Bestak 2026

«Ilusio berezia egiten dit nire kartelak Berako bestak iragarriko dituela jakiteak»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 30a

Maddi Lasarte –ezkerrean– eta Julia Artieda, lehiaketan saritutako kartelak eskuetan. Argazkia: A. Abaloso.

Maddi LASARTE BARREDO, Egitarauaren azal lehiaketako irabazlea.

Hamabortz urte bete berriak ditu Maddi Lasarte Barredo beratarrak. «Lagunekin eta familiarekin egotea gustuko» du, eta bere afizio nagusiak «dantza eta musika» dira. Hala kontatu dio TTIPI-TTAPAri: «Betitik gustatu izan zait dantza eta nire familian ttikitatik izan dugu musikarekiko zaletasuna; zeharkako txirula eta panderoa jo izan ditut». Gure Txokoa dantza taldean ere ibiltzen da.

Ikasketei dagokienez, aurten DBH 3 bukatu du, eta aitortu duenez, «ikasturte desberdina» izan da beretzat. «Aldaketa ugari» izan dituelako dio hori: «Alde batetik, ikastetxez aldatu naiz, institutura pasatu naizelako. Bertzetik, irakasleak ere aldatu zaizkit, baita gelakideak ere». Baina ederki moldatu omen da: «Ikasturtea hagitz ongi joan da eta gelakideekin zein irakasleekin giro ona izan dut». DBHko azken ikasturtea eginen du heldu den urtean, eta hori bukatzean, Batxilergoa egiteko asmoa du. Eta gero gerokoak: «Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan». 

Orain, ordea, ikasketak alde batera utzita, udaz gozatzen ari da. Ba omen zuen oporrak hartzeko gogoa, «nekatua nintzelako». Eta udan «nire asmo nagusia ongi pasatzea da: lagunekin planak egitea, familiarekin bidaiatzea… Baina, batez ere, deskantsatzea».

Azal lehiaketa

Deskantsua bai, baina besta ere bai. Eta bereziki ate joka diren herriko bestetan. «Bestak ailegatzeko gogoz» dagoela onartu du, eta «gehienbat, lagunekin ekitaldietara eta kontzertuetara joateko» ilusioz dagoela. Baina dena ez da hori. Aurten badu bestei begira kontent egoteko bertze arrazoi estra bat; berea baita bestetako egitarauaren azalean ageri den irudia: «Ilusio berezia egiten dit nire kartelak bestak iragarriko dituela jakiteak».

Institutuan, «gelako lan bat egiteko» ideiarekin hasi omen zen dena: «Irakasleak, nahi zuenak, lana lehiaketara aurkezten ahal zuela erran zigun. Nik, egia erran, hasieran ez nuen aurkezteko intentziorik. Handik egun batzuetara, irakaslea hurbildu zitzaidan nire kartela aunitz gustatu zitzaiola erranez, eta berak animatu ninduen lehiaketan parte hartzera».

«Berako bestetan, ekitaldi desberdin aunitz izaten dira: danborrada, aurreskua, makil dantzak… Eta horregatik, ez nekien ze gai aukeratu, zein kolore erabili, letren diseinua…»

Zerbait «sinplea eta ez sobera kargatua egiten» saiatu zen. «Hasieran, ez nekien nondik hasi, ez nuen ideiarik. Berako bestetan, ekitaldi desberdin aunitz izaten dira: danborrada, aurreskua, makil dantzak… Eta horregatik, ez nekien ze gai aukeratu, zein kolore erabili, letren diseinua… Kartel bat egitea ez da erraza». Gaineratu duenez, «makil dantzari buruzko zerbait» egitea zerabilkien buruan, «nire herriko ohitura eta nire gustuko afizioa, dantza, elkartuz». Eta halaxe egin zuen.

Lehenbiziko aldiz parte hartu du lehiaketan, eta irabazi egin du: «Orain irabazle izan naizela ikusita, hurrengo urteetan ere parte hartzeko asmoa dut». Eta horren harira, «azal lehiaketa adin guzietara zabaltzea eskertu» du: «Esperientzia hagitz polita izan da, eta heldu den urtean jende gehiago animatzea gustatuko litzaidake».

Azal lehiaketa hizpide hartuta, ez du atzendua zinegotziak berria eman zion goiz hura: «Ernatu berria nintzen deitu zidanean. Amatxik hartu zuen telefonoa eta niri pasatu zidan, zinegotzietako bat zela erranez. Kartelari buruzko zerbait izanen zela espero nuen, baina ez nuen espero hamazazpi kartel horien artean nirea irabazle izanen zenik». Sorpresa handia izan omen zen: «Ez nuen espero. Parte hartzaile batzuk nor ziren ikusita, aukera guttiago ikusten nuen. Eta irabazlea nintzela erran zidanean, batez ere, poza sentitu nuen».

Lehiaketa irabaztearen truke, sari potoloa hartu du Berako gazteak, «diru aunitz», bere hitzetan . «Oraindik ez dakit zer eginen dudan sariarekin». Hala ere, hortik haratago joan nahi izan du eta «diseinuari garrantzi handiagoa» ematen diola esplikatu du: «Pozik handiena nire irudia Berako etxe guzietan egonen dela jakiteak ematen dit».

Orain, gaueko besta nahiago

Gainerakoan, bestetako «egun guziak politak» iruditzen zaizkio Lasarteri, baina aukeratzeko eskatuta, San Esteban egunaren alde egin du: «Giroa egun guzian izaten da eta egun hori, beratarrontzat batez ere, berezia izaten da. Banderaren dantza, bordondantza, makil dantza, aurreskua, bandaren kontzertua… Egun horretan zer ikusi edo zer egin izaten da. Baina batez ere, familiarekin elkartzeko aukera ematen duelako eta ekitaldiz betetako eguna delako gustatzen zait».

Maddi Lasarte Barredo ttikitan Berako bestetan. Argazkia: utzitakoa.

Eta ekitaldirik gustukoena zein ote du? Aukeratzea «zaila» egin bazaio ere, «aurreskua» aipatu du: «Dantzarien eta ikusleen artean sortzen den giroa ederra izaten da. Ttikitatik joan izan naiz ikustera eta betitik gustatu izan zait. Hala ere, egunero egiten den larrain dantza ere aunitz gustatzen zait, adin guzietako jendea biltzen delako».

Aipatu dituen ekitaldirik kuttunenak egunekoak ditu, baina onartu du «gaueko besta nahiago» duela, «lagunekin ongi pasatzeko aukera gehiago dagoelako eta nire adineko jendearentzat giro gehiago egoten delako».

«Nire familian herriko bestak eta ohiturak beti izan dira hagitz garrantzitsuak. Gurasoak beti ibili dira saltsaren batean»

Lehen, eguneko ekitaldietan

«Gaur egun, denbora gehiago lagunekin pasatzen dut bestetan», erran du. Baina haurra zenetik «bizi» izan ditu herriko bestak. «Nire familian herriko bestak eta ohiturak beti izan dira hagitz garrantzitsuak. Gurasoak beti ibili dira saltsaren batean: ama bandan eta abesbatzan ibiltzen da; atta, orain dela gutti arte, danborradako gidaria izan da, eta nire anaia eta ni, ttikiak ginenetik, erraldoien bueltan ibili gara». Badu orduko anekdota bat: «Ttikitan, azken egunean, beti erraldoiak agurtzera joaten nintzen, eta Lamiari nire txupeteetako bat eman nion». Eta haur denborako bertze «oroitzapen polit» bat ere kontatu du: «Gurasoen kuadrillekin elkartzen ginenekoa. Gurasoen blusak jaunztea gustatzen zitzaidan». Eta nola diren kontuak. Aurten berak berea estreinatuko du bere kuadrillarekin: «Gero Gerokuk gure kuadrillako blusa estreinatuko dugu». Ez hori bakarrik. Makil dantzak dantzatzen ere ibiliko da eta Gure Txokoa Dantza taldeko emanaldian ere parte hartuko du: «Lehen makil dantzak ikusten egoten nintzen, eta orain bertze modu batera bizi ditut: ez naiz ikuslea, dantzaria baizik».

Maddi Lasarte bere lagunekin, makil dantzetan. Argazkia: utzitakoa.

Eta bukatzeko, bere kartelaren aldeko botoa eman zuten «herritar guziei eskerrak emanez» borobildu nahi izan du, eta bidenabar, «bestak ongi pasatzeko» mezua bidali die beratarrei. Bisitariei, berriz, «Berako bestetara etortzeko gonbita» egin die: «Giro ederra izaten da. Adin guzietako jendearentzat bada zer egin eta hemengo ohiturak eta ekitaldiak ezagutzera etortzeko aukera paregabea da». Tartean ibiliko da bera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun