Larunbatean, hilaren 30ean eginen dute krosa 18:00etan hasita, eta Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparako puntuagarria izanen da. Agerrako auzotarrek antolatu dute, Manttale Mendi Lasterketa Taldearen laguntzarekin.
Lasterketa 18:00etan hasiko da, eta parte hartzen lehenak haurrak izanen dira. Ttikiek 150 metro osatu beharko dituzte, aurrebenjaminek 300 metro, benjaminek 400, kimuek 800 eta infantilek, berriz, 1.200 metro.
Haurren txandaren ondotik, 18:30ean aterako dira helduak. Irteera bateratura eginen dute juniorrek, seniorrek eta beteranoek, nahiz eta distantziak diferenteak izan.
Juniorrek bi itzuli emanen dizkiote auzoa inguratzen duen zirkuituari, denera 2.900 metro osatuz, seniorrek eta beteranoek, berriz, 5.8000 metro egin beharko dituzte lau itzulitan.
Izen ematea probaren egunean bertan egiten ahalko da irteera gunean eta debaldekoa izanen da. Proba bukatzean, berriz, sari banaketa eginen dute.
Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopako sailkapena
Agerrako krosa kopako laugarren proba puntuagarria izanen da. Egun, Aritz Arratibel eta Ane Elzaurdia dira liderrak hiru lasterketa jokatu eta gero. Arratibel gizonezkoen liderra da 280 punturekin, Hodei Lujanbio goizuetarraren (265) eta Gwendal Larque beratarraren (245) aitzinetik.
Emakumezkoen kategorian, berriz, Ane Elzaurdia beratarrak irabazi ditu hiru lasterketak eta bera da liderra 300 punturekin. Bigarrena Amaia Jorajuria doneztebarra (270 puntu) da eta hirugarrena Amaia Etxarte doneztebarra (170).
Taldekako sailkapenari dagokionez, Eziñin lehena da lehenengoa 468 punturekin, Xerpak bigarrena 377rekin eta Zerbezeruk hirugarren 372 punturekin.