Bestak 2025

«Herriak ikastolari egindako aitortza da txupinazoa botatzea»

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 31

Klara Rouget ikastolako gurasoa eta lehendakaria da; Ixa Ordoñez sortzailea eta guraso ohia eta Mikel Altzuri zuzendaria eta ikasle ohia,

Mikel Altzuri, Clara Rouget eta Ixa Ordoñez, Berako Labiaga ikastolako komunitateko kideak

50. ikasturtea bete du Labiaga ikastolak, mende erdia, eta urteurrena modu berezi batean borobilduko dute bestetako txupinazoa botaz. Urte osoan izan dute presente urteurrena eta hainbat ekitaldi egin dituzte: kontzertuak, ikuskizunak, sagardotegira irteera, oihanaren landaketa

Ikastolari berari eta ikasturte bereziari buruz solastatzeko hiru lagun elkartu dira mahaiaren bueltan Ttipi-ttaparekin: Mikel Altzuri zuzendaria eta ikasle ohia, Clara Rouget gurasoa eta ikastolako lehendakaria eta Ixa Ordoñez ikastolako sortzailea eta lehendakari ohia. 

Aho zapore onarekin ospatu dute urteurrena ikasturte osoan, eta hobearekin borobilduko dute abuztuaren 2an. «Ez genuen txupinazoa botatzea espero», hasi du azalpena Altzurik. «Guk txupinazoa botatzea herriak proposatu izana, ikastolaren ibilbideari aitortza da», borobildu Rougetek. Urteurrenean iraganari begira, baina batez ere etorkizuna buruan aritu dira ikastolako kideak, eta txupinazoko momentuan ere horixe izanen dute helburu: «Herriko etxeko pleno aretoan ikastolako sortzaileak, lehen belaunaldiko gurasoak, gaur egungo batzordea, mantentze lanetako taldeko kideak eta aurten ikastola utziko duten DBH 2ko ikasleak elkartuko gara, eta azken horiek botako dute txupinazoa». 

Ikastolaren urteurrena ospatzeko egindako Jostaldia ikuskizuna.

50 urte bete arteko bidea luzea eta batzuetan korapilatsua izan da. Mahaiaren bueltan elkartu diren hiruen artean Ordoñez da bakarra ikastolaren ibilbidea hasieratik ezagutzen duena: «Pio Barojaren omenaldi baten bueltan aste kultural bat antolatzeko gazte talde bat elkartu ginen, lesakarrak eta beratarrak, eta pentsatu genuen ikastola bat nahi genuela», hasi du azalpena Ordoñezek. «Francoren denbora zen, eta dena zegoen debekatua». Hala ere, poliziari bazter eginda, mintzaldi bat egin zuten Garaikoetxea, Satrustegi eta San Fermin ikastolako zuzendariarekin, eta hortxe ernaldu zen ikastolaren lehen hazia. 
Hasiera hartan gurasoek zuten «inplikazio handia» oroitu du: «Beran segidan hartu zuten parte, eta agudo zabaldu zen ikastola. Guraso aunitzek lan egin zuten ikastolan eta ikastolaren alde, eta pausoka-pausoka gauza aunitz lortu ziren. Parte hartze handia izan zen herrian», oroitu du.

«1983ko Nafarroa Oinez hagitz polita izan zen, sekulako arrakasta izan zuen, eta Bera euskaldunez bete zen»

Ixa ORDOÑEZ

Ikastola hasteko, udalak herriko etxeko gela bat utzi zion eta han hasi zen Labiagaren ibilbidea.«Eliza alde genuen, eta berea zen Lagun Etxea utzi zigun eta han auzolanean moldatu genituen gelak», segitu du azalpena. Ondotik, gaur egun Altzaten erabiltzen duten eraikina utzi zien udalak, lehengo eskola zaharra. «Akordio polit bat egin zuen udalak eta hor agertzen zen beti euskarazko hezkuntza bermatzeko baldintzarekin uzten zutela eskola». Gerora, Altzateko eraikinaz gain, Eztagarako eraikina egin zuten 1997an, Nafarroa Oinezen bildutako diruari esker. 


50 urteetan hainbat mugarri bizi izan dituzte. Ikastolak antolatutako hiru Nafarroa Oinezen inportantzia nabarmendu dute: «1983koa hagitz polita izan zen, sekulako arrakasta izan zuen, eta Bera euskaldunez bete zen», oroitu du Ordoñezek. 1994koa, aldiz, «hagitz gogorra» izan zen Altzuriren eta Ordoñezen hitzetan. 2006an egin zuten azkenekoz ikastolen aldeko besta Beran, eta bildutako dirua ikastolaren egoera hobetzeko erabili zuten. Izan ere, Altzurik oroitu du, garai gogorra izan zela 1996 eta 2006 artekoa Labiagarentzat: «EGB bukatu eta DBH paratu zen martxan, eta urte aunitz ibili ginen borrokan DBHko etapa denak ikastolan emateko». Tarte horretan, «modu alegalean» ibili zirela kontatu du, eta ikastolak asumitu zuela «kostu ekonomiko dena». Azkenerako, «DBH 1 eta 2 mantentzea lotu genuen, baina 3. eta 4. mailak galdu genituen, hori kolpea izan zen», bukatu du azalpena zuzendariak.

Egoera «osasuntsuan»

Garai horiek pasata, gaur egun ikastolaren egoera «osasuntsua» da Rougeten hitzetan. Azken urteetan gainera, auzolana sustatzeko ahaleginetan aritu dira, eta hilabetero zerbait antolatu dute. Ikastola osasuntsu egoteaz gain, urteurrenarekin ikastolako komunitatea «biziberritzeko» aukera izan dute Altzuriren ustetan: «Irakasle eta guraso ohiekin berriz ere kontaktuan jartzea eta guregana hurbiltzea lortu dugu, urteurrenean parte hartu dute eta, nire irudikoz, hagitz positiboa izan da». 

Komunitateko kideak izan dira, gainera, urteurreneko ekitaldietan protagonista izan direnak. Hilabetero egin dute zerbait, baina, bi ekitaldi izan dira solasaldian atera direnak: ikastolaren ibilbidea kontatzen duen Jostaldia ikuskizuna, eta arbola landaketa. Jostaldiaren oroitzapen «hagitz polita» du Ordoñezek barrenean gordea: «Ikastolaren hasieran aritu zen jendea hunkituta zegoen, beraiek bizitakoa kontatzen zen ikuskizunean». Jostaldian izandako une bat oroitu du Altzurik: 1994ko Nafarroa Oinez irudikatu zenean: «Plaza dena isilik gelditu zen». Egun hartako arratsean bizitakoa «islatu» zela nabarmendu du Ordoñezek.

Ikastolaren oihana landatzea izan da urteurreneko ekitaldi hunkigarrienetako bat.

Jostaldiaz harago, ikastolako oihanaren landaketa da hiruek oroitu duten bertzea: «Eguraldi txarra zen baina 400 lagun baino gehiago bildu ginen, ikastolako ia promozio denetako ordezkariren bat», dio Rougetek. Otsandan landatu zuten, promozio bakoitzeko arbola bat, eta asmoa promozio berri bakoitzak bere arbola landatzea da:  «Heldu den irailean Lizuniagako irteera egiten dugularik hurrengo urterako haziak bilduko ditugu. Proiektu honek segida izanen du, ez da orain bukatzen, orain hasten den zerbait da». Landaketa bera bai, baina oroitzapena urteurreneko lehen ekitaldira joan zaio Altzuri. Ikastolatik pasatako langileei eta lehendakariei makila bana eman zieten orduan: «Hunkigarria izan zen, denek genuen inguruan omenduren bat eta polita izan zen makila nola hartu zuten ikustea». 

«Irakasle eta guraso ohiekin berriz ere kontaktuan jartzea eta guregana hurbiltzea lortu dugu, urteurrenean»

Mikel ALTZURI


50 urte beteta, heldutasun betean dago Labiaga, eta bertze hainbertze guttienez betetzeko gogoz. Ikastolaren etorkizuna «ilusioz», ikusten dute, nahiz eta badakiten hainbat erronka dituztela esku artean. Euskara da kezka iturri horietako bat: «Erabileraren inguruan, mailaren inguruan… Kanpotik etorritako jende aunitz bada, eta kezka dugu nola eginen dugun erakusteko euskara beharrezkoa dela». dio Rougetek. Bide beretik, Ordoñezek uste du «euskara integraziorako tresna» dela ikasi dutela ikastolan. Euskaldun hitzaz ere aritu da: «Euskara duena da euskalduna, berdin du errusiarra edo japoniarra izan». Euskararekin lotuta bertze kezka bat ere badute: hezkuntza ez formalean duen presentzia: «Interneten eta sare sozialetan gaztelaniazko edukien kontsumoa hagitz handia da, eta euskarak duen presentzia, berriz , hagitz ttikia». Hala ere, argi diote erronka horiek ikastolaz harago, herri osoaren erantzuna behar dutela. 

Bestetarako dena prest
Ikasturtea eta urteurrena borobilduta, bestetan azken ginda jartzea bakarrik falta da orain. Baina bestak, lanerako sasoia ere izaten dira ikastolako kideentzat. Besta Batzordearen parte dira, eta urtero hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, tartean, ikastolak  paratzen duen ostatua da, beharbada, ezagunena. Egunero jende aunitz biltzen da bertan eta ostatua «auzolan erraldoiaren» emaitza da, denera 100 lagun baino gehiago aritzen baitira lanean. «Ostatua bada toki bat badakizuna zure seme-alabak hor uzten ahal dituzula, eta zuk lasai afaltzen ahal duzula». Gainera, herriari ematen dioten zerbitzutzat du Rougetek, bertzela «ez dagoelako tokirik Beran egunero afaltzeko». Ostatuaz gain, abuztuaren 5ean antolatzen duten kantu bazkaria da bestetan ekitaldirik arrakastatsuenetako bat.

Bestetako ekitaldi arrakastatsuenetako bat izaten da abuztuaren 5eko kantu bazkaria.

Urteroko ekitaldi horiez harago, gazteen eskaintza areagotzea dute burutan azken urteetan. Horretarako, ikastolako ikasleekin parte hartze prozesu bat egin dute, beraiek bestetan zer ekitaldi nahi zuten galdetuz eta hainbat proposamenen artean diskobesta egitea izan da emaitza. Iaz egin zuten lehenengoz, eta balorazio gazi-gozoa izan zen: «Aurten berriz eginen dugu, bertze toki batean, bertze modelo batekin, eta ez hain luze…». Antolaketa ere ikasketatzat hartu dute eta ikasleekin landu dute: «Beraiek ere ikasi dezaten zerbait egin nahi badute beraiek egin behar dutela». Hain zuzen, hori iruditzen zaie ikastolaren funtzioa, «ekarpenak egitea, ideiak aportatzea eta guk geuk martxan ezartzea» .

«Inplikazioa beti borondatearen araberakoa da eta ez behartua»

Clara ROUGET

Bestetan lanean aritzeko zein bertzelako ekintzak antolatzeko, ezinbertzekoa izaten da komunitatean auzolana egitea. Ikastolan, Rougetek dioenez, normalean ez dute arazorik izaten txanda denak betetzeko, nahiz eta «asumitua dugun inplikazio maila desberdinak daudela». Ahalik eta familia gehien inplikatzeko, auzolanak egiteko orduan hainbat aukera antolatzen dituzte: «Badakigu batzuk beharbada ez dutela inoiz auzolanik eginen, baina inplikazioa beti borondatearen arabera da eta ez behartua». Giro ona izaten dutela dio, eta joaten denak errepikatu nahi izaten duela familiek elkar ezagutzeko tresna ere baita auzolana. 

Bestak hasteko dena prest dagoela, txupina pizteko gogotsu dira ikastolako kideak urteurrenari bukaera borobila emateko.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun