehen zabaldu zen Berasategiri saltzen geniola, gero itxi behar genuela… azken bortz urteetan, astero-astero etortzen da norbait erranez azken afaria egin nahi duela Kasinon itxi aitzinetik. Nik eta arrebak dugu negozioa eta oraindik ez dugu behin ere solastatu noiz arte aritu behar dugun. Ni, 65 urte betez geroztik, jubilazio aktiboan ari naiz lanean, ehun urte bete arte aritzen ahal naiz. Arrebari bi urte edo falta zaizkio jubilatzeko. Ni sukaldean naiz aktiboa eta hemendik kanpo ez dut deus egiten, ez dut kirolik egiten… Orduan, beldurra ematen dit hau bukatzerakoan zer egin behar dudan… Ixteko intentziorik ez dugu oraingoz, baina nork daki, osasun arazoren bat… Hori bai, ez dugu gero errentan eman edo salduko, hau gure etxea da, ni goitian bizi naiz, eta ixten dugunean betirako izanen da. Merkatu ttiki bat eginen dugu, hemengo katxarro guziak oparitzeko, nahi duenak nahi duena eraman dezala.
Izenagatik, garai batean, jatetxe ez ezik, kasino edo elkarte moduan ere funtzionatu zuen…
Ttikitako oroitzapenak baditut, bigarren solairuan, ixkin batean billarrean jokatzeko mahai bat, mahaia xehetu zen, baina bolak etxean ditut gordeak; bingo bat, tximini handi bat, mahai baju bat eta minbrezko lau besaulki handi eta bertze mahai batzuk, jendeak kartetan jokatzen zuen. Antzerkia ere egiten zuten. Ostatua irekia izaten zen ete behetik interfono bat ere bazen, deitzen zuten eta goiti joaten ziren zerbitzariak, zer behar zuten eramatera. Inauterietan, ferietan eta sanferminetan musika jartzen zuten, bazkideentzat bakarrik. Sanferminetan, eguerditan, aperitiboa orkestarekin. Ganbarako armairu batean topatu genituen garai hartako hainbat gauza: Espainiako bandera handi bat, fakturak, bazkide izateko eskaerak, gobernuak zentsuratutako antzezlanen zerrenda… Dena gordea dugu, hori bai, eskriturak falta ditugu. Kasinoak berak zenbait izen ere izan ditu: Esola (etxearen izena Esolaberenea da), Iruñeko jendeak La Patxa (amatxi Franciscaren omenez), Romualdoren etxea… gero, Kasino gelditu zen betirako.
«Inauterietan, ferietan eta sanferminetan musika jartzen zuten, Kasinoko bazkideentzat bakarrik»
Eta zuk, Imanol, noiztik egiten duzu lan Kasinoan? Noiztik sukaldari?
Sukaldean hasi nintzen hogei bat urterekin, amaren ondoan. Aitzinetik, ttikitatik, platerak garbitzen eta ibiltzen ginen. Familiako negozioa zen eta denok lan egiten genuen. 18 urterekin joan nintzen Madrilera estudiatzera, sukaldaritza, enpresa turistikoen teknikari eta turismo gidari ikasketak egin nituen, sei urtez. Eta geroztik hemen ari naiz. Amak ez zigun deus handirik egiten uzten, guk lagundu baina bera zen jefa. Niri ez zait sukaldetik ateratzea gustatzen, bezeroak eta agurtzera, baina berak bazuen hori eta gero, telebistan eta sariketetan, bera ateratzen zen. Nire amak ez zuen inoiz usoa saltsan prestatu eta zenbait sari hartu ditugu horrekin, eta bera joaten zen saria hartzera eta berak usoari ez dakit zer ematen ziola, ez dakit zer jartzen ziola… Ni ez naiz eroso sentitzen telebistan eta sariketetan, fokuen aitzinean, nire tokia sukaldea da.
Urte hauetan guztietan, zenbat aldatu da sukaldaritza?
Ikusten duzu plater hori? Nafarroako Gastronomia Kofradiak emandako sari bat da hori, eman zuten lehen saria, 62 urtez karta aldatu ez duen jatetxe bati emandakoa. Nafarroan ez zela halakorik erran ziguten. Hemen badira hasieratik egiten ziren platerak eta geroztik mantendu direnak. Gero sartzen dira gauza berriak, foie eta horrelakoak… baina oinarrian karta finkoa beti hor dago: ilarrak, arrain zopa, barazki menestra, redondoa saltsan, fritada, txipiroiak… hortxe daude. Jendea erdi negarrez etorri zait, erranez amak umetan urtebetetze egunean egiten zion moka tarta jan zuela gurean, zapore berdina zuela. Edo amonak prestatzen zion oilaskoa bezalakoa dela gurea. Betiko sukaldea, betiko sua… Etorrikatu zaizkigu bazkaria eskatuz eta zerbait “berezia” prestatzeko, gutixiak… Nik erraten diet zerbait berezia nahi baldin badute, aski hurbil dituztela Arzak, Berasategi, Subijana… munduko onenak. Hemen ez halakorik eskatu, honat etortzen den jendea badaki zertara datorren. Horrela funtzionatu dugu beti, zertarako aldatu behar dugu orain.
«Honat etortzen den jendea badaki zertara datorren. Horrela funtzionatu dugu beti, zertarako aldatu behar dugu orain»
Kasinoko plater tradizionalik bada, patata tortilla da, hainbat sari irabaziak, zuen ama zena ere hainbat komunikabidetan agertua… Plater tradizionala eta plater “izarra” ere bai…
Gure ama Donostian ari zen neskato lanean, etxe hagitz on batean. Han egin omen zuen bere patata tortilla, etxekoei gustatu eta astero eskatzen omen zuten. Gure amak ez zuen behin ere tortilla borobil bat egin, ez zekien egiten. Gero, gurean nondik eta noiz famatu zen? Ez dakit, madrildarren bat etorri izanen zen udan, gustatu, ahoz aho zabaldu… Duela urte batzuk Donostian egun zuten I. Gastronomia Kongresua eta Rafael Garcia Santos gastronomia kritikari famatuak antolatu zuen lehen tortilla lehiaketa. Berasategi epaimahaian zegoen eta gure amak irabazi zuen lehiaketa, baina Garcia Santosek urte hartan Espainiako jatetxe onenei buruzko liburu bat aurkeztu behar zuen, eta tortilla onenak ere agertzen ziren. Arazoren bat izan zela eta bozketa errepikarazi zuen eta bigarrenean Coruñako batek irabazi zuen (haren liburuan onena bezala agertzen zena eta ez zuen onartu nahi berak gomendatutako tortilla onena ez izatea irabazle lehiaketan) eta ama bigarren gelditu zen. Berasategik protesta egin zuen, lehenbiziko bozketa ongi egin zela, baina alferrik. Bigarren urteko lehiaketara ez joateko erraten genion amari, baina joan eta irabazi egin zuen berriz. Orain handik eta hemendik deitzen naute, ez dakit nongo kongresura joateko, gure ibilbidea saritzeko… Ez dut joan nahi, ez naiz eszenatoki batera goituko, nik aski dut jendea gurera jatera etortzearekin: hemendik pasatu dira Arzak aita-alabak, Subijana, Berasategi, Ander Gonzalez, David de Jorge, Argiñano… Ez diegu deus berezirik egiten, hemen egiten duguna jatera etortzen direlako, ez bertzerik. Argiñano etortzen delako ez diot perrexil adar bat paratuko legatzari!
Sukaldaritza ikastaroak ere eman izan dituzu…
Nafarroako Gobernuak deitu eta eman nuen kurtsoa hemen, Etxalarren, Igantzin, Beran… baziren urteak ematen nuela bi egun hemen, bi egun Beran, jatetxeko martxarekin segitu behar zen… Lehertua bukatzen nuen. Urte dexente aritu nintzen, baina azkenean bat edo bertze aukeratu behar izan nuen eta jatetxearekin segitu nuen, noski.
Tradizioak aipatuz, hamabortzero, merkatuko afaria ere eskaintzen duzue…
Bi ortzegunetik behin, hamabortzero ematen dugun afaria da. Gaur egun hamasei bat lagun biltzen dira. Itxitzeko kontuak aipatzen ditugunean, ez sanfermin eta ez feria, horrek ematen dit penarik handiena. Ez da galduko, bertze nonbaitera joanen dira, baina ez dakit posible izanen dudan beraiei erratea ixten dugula. Izugarri gustatzen zait merkatuko afari hori: bertsoak kantari bat bertzeari, lehengo koplak… Nire oroitzean, betidanik egin den zerbait da, eta pandemia garaian ere mantendu genuen merkatuko afaria. Nik ezagutu nuen lehenbiziko belaunaldikoak hiltzen joan ziren eta nahiko mottel egon zen zenbait urtez, baina Rafael Eneterreaga zenak berreskuratu zuen. Besta hagitz polita da. Beti menu bera, hori bai. Azken aldian, urtean behin, kanpoko bertsolariak ere ekarri dituzte, bertso eskolaren bitartez, eta afari “irekia” egiten dute, jendetsua, baina niretzat betiko bertsolariek eta betiko merkatuko afariak bertze grazia bat dute.
Merkatuko afari hori, nolabait, Lesakako feriekin ere lotua dago… Berezia izaten da feria eguna Kasinoan? Lan handiko eguna?
Feria eguna urte guziko egun nahasiena da guretzat. Menu bakarra paratzen dugu, arrain zopa edo garbantzuk hasteko, eta menaje aunitz behar duzu, hogei zopa ontzi eta bertze hogei garbantzoentzat, plater pila bat, mahai tresna pila bat, kopak, joan ganbarara, atera, garbitu… Menu erraza da, baina jende guzia batera sartzen da bazkaltzera. Ostatuan ere mugimendu handia izaten da. Joan den urtean hamasei tortilla egin genituen feria eguneko goizean, aparte salda, kroketak… egun nahasia, baina polita da.
Aurten, lehen aldiz, feria ortziralearekin izanen da, zer iruditzen zaizu?
Eguna berdintsua izanen dela iruditzen zait, arratsean izanen da besta gehiago, baina guk arratsean ez dugu lan aunitzik egiten, arratseko hamaiketarako ixten dugu normalean. Biharamunean eskolarik eta lanik ez dutenek gehiago ibiltzeko aukera izanen dute, baina bertze ostatuetan.
Jatetxe kopuruaren gainbehera nabarmena da Lesakan, zergatik? Ostalaritza lanean aritzeko jendea topatzea gero eta zailagoa da?
Ostalaritza gaizki ordaindua dagoela erraten dute, baina gurean ari diren emakumeek soldata duina dute, astean bortz egunez zortzi orduz lan egiten dute… ostalaritzan asteburuetan ere lan egin behar da, baina urtean bi asteburu oso libre dute. Horrela lortzen dugu luzaroan gurean lan egitea, badira hogei urtez gurekin dauden langileak. Hemengo jende aunitz kanpoan ari da lanean, Ibardinen, Dantxarinean, Lizarietan, Luzaiden… eta ez dut uste gurean baino baldintza hobeagoetan ari direnik.