Ortzegun goizean hasi zituzten inauteak aranztarrek (ikusi hemen ortzeguneko argazkiak). Eta ortziralean eta larunbatean ere izan zuten bestarako aitzakia ederra.
Ortziralean, eskolako neska-mutikoak puxka-puxka eskean ibili ziren etxez etxe eta baserriz baserri, eta mozorro zuriak, berriz, herrian barna ibili ziren eskean. Arratsean, bertso afariaren txanda ailegatu zen, eta Xabat Illarregi eta Sebastian Lizaso bertsolariekin 120 bat lagun bildu ziren. Ondotik, Beñat Mitxelenarekin dantzaldia izan zen gorapean eta besta goizaldeko ordu ttikiak arte luzatu zuten.
Larunbat goizean, eskolako haurrak izan ziren goiztiarrenak, Eguzkialdea auzora joan baitziren eskean ibiltzera. Bitartean, eguerdi aldera Goiko Karrikan herritarrak euren mozorroekin eta karrozekin agertzen hasi ziren. Arratsaldean, mozorro zuriek, haurrek, gazteek eta helduek denek elkarrekin kalejira egin zuten, eta kalejira bukatutakoan, txokolatea banatu zuten plazan.
Ondotik, jendea frontoian bildu zen, mozorro zurien herri kirol saioaz gozatzeko. Halere, hori baino lehen, mozorro zuriek Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilariei omenaldia egin zieten. Gregorio Mitxelena –Beñat eta Andoniren attak– aurreskua jo zuen akordeoiarekin eta Leire, Marta eta Ekiñek aurreskua dantzatu zieten. Segidan, oroigarri eta zapel bana eman zieten bi anaiei. Mozorro beltzek ere ez zuten hutsik egin, eta hauek ere karroza eta guzi, hantxe agertu ziren frontoian saltsa paratzera.
Bertzalde, zozketako sarituak Geno Otxoteko, Jesus Mari Ansa eta Beñat Bergara izan ziren.