Luka Remiro Global Sumud Flotillan ibili den ekintzailea da; Oskar Goñi, Joxi Iratzoki, Tobi Ruiz, Patxi Jorajuria eta Ramon Telletxea, berriz, soldaduskari ezetz erran zioten intsumisoak. Edurne Elizondok intsumisioaren borroka ezagutarazteko Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian liburua egin zuen. Eta 1987ko Berako Udala soldaduskara joateko herritarren zerrenda tramitatzeari uko egin zion estatuko lehenbiziko herriko etxea izan zen.
Horietako birekin bildu da TTIPI-TTAPA, Oskar Goñirekin eta Joxi Iratzokirekin. Intsumiso izan ziren biak, eta mahaiaren bueltan mintzatu dira «mugimendu handiko» garai hartaz. «Oroitzapen onak» dituztela eta «aunitz ikasi» zutela diote eta «gaur egun ere, intsumiso izateko milaka arrazoi» daudela konbentzituak daude.
«Oroitzapena dut gu baino zaharragoa zen mutiko bat egunero negarrez joaten zela urdaiazpikoa mozteko makinara, soldadu ez joateko behatza moztu behar zuela erranez. Gaztetatik pentsatzen genuen ‘Horrek hagitz txarra behar dik, jendea hola jartzen denerako...’»
25 urte soldaduskarik gabe
Aurten beteko dira 25 urte Espainiako armadan derrigorrezko soldaduska desagertu zela, «baina gu saltsan ibili ginenetik 30 urte baino gehiago pasatu dira». Hala oroitu dute Iratzokik eta Goñik. Batak zein bertzeak ez zuten dudarik izan momentua ailegatu zitzaienean; «hagitz garbi genuen». Hasteko, «soldaduska gaizki ikusia» zela aipatu dute eta Goñiri orduko pasadizo bat etorri zaio burura: «14 urterekin Ibardinen lanean hasi, eta oroitzapena dut gu baino zaharragoa zen mutiko bat egunero negarrez joaten zela urdaiazpikoa mozteko makinara, soldadu ez joateko behatza moztu behar zuela erranez. Gaztetatik pentsatzen genuen ‘Horrek hagitz txarra behar dik, jendea hola jartzen denerako...’». Baina hortik haratagokoa zen ezetz errateko arrazoi nagusia: «Gurea ez den nazio bati zerbitzatzera behartu nahi gintuzten», dio Iratzokik. Eta Goñik honela: «Gatazka politikoa puri-purian zegoen garaia zen eta abertzaleon ikuspuntutik kristoren kontraesana zen: zanpatzen gaituen armada defendatzera? Ez zuen ez hanka eta ez buru».
Ehunka eta ehunka gazte mugiarazi zituen intsumisioak Hego Euskal Herrian, eta eskualdean ere «mugimendu handia» sortu omen zen: «Kakitzat, KEM-MOC, Jarrai… Talde eta mugimendu aunitz sortu ziren. Guk, adibidez, Kakitzat kolektiboaren bitartez lortzen genuen informazioa eta BAT izenarekin [Bortzirietako Antimilitarista Taldea] sinatzen genituen idatziak. Gehiago mugitu ginenak eta ondotik preso hartu gintuztenak hiruzpalau izan ginen, baina intsumisioak herri sustengu handia izan zuen, iritzi publikoan onespen handia».
Intsumisoen borrokari, objekzioa egin zutenen zerrenda luzea gehitu zitzaion: «Gazteek hordagoa jo zuten, eta estatuak pasiboen aterabidea sustatu zuen: objekzioa». Argitu dutenez, «eztabaida sortu zen, baina intsumisioaren mugimenduak ez zuen objekzioa etsaitzat hartu. Mezua argia zen: Etsaia armada da, Espainiako administrazioa eta armadara bultzatu nahi gaituztenak. Objektore egiten zirenek ez zuten borrokan inplikazio gorena, baina soldaduskaren kontra zeudela erraten genuen. Gainera, gero eta intsumiso gehiago izan ginen, eta objekzioarena esponentziala izan zen. Beran, adibidez, suhiltzaileen parkea egin berria zen, eta jendea horrat apuntatu zen. Soldaduskatik libratzeko modua bertzerik ez zen».
Eta aunitzek uste zutenaren kontra, borrokak bere fruitua eman zuela dio Goñik: «Frankismotik heldu ginen eta gure gurasoen belaunaldiarentzat soldaduska totem ukiezina zen». Badu, gainera, horri lotutako anekdota bat: «Intsumisioaren inguruan, Toki Onako ikasleei hitzaldi bat ematea lortu genuen. Urte baten edo biren buruan, 22 urtera arte ikasten segitzen ez bazuten, soldaduskara joan beharko zutela esplikatu genien. Soldaduska zer zen eta ze aukera zituzten kontatu genien; mugimendu antimilitaristaren guttieneko helburua soldaduska kentzea zela, eta azken helburua armada guziak desagertzea. Eta gogoan dut ‘Guk kartzelan ordainduko dugu, baina gure seme-alabek ez dute soldaduskara joan beharrik izanen’ esaldia bota nuenean, irakasleek irri egin zutela, inozenteak ginelakoan». Eta nola diren kontuak; hala erran zuten, eta hala izan da. Soldaduskari planto egiteagatik bi beratarrak kartzelan sartu zituzten 22 urterekin; Goñi «hilabete batez» eta Iratzoki «borzpasei egunez»; biak «lehenbiziko Iruñeko kartzelan, eta ondotik, Martutenen». Baina hitzaldi hartan aitzindu bezala, euren ondorengoek ez dute soldaduskara joan beharrik izan. «30 urte pasatu dira eta oraingo gazteek ez dakite soldaduska zer den. Gauza batzuk galdu dira, eta bertzeak irabazi, baina soldaduska egin behar ez izatea kristoren lorpena izan zen».
«Kartzelara sartutakoan, askatasuna ezagutu nuen. Txaboloa euskal preso politiko batekin konpartitu nuen, eta patioan jende jauntzi aunitz tokatu zitzaidan. Hura askatasunaren unibertsitate bat izan zen niretzat»
Ez zen hori izan lorpen bakarra: «Gazteria mugiarazteko balio izan zuen. Aunitzentzat herrigintzan militatzen hasteko modu bat izan zen». Goñik bere kasua kontatu du: «Nik, kartzelara sartutakoan, askatasuna ezagutu nuen. Txaboloa euskal preso politiko batekin konpartitu nuen, eta patioan jende jauntzi aunitz tokatu zitzaidan. Hura askatasunaren unibertsitate bat izan zen niretzat».
Kartzelako egonaldiaren harira, drogaren bueltan egindako lanaz ere aritu dira: «Hiesaren garaia hasi berria zen. Sistemak espetxean ez zela drogarik erraten zuen, baina bazen, eta aunitz, heroina pila. Preserbatiboak banatzen hasi ziren, baina Hiesa ez zen sexu harremanengatik zabaltzen ari. Edozein gauza erabiltzen zuten droga sartzeko: boligrafoak, orratzak, modu txarrean konpartitutako xiringak… Sistemak bazekien, baina bertze aldera begiratzen zuen. Euskal Herrian hainbertze heroina izatea ez zen kasualitatea. Batetik, sistema zanpatzaileak euskal gazteria desaktibatzeko sartu zuen, eta bertzetik, kondena ttikiekin sartzen zen jendea bizi guzirako markatua ateratzen zen: gaitz kroniko batekin edo heriotzara kondenatua. Hori salatu eta Martuteneko espetxean xiringak banatzea lortu genuen. Hori guzia ikasketa prozesu bat izan zen».
Eta gaur egun zer?
Miresmenez mintzo dira orduko mugimenduaz, «oroitzapen onak» dituztela eta «hagitz harreman onak» egin dituztela erranez. Gaur egun, ordea, «gizartea orokorrean aldatu» dela eta «jendea pila bat erlaxatu» dela iruditzen zaie. «Alde batetik, haur guttiago dira. Gu ikaragarri kinto kopuru handiak ginen. 1972koak, adibidez, 80 bat izanen ginen Beran, eta 80an ehunera ailegatu ziren. Baina geroztik, beheiti egin du. Bertzetik, gizartea aldatu da eta bakoitza berera dago. Haurrak inoiz baino prestatuagoak daude, baina karrikako mugimendua falta da, zerbait lortzeko elkartzeko joera hori falta dute».
Horrekin batera, «intsumisioa gaurkotasuneko gaia» dela azpimarratu dute. Iratzokiren hitzetan, «mundua nola dagoen ikusita, gero eta kontentuago nago eman genuen pausoarekin eta egin genuen lanarekin. Mundua desmilitarizatu behar da eta gero eta argiago dut ze beharrezkoa den. Aldi berean, gaur egun hainbertze gauzetan intsumiso izan behar genuke».
Goñi ere uste berekoa da: «Hizkuntzari dagokionez, intsumisoa halakoaren aitzinean euskaraz solas egiten duena da, edo guk, beratarrak izanda, muga desegin beharko genuke».
«Espainia paradoxa bat da. Estatuko agintari gorena ezin da aukeratu eta bera da Espainiako armadako burua. Gure gizarte zanpatzaile hau militarki eta bertikalki egituratua da eta demokrazia antzerki hutsa da»
Bere irudiko, «arraza edo erlijio jakin batekoek ezin dutela muga pasatu erratea gezurra da. Beltza edo musulmana bazara eta hiru milioi euroko auto bat baldin baduzu, muga lasai ederrean pasatzen ahalko duzu. Afrikatik oinez edo txalupatan heldu direnak gelditzen dituzte, dirurik ez dutenak… Eta horren kontra lan handia egiten duten herritar horiek ere gaur egungo intsumisoak dira. Intsumisioa, azken batean, borroka tresna bat da». Goñiren ustez, «zanpaketa aunitzek oinarrian zanpaketa militarra dute. Gu zergatik gara espainolak? Eta korsikarrak zergatik frantsesak? Zer gertatzen ari da Palestinan, Kuban, Venezuelan…? Batzuk bertzeak zanpatzen ari dira. Eta Espainia paradoxa bat da. Estatuko agintari gorena ezin da aukeratu eta bera da Espainiako armadako burua. Gure gizarte zanpatzaile hau militarki eta bertikalki egituratua da eta demokrazia antzerki hutsa da».
Berako bestei begira
Kontuak kontu, aurten txupinazoa botatzeko aukera izanen dute. Iratzokik onartu duenez, «ez naiz jende aitzinean atera zalea, nahiago dut gibelean gelditu», eta Goñik «ni ere gero eta guttiago», erran du; «garai batean soberaxko ibilia naiz eta orain batere ez». Hala ere, abuztuaren 2ko eguerdian herriko etxeko balkoian izanen dira. Goñiren ustez, «urteak betetzeagatik txupinazoa botatzeak ez du meriturik, baina gazteek zerbait ikasteko baldin bada, ongietorria izan dadila. Gainera, Luka gonbidatuta, Palestinako aferarekin lotu dute, eta bete-betean asmatu dute».
Eta txupinazoa bota ondotik zer? Iratzokik «bestak lasai-lasai» pasatzeko intentzioa du: «Baditut 25 urte kanpoan bizi naizela eta lagunekin egoteko aitzakia da bestetan Berara etortzea. Lagunekin otordu eder bat egin eta gutti gehiago eginen dut; igual pilota partiduak ikusi eta herrikoen kontzerturen bat baldin bada harat joan, bakillak ere gustatzen zaizkit…». Goñik «besta ez eginaren damurik ez dugu», aitortu du, eta «13 eta 20 urte bitarteko lau seme-alabaren guraso izanda, eurei laguntza logistikoa ematea» tokatzen zaiela onartu du. Eta hortik goiti, «lagunekin otordu bat edo bertze, San Esteban egunean familiako bazkaria, ikastolako kantu bazkaria, ikastolako ostatuan txanda bat edo bertze… Baina ez dut neure burua estutzen. Lehen hagitz temosoa nintzen eta ekitaldi batzuk ez nituen galtzen. Orain, berriz, ez joanda ere, ez da deus pasatzen».
Egitarauari begira, euren gazte denboratik honat «ez dela aunitz aldatu» diote, baina bada zerbait berriz gustura ikusiko luketena: «Kukaña». Berako besten «bereizgarri» izan dela iruditzen zaie, eta biek onartu dute «pena» dela kukañarik ez izatea.