Inauteak 2026

Aranztarrek ortzegunetik larunbatera ospatuko dituzte inauteak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 3a

Mozorro zuriek ortzegun goizeko gosariarekin emanen diete hasiera inauteei. Hortik aitzinera, inaute giroan bete-betean sartuak ibiliko dira Arantzan. 

Otsailak 5, ortzeguna
08:30ean mozorro zuriek gosaria eginen dute Primi ostatuan eta 11:00etan, eskolako ikasleekin bilduko dira. Bizkarrekoak paratu ondotik, dantzan ariko dira elkarrekin. Ondotik, mozorro zuriak baserriz baserri puxka-puxka ibiliko dira Beñat eta Andoni Mitxelena musikariekin. 21:30ean mozorro zuriek afaria eginen dute Primin. Bertzalde, emakumeen afaria Burlada jatetxean izanen da.
 

Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilariak joan den urteko Arantzako inauteetan. 

 
 
Otsailak 6, ortziralea, Buzo Urdinaren eguna
Egun osoan eskolako haurrak Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea auzoetan baserriz baserri eta herrian etxez etxe eskean ibiliko dira. Mozorro zuriak, berriz, 09:00etan  gosaltzeko bilduko dira Primi ostatuan eta 11:00etatik aitzinera, herrian puxka-puxka ibiliko dira. 15:30ean mozorro zurien bazkaria izanen da Pabloenea jatetxean. Ilunabarrean, mozorro ttikiei ongietorria eginen diete. 21:00etan bertso afaria izanen da Sebastian Lizaso eta Xabat Illarregirekin Aterpean eta 01:00etatik aitzinera Belfast taldearekin musika gorapean.
 
 
Otsailak 7, larunbata
Goizean eskolako haurrak baserriz baserri Eguzkialdea auzoan eskean ibiliko dira eta mozorro zuriak 14:00etan bilduko dira bazkaltzeko, Burlada jatetxean. Arratsaldean haur, gazte eta heldu mozorrotuen kalejira izanen da musikariekin eta txokolatea ere banatuko dute. Ilunabarrean mozorro zuriek herri kirol saioa eginen dute frontoian eta ondotik Ekaitza Elkartera joanen dira afaltzera. 00:30etik aitzinera Gabezin taldearekin dantzaldia izanen da gorapean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun