Zetak taldea, prozesioa, martzianoak, alarde mistoa, drag queenak, Arantzako erietxea, tribu basatia, loreontzia eta lorezaina... Mozorroen zerrenda luzea dute Iñaki Alustiza, Belen Mutuberria, Edurne Iparragirre, Beatriz Taberna, Gorka Goñi eta Maixe Oskoz aranztarrek. Duela urte batzuk hasi ziren elkarrekin mozorrotzen, «seme-alabak koskortu ahala, inauteak ilusio gehiagorekin hartzen» hasitakoan. Hasieran, «jende gehiago» omen ziren, baina azken urteotan sei dira hasierako ilusio hari kontzen diotenak: «Adin guziek badute bere xarma eta ongi pasatzeko aukera».
Arantzako inauteetan, larunbata da mozorrotzeko eguna, eta horixe da seikotearentzat «egun handia»: «Goizean mozorrotu, bazkal aitzinetik poteoa egin, Pabloenean bazkaldu eta ongi pasatu». Eguneko besta dute gustukoena, «dudarik gabe», eta hala egiten dute: «Goizetik hasten gara, eta ilunabarrean, kanpotik gazteak etortzen direnean, haiei lekua uzten diegu».
Mozorro klase aunitz plantatu dituzte urteotan, baina horien artean «bereziena prozesioa» izan omen zen: «Ama Birjin bizidunarekin atera ginen. Gainera, konfinamendu aitzinetik izan zen, eta gurea izan zen urte hartako prozesio bakarra». Mozorroak aunitz, eta anekdotak ere «aunitz». Aitortu dutenez, «batzuk ezin dira kontatu. Baina bat errateagatik, drag queenez egin ginenean, plataformadun zapatekin ibili ginen, eta gutako batek, egun osoa xutik iraun ondotik, eguna bukatzean, etxe atarian zipotu eta atakaren kontra zartako latza hartu zuen».
«Ongi pasatzera eta disfrutatzera ateratzen gara»
Aurtengo mozorroarekin ere ari dira. «Normalean, urte berriarekin hasten gara pentsatzen eta azken momentuan ez badugu aldatzen, aurten nazioartekoak izanen gara». Edozein moduz, mozorroa bata edo bertzea izan, helburua argi dute: «Ongi pasatzera eta disfrutatzera ateratzen gara». Eta hori gogoan aterako dira aurten ere, maite dituztelako inauteak, baita protagonistak ere: «Mozorro zuriak artistak dira eta mozorro beltzak nahitaezko pertsonaiak». Haien irudiko, «mozorro zuriak, mozorro beltzak, jende aunitz erakartzen duen herri nortasun berezia... horiek dira Arantzako inauteak berezi egiten dituztenak».
Bidenabar, «adin guzietako jendeari inauteetan parte hartzeko» deia egin diote: «Eguneroko formaltasunetik atera eta paratu edozein zapel, peluka edo zapi eta bizia eman buruari eta gorputzari. Inauteak dira eta mozorroak mozorro, bertzerik gabe». Beraz, «elkar errespetatu eta ongi pasatu!».