Dantzariek Gure Txokoan, entsegua egin ohi duten lekuan, hitzordua paratua zuten eta ez dute huts egin. Maiz biltzen dira, dantzatzeko normalean: «Helduen taldea entseatzeko urte guztian zehar biltzen gara, ditugun ekitaldien arabera». Baina, oraingoan, dantzan aritu ez, eta dantzaz aritu dira: oinak geldirik eta dantza ahotan, arratsaldeko solasgaia. Nor diren galdetuta, «Berako herritarrak gara» erantzun dute lehenbizi eta horren segidan, «dantzatzeko, ongi pasatzeko, herriaren ohiturak mantendu eta berriak sortzeko eta transmititzeko» elkartzen direla gehitu dute.
«Egia da bizitzaren aldaketak direla medio, eta denborak aitzinera egiten duen horretan, bakoitzaren bertzelako ardurak dantzarekin uztartzea zaila dela»
200 dantzari
Beran haurretan euskal dantzetan hastea «ohitura» dela erran digute, eta beraien kasua ez da apartekoa izan: «Normalean ttikitatik hasten gara dantzatzen, gutako aunitz bortz urterekin hasi ginen eta orain arte segitzen dugu, helduen taldeko helduenak 27 bat urte ditugu». Egun, 200 bat dantzarik osatzen dute dantza taldea 5 urtekoak ttikienak eta 40etik goitikoak ere helduenak izanik gutti goiti-beheiti, beteranoen taldea kontuan hartuta: «Betarenoen taldea orain dela urte batzuk osatu zuten eta arrakastatsua izan da, aurten, adibidez, 15 pertsona daude». Ttikitan hasi eta urteak goiti egin ahala, guttiagok segitzea «normala» dela diote: «Egia da bizitzaren aldaketak direla medio, eta denborak aitzinera egiten duen horretan, bakoitzaren bertzelako ardurak dantzarekin uztartzea zaila dela». Eta beraiek «dantzatzea gustuko dugulako eta gure artean giro ona dugulako» segitzen dute. Alta, utzi eta bueltatzea ere, egun, aukera bihurtu dela esplikatu digute: «Ikusi ahal izan dugu beteranoen taldeari esker dantzei berriro eustea posible dela».
Maite dituzte euskal dantzak eta, halabeharrez, «ordu dezente» eskaintzen dizkiete: «Haurren irakasleak helduen taldekoak gara, eta bertzetik, urte osoko hainbat ekitaldi antolatzen ibiltzen gara: bestetako emanaldia, San Esteban Eguneko dantzak, Inauteetan Inude eta Artzainak, auzoetako bestetako dantza emanaldi ttikiak, Berako Dantzari Ttikia, bertze herrietako Dantzari Ttikiak…». Euskal dantzak Berako herrian ongi errotuta daude eta dantza taldekoek jakin, badakite beraiek direla orain tradizioa mantentzearen erantzule: «Ardura puntu bat badugula ere erranen genuke, aitzinekoek guregatik egin zuten lan horri segida emateko eta herriari dantzaz gozatzeko aukera eskaintzeko».
Aitzinekoek beraiengatik, eta beraiek heldu direnengatik, kate horretan beraiei emandakoa anitz izan dela ziurtatu digute. Izan ere, 2014a izan zen dantzeariendako mugarri, urte hartan hasi baitziren emakumezkoak bestetan plaza jendez lepo eta bordondantza eta makil dantzak dantzatzen. 12 urte iragan dira ordutik: «Nahiko gaztetxoak ginen makil dantzak dantzatu genituen lehenengo urte hartan, 15 bat urte izanen zituzten gaur egun gure taldeko zaharrenek». Halere, oroitzen direnaz mintzatu dira: «Dantza taldean behintzat naturaltasunez bizi izan zen, baina jakin, badakigu herri mailan nolabaiteko oihartzuna izan zuela». Erabakia, aitzinetik «landua» eta «adostua» zegoela esplikatu digute eta hortaz, «abuztuaren 3a ailegatu zenean, naturaltasunez atera ginen neskak eta mutikoak dantzatzera».
«Guk ere dantzatu dezakegula argi adierazi dugu eta mutilek bezala dantzatzen dugu gaur egun»
Argi diote: «Aitzinera pausoa izan zen». Bere fruituak eman dituen aitzinera pausoa gainera: «Pauso hori eman zutenei esker, erran dezakegu gaur egun herriko dantzek bizirik segitzen dutela, batez ere, dantza taldeko ehuneko handi bat neskak garelako». Urteak pasatu dira eta plazak indarrez zapaldu dituzte: «Guk ere dantzatu dezakegula argi adierazi dugu eta mutilek bezala dantzatzen dugu gaur egun». Gaurkoaz harago, urteak aitzinera begiratu nahi izan dute eta beraien aitzinetik egon zirenen eta beraien ondotik egonen direnen artean kokatu dira: «Haiek guretzat eredu izan ziren bezala, gu datozen belaunaldiendako eredu izanen garela espero dugu, baita irekita dagoen ate hau ere inoiz ez ixtea. Denok dugu dantzatzeko eskubidea!».
Etorkizunera begira jarri dira eta Boisen egiten duten euskal bestan parte hartzea «amesten dutela» kontatu digute. Baina, herriko bestak izanen dituzte lehenbizi eta urteroko moduz, abuztuaren 3an, espartinak lotuta eta zuri eta gorriz jauntzita aterako dira herriko plazara. Ondotik dantzari eta musikari guziek afaria eginen dutela ere aipatu digute. Gogoa nabaria dute eta dantzan segitzeko ilusioa ere bai. Herria bizirik mantendu eta bizirik sentiarazteko, dantza dutelako haien modua: «Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko!».