Inauteak 2026

«Haurra nintzenean mozorroek beldurra ematen zidaten»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 4a

Maiana Sein —ezkerretik hasita hirugarrena— Igantziko gazteen juntako kideekin.

Maiana SEIN ARBURUA, Igantziko gaztea

Inaute soinua da nagusi batean eta bertzean eta Igantzin ere dena prest dute otsailaren 6an eta 7an ospakizunetan murgiltzeko. Mozorroak dira Igantziko inauteetako protagonistak, eta mozorro gisa ateratzen den gazteetako bat da Maiana Sein.

Haurra zela beldurrez begiratzen zien mozorroei, eta gauzak zer diren, mozorro ateratzea izugarri gustatzen zaio orain. Herriko ekintzetan parte hartzea gustatzen zaio Seini, «lagunekin bada hobe!» eta herriko gazteen juntako kidea denez, inauteriak antolatzen ere ari da.

Inauteen antolaketan murgilduta daude orain, nahiz eta onartu duen ez dela «lan handirik» izaten: «Ibilbidea errepasatu, aldaketa ttikiren bat dagoen ikusteko, bizpahiru etxetan emanen duten eskertzeko saria prestatu eta zozketako sariak lotu». Azken urteetako ibilbidea eginen dute aurten ere: «Larunbatean jendeak mozorrotzeko ohitura hartu du, eta etxe aunitzetara joatean ez da inor izaten. Horregatik, jenderik ez dagoen etxeetan sobera  gelditu gabe, ahalik eta lasterren joanen gara herrira».

«Badugu ohitura Arantzako inauteetara joateko»

Ohiko programa da prestatu dutena. Lehen larunbat arratsean musika taldea izaten zuten baina hori kendua dute: «otsaila da, hotza egiten du, eta egun osoa kanpoan emanda, lotura handia litzateke larunbat arratserako musika saio bat antolatzea». Horregatik, dagoeneko ez dute musikarik antolatzen, baina hala ere ez dira etxean gelditzen: «Aunitzetan Arantzan data berean izaten dira inauteak eta guk geuk ere badugu Arantzara joateko ohitura!».

Auzoz auzo eskean

Larunbat arratsaren aitzinetik, ordea, zer egin eta zer jan izanen dute, eta horretarako ortziralean eskolan izaten dute lehen hitzordua. «Txupinazoa botako dugu eskolan eta haurrekin eskolan egon ondotik hasten dugu bidea». Lehen geldialdia Berrizaun auzoan, Igantziko Bentetan izaten dute, eta handik Frainera kotxez igo eta oinez egiten dute bidea: «Trikitilari eta pandero jole bikote bat izaten dugu gurekin, eta musikak ematen duen alaitasun horrekin oinez ibiltzen gara». Frainetik Piedadeko etxe batzuetara, eta gero herrira jaisten dira, eta Sarrola auzoan bukatzen dute eskea.

Eta biharamunean ere eskean. «Goizean goiz hasten gara, goizegi!». Irisarri izaten dute lehen auzoa, «gustukoena niretzat», eta handik herrian Unanu, Piedadeko bigarren zatia eta herriara jausten dira. «Azken urtetan pintxoak eskaintzen dizkiegu herritarrei  estankoan gure kontu, eta zozketa ere egiten dugu. Afaldu, eta tokatzen den lekura joaten gara bestara».

«Ez zaizkit erositako mozorroak gustatzen»

Hamasei urte beteak izatean hasten dira mozorro ateratzen igantziarrak eta lehen urte horren oroitzapen ona du Seinek, «kristoren gogoa» baitzuen ateratzeko. «Haurra nintzela beldurra ematen zidatenek mozorro izaten segitzen zuten, baina harremana diferentea zen. Handik urte batzuetara horiek mozorro izateari utzi ziotenean kristoren pena hartu nuen!».

Izan ere, horixe da bizi legea, denborak aitzinera egitea eta behin gazteenak izan zirenak, orain beterano papera hartzea egokitzen zaie. «Harrera ona egiten diegu berriei, baina lan pixka bat ere izaten dute. Poltsaren ardura izaten dute, jendeari zozketako txartelak banatzearena eta dirua gordetzearena. Inon idatzi gabeko legea da, baina beti betetzen duguna!» Bildutako dirua inauteak eta bestak antolatzeko erabiltzen dute gazteek ondotik.

Igantzikoen ondotik, herriz herri

Igantziko inauteak «hasiera» bertzerik ez dira gero heldu diren inauteentzako. «Gu normalean Lesakara joaten gara,  bada Doneztebera eta astelehenean Berara joaten denik ere. Hemen ingurukoetan ibiltzen gara».

Inaute horietarako, ordea, jauntzia prestatu beharko dute, baina langintza hori ere gogoz hartuko du igantziarrak: «Ez zaizkit erositako mozorroak gustatzen», kontatu du. Gehiago ere bai: «Neure buruari paratua diodan baldintza da mozorrorik ez erostea». Etxeko kutxetan begira ibilita sortzen ditu, beraz, mozorroak. Eta orain arte egindakoen artean Frida Khalorena etorri zaio burura: «Etxeko lau tela hartu, eta plastikozko lore batzuekin koroa gisako bat egin nuen eta  eta hagitz errealista gelditu zen». Aurtengo inauteetarako, ordea, ez du deus prestatu oraindik. 

Mozorroa egiten eta pentsatzen hasi aitzinetik, ordea, Igantziko jauntzia atera eta bi egunez herritarrez eta musika doinuez gozatzen ariko da, eta gero gerokoak!

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun