Eta noski, «ibilbideak egiteko, zubi tibetarra pasatzeko, jolastokian eta ur jolasetan aritzeko eta parkeaz disfrutatzeko aukera ere ematen du». Jendearen aldetik «erantzuna hagitz ona izan da, aldaketa handia izan da bezeroentzako, ordutegirik gabe aske ibiltzen direlako parkean».
Bisitariak «batez ere Euskal Herritik eta ingurutik etortzen dira, eta talde aunitz izaten ditugu. Deskontuak eskaintzen ditugu 15 pertsonatik goitiko taldeentzako eta sarrera lehenagotik Internetez hartzen dutenentzako. Gainera, horri bertze % 10eko deskontua gehitzen diote eskualdeko herritarrek: Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko jendeari zuzendua».
Parkeko jarduerez gain, «alojamendua ere eskaintzen dugu, urte osoan irekia. Alde batetik aterpea dago, 17 logelekin, eta bertzetik mendian sakabanatuak 20 borda. Lehen asteburuetan bakarrik irekitzen genituen baina aurten asteartetik igandera egunero». Ekitaldiak ere egiten dituzte, «eta ezkontzak zuzenean gurekin erreserbatzeagatik aukera ematen dugu gonbidatuek aterpean lo egiteko dohain, edo 50 plazako autobus bat paratzen diegu gure kontu».