Mozorro zuriak 08:30 aldera bildu dira Primi ostatuan gosaltzeko, eta 11:00 aldera, eskolako ikasleengana joan dira. Euriagatik frontoian bildu dira Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin eta irakasleekin, eta bizkarrekoak paratu ondotik, dantzan aritu dira, Beñat eta Andoni Mitxelena musikarien erritmora. Horren ondotik, ikasleak eta irakasleak frontoian gelditu dira, urtero bezala herri kiroletan aritzeko. Mozorro zuriak, berriz, frontoitik eskolara joan dira, eta Haur Hezkuntzakoekin dantzan aritu dira.
Bisitaren ondotik, mozorro zuriak baserrietara abiatu dira eta hala pasatuko dute eguna, puxka-puxka baserriz baserri. 21:30 aldera herrira bueltatuko dira eta afaria izanen dute Primi ostatuan. Bertzalde, emakumeen afaria Burlada jatetxean izanen da.
Otsailak 6, ortziralea, Buzo Urdinaren eguna
Egun osoan eskolako haurrak Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea auzoetan baserriz baserri eta herrian etxez etxe eskean ibiliko dira. Mozorro zuriak, berriz, 09:00etan gosaltzeko bilduko dira Primi ostatuan eta 11:00etatik aitzinera, herrian puxka-puxka ibiliko dira. 15:30ean mozorro zurien bazkaria izanen da Pabloenea jatetxean. Ilunabarrean, mozorro ttikiei ongietorria eginen diete. 21:00etan bertso afaria izanen da Sebastian Lizaso eta Xabat Illarregirekin Aterpean eta 01:00etatik aitzinera Belfast taldearekin musika gorapean.
Otsailak 7, larunbata
Goizean eskolako haurrak baserriz baserri Eguzkialdea auzoan eskean ibiliko dira eta mozorro zuriak 14:00etan bilduko dira bazkaltzeko, Burlada jatetxean. Arratsaldean haur, gazte eta heldu mozorrotuen kalejira izanen da musikariekin eta txokolatea ere banatuko dute. Ilunabarrean mozorro zuriek herri kirol saioa eginen dute frontoian eta ondotik Ekaitza Elkartera joanen dira afaltzera. 00:30etik aitzinera Gabezin taldearekin dantzaldia izanen da gorapean.