Inauteak 2026

Igantziarrak ere prest dira inauteak ospatzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 4a

Ortziraleko eskearekin emanen diete hasiera, eta larunbatean egun osoko besta izanen dute. Heldu den ortzegunean neska-mutikoak izanen dira protagonistak.

Otsailak 6, ortziralea

09:00 aldera bilduta, egun osoan gazteak etxez etxe eskean ibiliko dira, musikarien laguntzarekin. 17:00etan guraso elkarteak antolatuta, Mugi Dubi Doo ikuskizuna izanen dute (dantzak, musika, jokoak, malabareak...). Ondotik merienda banatuko du guraso elkarteak. Arratsean eskean aritu direnek afaria eginen dute Biltoki elkartean.

Otsailak 7, larunbata

08:00 aldean hasita, gazteak etxez etxe eskean ibiliko dira, musikarien laguntzarekin. Eguerdian, alde batetik, guraso elkarteak antolatutako bazkaria izanen da eskolako jantokian (helduen menua 38 eurotan eta haurrena 15 eurotan). Eta bertzetik, Baratzondo elkartekoak ere bazkaltzeko bilduko dira. Horrez gain, bazkalondoan, musika izanen dute. 18:00etatik 21:00etara musika izanen da guraso elkartearen eskutik. Ilunabarrean gazteek zozketa eginen dute eta hiru sari banatuko dituzte.

 
Otsailak 12, ortzeguna

Goizean, mozorroak soinean dituztela, eskolako neska-mutikoak etxez etxe eskean ibiliko dira: Haur Hezkuntzakoak herrian barna, 1. ziklokoak Piedade eta Frain auzoetan, 2. ziklokoak Sarrola eta Berrizaun auzoetan eta 3. ziklokoak Irrisarri auzoan eta bidean diren etxeetan. Arratsaldean guraso elkarteak merienda prestatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun