Arantzako Ekaitza Elkarteak antolatu du eta joan den apiril erditsuan zabaldu zuten izena emateko epea. Hain zuzen, ortzirale eguerdian, maiatzaren 15ean, bukatuko da aitzinetik online izena emateko epea. Internetez inscripciones.nafarmendi.org atarian ematen ahal da izena. Online apuntatuz gero, 15 euro ordaindu beharko dira. Baina egunean bertan ere izanen da apuntatzeko aukera, bi euro gehiago ordainduta, 17 euro. 06:30etik 08:00etara plazan ematen ahal izanen da izena. Bertzalde, Ekaitza Elkarteko bazkideek bi euro guttiago ordaindu beharko dituzte.
28 kilometro eskas
Ibilbidea azken urteotako iguala izanen da. Mendizaleek 27,9 kilometro eta 1.600 metroko malda duen buelta egin beharko dute. Irteera 07:00etatik 08:00etara izanen da, eta plazan helmugaratu aitzinetik, Itsaszelaieta (515 m), Izu (829 m), Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m), Illurdi (1.075 m), Mairubaratza (750 m) eta Bulatxikitik (568 m) pasatu beharko dute. Bidean, hainbat kontrol puntu ere izanen dira; baita osasun langileak, jatekoa eta edatekoa ere. Bukaeran, berriz, parte hartzaile guziek oroigarria hartuko dute eta haientzat luntxa ere emanen du Ekaitza Elkarteak.
Bertzalde, antolatzaileek oroitarazi dutenez, ez dute plastikozko basorik banatuko eta bakoitzak berea eraman beharko du. Eta bertzetik, 14 urtetik beheitikoek buelta heldu batekin egin beharko dute.