Besten aitzineko asteburuan, frontenis, mus eta partxis, toka eta ajoarriero txapelketak ere jokatu dituzte
Larunbatean gosaria egin zuten Mukiegiko ehizturien bordan. Aitzinetik, toka txapelketa jokatu eta lehenbiziko saria Jose Jabier Telletxeak eraman zuen.
Herrian bitartean, frontenisean heldu eta gazteen finalak jokatu zituzten. Helduetan, Mikel Urtxegik eta Urtzi Loiartek 30-23 irabazi zieten Lander Etxenikeri eta Aimar Zamorari. Gaztetxoetan, berriz, Nahia Almandozek eta Urko Telletxeak 22-17 irabazi zieten Iraia Petrikorenari eta Danel Urtxegiri. Nagusiek, bazkaria izan zuten Biltokin.
Baratzondo elkartean ere mus eta partxis txapelketa antolatua zuten. 8 bikotek parte hartu zuten musean eta 5 bikotek partxisean. Museko irabazleak Joxean Ortega eta Mattin Altxu Ortega izan ziren eta partxisean, berriz, Anuntxi Txoperena eta Kontxita Vicente. Ilunabarrean herriko dantza taldeak urtero bezala, saio ikusgarria eskaini zuen.
Ajoarriero eta gazta lehiaketak igandean
Igandean, berriz, ajoarriero txapelketarekin hasi zuten goiza. Sukaldariak egindako lanak dastatu eta herri bozketak lehenbiziko saria Iñigo Almandozi eta Imanol Retegiri eman zien. Ondotik, Gazta lehiaketaren txanda izan zen eta epaimahaikideek hala erabakita, Bordazabaleko Frantxiska Apeztegiarena izan zen gaztarik onena. Bigarren saria Justa Seinek eraman zuen eta hirugarrena Enkarna Etxeberriak. Arratsaldean herriko trikitilari gazteek ere karrikabuelta egin zuten kankailu eta buruhandiekin batera, karrikak musika alaiez betez. Ondotik beraien emanaldia ere egin zuten eta amaitzeko merezitako otordua.
Igandeari akabaila emateko Anuntxi, Txipi, Beñat eta Korpusek prestatutako opilak eta goizean txapelketan parte hartutako gaztak dastatzeko aukera izan zen. Aski goxoak guztiak.