Berdintasun Zerbitzuak antolatu du Puntu Morea eta 19:00etatik 00:00etara paratuko dute karpa plazan. Helburua «herritar denak indarkeria matxistaz eta sexistaz kontzientziatzea da» eta emakume, neska gazte zein LGTBIQ+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak ere bildu dituzte.
Horrez gain, eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko baliabide eta tresnak eskainiko dituzte, eta gizonak eta mutilak ohartarazteko gunea ere izanen da. Berdintasun Zerbitzuak arduraz eta errespetuz jokatzeko deia egin herritarrei. «Gogorarazi nahi dugu ezerk ez duela inolako eraso edo indarkeria matxista justifikatzen».
Larunbataz aparte, indarkeria matxistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazi edota baliabideen berri izan nahi dutenek Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua jo dezakete: berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidean edo 722 69 30 78 zenbakian.
Bestabusa ere bai
Puntu Moreaz aparte, Bortzirietako bertze herrietatik Igantzira modu seguruan joateko autobusa antolatu du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Autobus bat Beratik atera eta Lesakatik eta Etxalartik pasata Igantzira joanen da, eta bertzea Arantzatik Igantzira zuzenean. Txartelak 5 euroko prezioa izanen du
Ordutegiari dagokionez, Beratik 20:45ean eta 22:15ean aterako da autobusa, Lesakatik 21:00etan eta 22:30ean eta Etxalartik 21:15ean eta 22:45ean pasako da. Itzulerakoa, berriz, 04:00etan, 05:00etan eta 06:30ean aterako da.
Arantzatik autobusa 21:00etan, 22:00etan eta 23:00etan aterako da eta itzulerakoa 03:30ean, 04:30ean eta 06:00etan.
Mankomunitateak oroitarazi du adin txikikoen arduradunak gurasoak izanen direla, eta erabiltzaileei jakinarazi die autobusa betez gero geltokian itxoiteko, berriz ere bueltatuko baita autobusa soberan dagoen jendea hartzera.