Gustatzen zaizkio sanestebanak, eta bere iduriko «egun politak» dira: «Lagunekin zenbait otordu, dantzak, txaranga… herria giroz eta jendez betetzen da, eta egunero ateratzen saiatzen naiz». Gainera, besten aitzineko egunetan ere hasiko da herria mugitzen eta bestak heldu direnaren seinale, bote luze erakustaldia antolatua dute abuztuaren 1erako.
Horretara ere Zubietak ez du hutsik eginen: «Urte aunitzez bai futbolean, dantza taldean eta baita palan ere aritu naizen bezala, orain bote luzean murgilduta nabil». Izan ere, «taldekako aktibitateetan sortzen diren giroa eta harremanak gustatzen zaizkit»; eta jende berria ezagutu eta kirolaren bueltan harreman sanoak sortzeko «aukera paregabea» da bere iduriko.
Besta egunetan bakarrik ez, eta egunerokoan ere maite du Berako herria, are gehiago, «gustatzen zait Beran bizitzea». Bide batez, «aspertzeko eta geldirik egoteko aukera gutti» dagoela dio: «Zerbitzu aunitz bertan ditugun herri koxkorra da, eta kokaleku aldetik ere, hagitz ongi dagoela iduritzen zait, bai mendiak eta baita hondartza ere hurbil daudelako. Kultura eta kirol aldetik aukera dezente dago eta herriak berak ere bazter eta txoko politak ditu». Bide beretik, «naturaz gozatzea gustatzen zait, lasai aski erreka bazterren batean edo ibili eta txoko berriak ezagutzea».
Herrian parte hartzea
Beran sortua eta Beran hezia, bere kasuan «beratarra» gainera; izan ere, beratarra sortu ez, egin egiten dela irizten baitio: «Hemen edo bertze herri batean egon, niretzat garrantzitsua da modu batean edo bertzean bizi zaren herriko ekitaldi desberdinetan parte hartu eta zure ekarpena egitea herriari, horrela herriaren parte izan eta sentitzeko». Hala eta guztiz ere, beratarren arteko eguneroko hartu-emanak areagotzea gustatuko litzaiokeela aipatu digu: «Iduritzen zait herritarren elkargune izaten ahal den plaza edo horrelako tokiren bat falta dela. Herrian bi plaza baldin badaude ere, ez gara hor elkartzen. Talde bakoitza, haur, gazte, heldu… leku desberdin batean egoten da eta horrela ez da hain harreman estua lortzen».
Herriko bestetan, ordea, eguneroko martxak ez du apenas lekurik izaten eta plazak jendez lepo ageri diren irudiak ez dira harritzekoak. Hain zuzen ere, Zubietak erran digunez, «besten bueltan errazagoa da herritarrak elkartzea». Eta bide beretik: «Eguneroko errutinatik ateratzeko aitzakia ederra dira herriko bestak». Erraterako, bote luze erakustaldiak errutinatik ateratzea suposatu dezake, eta horren harira, horrelaxe dio: «Herritarrek ikusi eta ezagutzeko aukera ederra da».
Kasurako, berak bote luzea Herri Haitadari esker ezagutu zuela kontatu digu; iaz Zugarramurdin aritu zela lehenbizikoz eta Beran aurten: «Nesken parte hartzea bultzatu zutenez, bertze lagun batzuekin probatu eta parte hartzera animatu nintzen, eta aunitz gustatu zitzaidan».
«Txapelketa bat antolatu izana pausu garrantzitsu bat da segida eman ahal izateko eta bide hortatik segitu behar dugula uste dut»
Eta ez hori bakarrik: «Mendialdeko Bote luze Txapelketa antolatu du Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzak lehenbiziko aldiz eta herri desberdinetako bestak aprobetxatuz, partidak antolatu ditu, bai nesken eta baita mutilen jardunaldiak ere jokatzeko». Bide batez, beratarrak parte hartzen ari direla dio, eta «gustura», gainera. Txapelketaren kontua, parte hartzen ari diren bertze herrietako taldekideekin harremana egiteko «hagitz aukera ona eta polita» baita bere ustetan.
Bote luzea: euskal pilota modalitate zaharrenetarikoa
Ezagutzen den euskal pilota modalitate zaharrenetarikoa da bote luzea, gaur egun, luzeko pilota jokoan esku hutsean jokatzen den bakarra. Hortaz, modalitatea mantendu eta indartzearen alde agertu da Zubieta eta eskualdean hura berreskuratu izana aitzinera pauso handia dela ziurtatu digu; txapelketa ofiziala antolatu izana are eta pauso handiagoa izanik: «Txapelketa bat antolatu izana pausu garrantzitsu bat da segida eman ahal izateko eta bide horretatik segitu behar dugula uste dut». Bidenabar, bote luzearen bizirautea, joko bat mantentzetik harago doan kontua delako: «Aritzen segitu beharra dugu, ez bakarrik kirol bezala, baizik eta kultura eta mugaz gaindiko harremanak sendotzen jarraitzeko ere, harreman horietan euskarak duen garrantzia ahantzi gabe».
«Txupinazo eguna aunitz gustatzen zait, eguerditik jende pila bat elkartzen gara txaranga eta gaiteroekin herrian barna buelta emateko, eta nabaritzen da jendea gogotsu eta animatuta dagoela»
Etorkizun hurbilera begira, Berako bestetan jarria du begirada Zubietak eta nola disfrutatuko dituen pentsatzen hasia da: «Txupinazo eguna aunitz gustatzen zait, eguerditik jende pila bat elkartzen gara txaranga eta gaiteroekin herrian barna buelta emateko, eta nabaritzen da jendea gogotsu eta animatuta dagoela. Adin guztietako kuadrillak elkartzen gara eta polita da; kantu bazkaria ere gustuko dut, kantuaz gozatzeko elkartzen baikara, giro bikaina sortuz» Hortaz sanesteban hauetan ez du guttiago espero: «Txaranga eta karrikako musikaz disfrutatuz besta eder batzuk pasatzea, lagun eta familia artean».
Eta behin bestak pasatuta, etorkizun urrunagora begira, bote luzeari dagokionez, «orain arte lortutakoa mantentzea» ongi legokeela adierazi du; «bai Herri Haitadari begira eta baita txapelketei begira ere». Are gehiago, bere hitzetan: «Bertze herrietakoekin lagun arteko partidak jokatzea eta ondotik otordu baten bueltan bukatzea ere ez litzateke aukera txarra izanen». Bide batez, urte batzuren ondotik, Zubietak argi eta garbi duelako: «Mahai inguruan harremanak beti hobetzen dira».