Nafarroako Koxkor Biltzen Txapelketan txapeldunorde geratu zen eta Sarako Kontrabandisten lasterketan bigarren saria ere eraman zuen etxera. «Bizitzeko modu» gisa hartzen ditu dagoeneko «denbora pasa moduan» dituela erratera ausartu ez den kirol hauek. Bere egunerokoan parte bilakatu baitire. Herriko dantza taldean eta herriko kankailu eta buruhandiekin ere ibiltzen da gaztea harat eta honat.
Herria eta bestak bixi-bixi
Igantzi «herri ttiki eta bixia» dela erran digu. Bixiagoa oraindik udaran, eta batez ere, Urtxegi eta bere bizilagunek ate joka dituzten Sanmigeletan: «Aurten, irailak 26an hasiko dira, ortziralea, eta irailaren 29an, asteartea, bukatuko dira San Migel egunarekin». Bestak hurbil daudela, besten antolakuntzan eta dantza taldean pasatzen ditu orduak, bestetako egitaraua aste bat lehenago hasten baita herriko dantza taldearen emanaldiarekin bertzeak bertze: «Igantziko besten aitzineko astean dantza emanaldia, gazta lehiaketa, plater-tiro lehiaketa, frontenis txapelketa eta zahar etxean, mahai joko txapelketa egoten dira». Behin bestak hasita, urteroko plana izaten da gazte gosaria, herri bazkaria eta baita herri kirolak ere: «Aurtengoan, herri kirol taldeak erakustaldi moduko bat eginen du Basaburuarekin batera, haurren kategorian, eta bertzetik, Igantziko gazteak herri kirol bereziak egiten ibiliko gara».
Lan handia ospatzen
Egitarau zabala antolatzea erreza izaten ote den galdetu, eta «gauden momentuan herri batean ere ez dela erreza» adierazi du Urtxegik, nahiz eta azkenengo emaitza ona izatea lortzen duten: “Jendeari gero eta gehiago kostatzen zaio herriko kontuetan murgiltzea, baina aldi berean, uste dut, taldeka antolatzen garenez ongi funtzionatzen dugula eta emaitza ona lortzen dugula beti”. Hala ere, bestak antolatzera animatzen diren gazteenak «gogo eta motibazio» gehien dutenak direla ere aipatu digu : «Berriki sartzen direnek ekartzen dute motibazio gehien. Nahiz eta antolakuntzaren zati ez hagitz handi bat beraien gain hartzen duten, gogo asko dute parte hartu eta ahal dutena egiteko».
Antolakuntza guztiak bestetako asteburuan ondoko herrietatik jendetza hurbiltzea gustuko dutela erran digu: «Urteetan zehar ez dago besta egiteko aukera askorik herrian, inauteriak izaten ditugunean ezik, eta bestak dira aukera bakarrenetarikoa Igantzin ospatzen ibiltzeko eta herrikoa ez den jendea hurbiltzeko. Ondoko herrietakoak bestetako ortzirale eta larunbatean hurbiltzeak motibazio puntua ere ematen digula uste dut. Aunitz eskertze dugu».
Hala ere, bere gogo gehienak egun berean egiten diren bi otorduetako ditu gordeta: «Gazteak egiten dugun gosaria eta herri guztiak egiten dugun bazkaria izaten dira niri gehien gustatzen zaizkidan momentuak».
Bestak ere aldarrian
Igantziarra besten inguruan solastatzen ari zela, bestak, «urte guztian zehar ondoan ditugun balioak eta ideiak transmititzeko unea» izatea garrantzitsua dela azpimarratu du: «besta oro borrokarako lekua dela uste dut. Besta inguruan sozializatzen dugu eta balio aunitz jartzen ahal ditugu jokoan besta giroan. Bai irabazteko edo bai galtzeko». «Besta herrikoi, parte hartzaile eta errespetuzkoak» espero ditu Urtxegik, inolako erasorik onartuko ez den eta elkarlanean oinarritutako bestak izango baitira.
Igantziarrak bestetara gonbita zabalduz eman dio akabera elkarrizketari, «gogo handiak» dituela goraipatuz Igantziarrek aste eskasera, bestak ospatuko dituzten frontoiaren ondotik.