Altzateko zeharbideko lanak azken txanpan sartuak dira Beran

Ttipi-Ttapa

Altzateko zeharbidea berritzeko azken lanak eginen dituzte datorren astean. Bertzetik, saihesbidearen bigarren faseko finantziaziorako 4,8 miloi euroko laguntza onartu du Nafarroako Gobernuak, 2025-2028 Inbertsio Programaren barrenean.

Datozen egunetan egin behar dituzte Altzateko zeharbidea berritzeko azken lanak: obraren erremateak, seinalizazioak, semaforoen erregulazioa, konexio elektrikoak eta horrelakoak. Zehazki, semaforoen erregulazioa urriaren 19tik 23ra bitarteko astean eginen dute, eta lan hori trafikorik ez dagoenean egin behar dute, segurtasun arrazoiengatik. Hori dela eta, aste horretan trafikoa moztuko da Eztegarako eta Julio Caro Barojako bidegurutzearen eta Altzateko eta Itzea karrikako bidegurutzearen artean.

Urriaren 19tik 23rako astean trafikoa moztuko dute Eztegarako eta Julio Caro Barojako bidegurutzearen eta Altzateko eta Itzea karrikako bidegurutzearen artean

Beraz, mozketa horrek irauten duen bitartean, trafiko guztia Julio Caro Baroja-Matzada-Illekueta karrikatk desbideratuko da berriro, Itzea-Ibardinera doan trafikoa barne. Hauek, Illekuetatik Altzateko Plazarantz joanen dira, Itzeatik Ibardinerantz segitzeko, obraren lehen fasean egin zen bezala.

Lan horiek bukatzerakoan, hilaren 23an trafikoa erabat irekiko da Altzate karrikatik (N!-1310), bai Ibardinerako norabidean, baita Lizuniagarako noranzkoan ere. Julio Caro Baroja karrikako sarbidea irekita egonen da soilik inguruko bizilagunentzat, baita Matzada auzora edo Suspelara joateko ere. Era berean, karrika horretarako sarbidea debekatua egonen da, 7,5 Tonatik goitiko ibilgailuentzat, zerbitzu ibilgailuak eta baimenduak izan ezik.

Altzateko saihesbidearen bigarren faseko finantziazioa

Nafarroako Gobernuak 2025-2028 Inbertsio Programa onartu du asteazken honetan, hilaren 14an, 833 milioi euroko zenbatekoarekin.

Inbertsio horien barrenean, Altzateko saihesbidearen bigarren fasea egitea aurreikusten da, Matzadatik Angulerora, guztira 4,8 milioi euroko finantziazioarekin. Inbertsioa 2027 urtean (500.000 euro) eta 2028 urtean (4.300.000 euro) banatuko da eta obra hori Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritzak gauzatuko du.

Obra heldu den urtean hasi eta 2028an bukatuko litzateke. Horrela, NA-1310 (Eztegara) eta NA-4410 (Lizuniagako errepideko 0,650 km) errepideen arteko hiri lotura osatuko litzateke, eta gaur egun Altzate zeharkatzen duen trafiko gehiena herrigunetik aterako litzateke.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun