«Mendia eta natura gustatuz gero, buelta ederra da Arantzako Mendi Itzulia»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 9a

Ixabel Danboriena eta Imanol Lukanbio mendi itzuliko kartela eskuetan.

Ixabel Danboriena Danboriena eta Imanol Lukanbio Larretxea, Arantzako Ekaitza Elkarteko kideak

Maiatzaren 17an Arantzako XII. Mendi Itzulia eginen dute. Izen ematea irekia dutela eta, animatzeko deia egin diete mendizaleei.

Igande honetan zortzi eginen dute Arantzako Mendi Itzulia, maiatzaren 17an. Aurtengoa hamabigarren edizioa izanen da eta hitzordua antolatu duen Ekaitza Elkartea azken xehetasunak lotzen ari da. Orain arteko bidea, aurtengo edizioa... Ekaitza Elkarteko Ixabel Danboriena Danborienak eta Imanol Lukanbio Larretxeak eman diote horren berri TTIPI-TTAPAri.

Bidea

2003an hasi zen dena, urte hartako ekainaren 8an egin baitzuten lehenbiziko aldiz Arantzako I. Mendi Itzulia. Heldu den urtean berriz egitea erabaki zuten, baina hirugarren edizioan aldaketa etorri zen: «Urtero antolatu beharrean, bi urtetik behin egitea erabaki zen. Eta hala, hirugarrena 2006an izan zen». Hala adierazi dute Lukanbiok eta Danborienak. 

«2010ean 700 lagunetik goiti hurbildu ziren mendi itzulia egitera»

Izan duen bilakaeraz galdetuta, «orokorrean hagitz erantzun ona» izan duela esplikatu dute: «Eguraldiak aunitz baldintzatzen du jendearen parte hartzea, baina egia erran, hagitz urte onak izan dira». Urterik hoberena 2010ean ezagutu zuten: «700 mendizaletik goiti hurbildu ziren itzulia egitera. Hura jende pila... Eta bi urte lehenago 500 bat mendizale etorri ziren, 2014an 570 bat...». Duela bi urtekoa, berriz, makurrena izan zen: «Arront eguraldi txarra iragarria zen eta 200 lagun eskas etorri ziren». 

Bertzelako aldaketak ere izan dira. Konparazio batera, ibilbideari dagokionez, «hasierako edizioetan Unanuko kaskoa ibilbidearen barrenean izaten zen, eta Mendaur aukerakoa. Azken mendi itzulietan, ordea, bi gain horiek ez dira sartzen». Horrekin batera, «2014an itzulia aldrebeseko noranzkoan» probatu zutela gaineratu dute, eta 2016ko edizioa «seinalatua» izan zela ere erran dute: «Urte hartan aste hondar konpletoa izan zen: larunbatean, lehenbiziko aldiz, mendi lasterketa, eta igandean, mendi itzulia. 2020an, berriz, ez zen itzulirik egin, pandemia zela eta, baina gainerakoan, bi urtetik behin egiten dugu; urte batean itzulia, eta hurrengoan lasterketa, txandaka, eta Ekaitza Elkarteak hartzen du antolatzeko ardura». 

Maiatzaren 17an hitzordua

Aurtengoari begira, «joan den urte hondarrean» hasi ziren prestatzen, eta apirilaren 16an zabaldu zuten kartela, baita izena emateko epea ireki ere. «Eta jendea apuntatzen ari da», aipatu dute. Oraindik apuntatu ez direnei, berriz, «Arantzako parajeez gozatzera etortzeko» gonbita egin diete: «Arantzako Mendi Itzuliak inguru ederraz gozatzeko aukera ematen du, eta mendian ibiltzea eta natura gustatuz gero, animzte!». 

Izen ematea

Internetez inscripciones.nafarmendi.org atarian ematen ahal da izena. Maiatzaren 15a baino lehen online apuntatuz gero, 15 euro ordaindu beharko dira eta egunean bertan 17 euro. Hortaz gain, aldi honetan, «Ekaitza Elkarteko bazkideak nolabait saritu» nahi izan dituzte, eta hala, «Ekaitza Elkarteko bazkideek bi euro guttiago ordaindu beharko dituzte». Egun berean izena eman nahi dutenek 06:30etik 08:00etara egin behako dute plazan.

«Maiatzaren 15era arte apuntatzen ahal da Internetez; bertzela itzuliaren egunean»

Ibilbidea azken urteotako iguala izanen da. Mendizaleek 27,9 kilometro eta 1.600 metroko malda duen buelta egin beharko dute. Irteera 07:00etatik 08:00etara izanen da, eta plazan helmugaratu aitzinetik, Itsaszelaieta (515 m), Izu (829 m), Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m), Illurdi (1.075 m), Mairubaratza (750 m) eta Bulatxikitik (568 m) pasatu beharko dute. «Bidean, hainbat kontrol puntu izanen dira; aurten, lehenbiziko aldiz, Bulatxikin ere bai, eta horretaz gain, osasun langileak, jatekoa eta edatekoa ere izanen dira». Bukaeran, berriz, «parte hartzaile guziei oroigarria eta luntxa emanen diegu». 

Maiatzaren 17ko hitzorduari begira, bertze ohar pare bat ere egin dituzte, mendizaleek kontuan izateko: «Alde batetik, ez dugu plastikozko basorik banatuko eta bakoitzak berea eraman beharko du. Eta bertzetik, 14 urtetik beheitikoek buelta heldu batekin egin beharko dute».  

Mendizaleei apuntatzeko deia, eta laguntzaileei, berriz, «esker onak». Lukanbioren eta Danborienaren hitzetan, «mendi itzulia Ekaitza Elkarteko juntak antolatzen du, baina hau ez litzateke posible izanen laguntzailerik eta boluntariorik ez balitz. Jende aunitz mugitzen du itzuliak, eta lerro hauen bitartez, denei eskerrak eman nahi dizkiegu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun