Bestak 2025

«Denon esku dago bestetan giro osasuntsua eta errespetuzkoa izatea»

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 31

Eider Molinero aurreskua dantzatzen. Argazkia: Ander Rodriguez.

Eider MOLINERO, Berako Txosna Batzordeko kidea

Berako bestetako Txosna Batzordea ere buru- belarri ari dira bestak prestatzen, eta tartean da Eider Molinero, «ahal dudan denean laguntzeko prest dagoen beratar gazte mugitua». Ikasturtean saltsa aunitzetan murgilduta ibiltzen da baina, Berako bestetan, Txosna Batzordean eta Gure Txokoa Dantza Taldean laguntzaile eta antolatzaile gisa aritzen da batez ere. 

Besta egiteko, aitzinetik norbait lanean aritu behar izaten da, eta horixe da Berako kasua ere. Hiru eragilek osatzen dute Txosna Batzordea: Espidobaitak, Goldatz Talde Feministak eta Barraskilo Gazte Taldeak. Molinero, Barraskiloko kidea da, eta kontatu du, duela pare bat urte sartu zirela Txosna Batzordeko talde eragilean, Barraskilo taldea sortu bezain pronto. «Eragile bakoitzeko bi ordezkari elkartzen gara, eta guti goiti-beheiti sei edo zazpi lagun izaten gara». Ondotik, bileran solastatutakoa bakoitzak bere taldean aipatzen du, «denen iritziak bildu eta hurrengo bileran komentatzeko». Gainera, Besta Batzordeko bileretan ere parte hartzen dute, «gure egitasmoak partekatu eta aldi berean, herriko bertze eragileen proposamenak aditzen ditugu». Horrela, «herriko eragileen arteko elkarlanari eta konpromisoari esker, gustu guztientzako egitaraua antolatzen saiatzen gara, herritik eta herriarentzat». 

Kontzertuak lehentasun

Inauteak bukatu orduko hasten dira bestetako egitaraua antolatzen, eta lehen egin beharretako bat, txosnagunean antolatuko dituzten ekintzak mahai gainean jartzea eta prestatzea izaten da. Hala ere, ekintza denen artean, kontzertuak antolatzeak izaten du lehentasuna batzordearentzat: «Ahal den neurrian, estilo diferentetako proposamenak ekartzen saiatzen gara txosnetara, ahalik eta jende gehien hurbiltzeko». Izan ere, Txosna Batzordearentzat, «musika izaten da herritarrak eta ingurukoak gerturatzen eta elkartzen dituen aitzakia, eta musika proposamen anitza eskaintzea funtsezkoa izaten da giro polita sortzeko».

Egitarauari dagokionez ohiko ekitaldiak izanen dituzte txosnetan aurtengo bestetan. «Abuztuaren 2an, gosari herrikoia eginen dugu eta, ondotik, txupinazora joanen gara; eta 19:00etan txosna irekiera eginen dugu Zker elektrotxarangarekin eta hiltzaile kluba eta selfie lehiaketa hasiko ditugu». Horrez gainera, abuztuaren 1ean, ortziralea, 21:00etan txosnaren aurreirekiera eginen dute, eta ondotik, presoen aldeko elkarretaratzea izanen da. «Ortziralea izanik eta hainbat ekitaldi eginen direnez, ideia ona iruditu zitzaigun txosna irekitzea, nahiz eta modu klandestinoan izan». 

Auzo jokoak lehenengoz

Ohiko egitarauaz gain, berrikuntza nagusi bat izanen dute egitarauan: auzo jokoek. Lehenengoz antolatu dituzte, eta, etorkizunean, «indarra hartuko duen ekitaldia» izatea aurreikusten dute. «Poliki-poliki hasi, eta hemendik urte batzuetara egun osoko egitaraua egitea da asmoa, bazkari eta guzti». Auzo jokoek  helburu argia dute: «Adin denetako jendea elkartzea eta Berari buruz gauzak ikastea, hainbat modalitatetako proben eta jokoen bidez». Horretarako, Herri Haitadan eta herri olinpiadetan egiten diren jostetak hartu dituzte oinarritzat.

 

Molinero eta bere lagunak iaz txosnetan lanean.

Auzo jokoetan parte hartu nahi dutenek, aitzinetik izena eman beharko dute sare sozialetan zein Berako hainbat komertziotan. Uztail erdialdean ireki zuten apuntatzeko epea, eta hilaren 30ean bukatuko da. Izena ematean, parte hartzaileek datu pertsonalak ematez gain, beraien auzoa ere zehaztu beharko dute taldeak osatzeko. Abuztuaren 4an, 16:00etan paratu dute hitzordua Frantxia Haltzuet plazan, eta bukatu ondotik, txosnagunean luntxa emanen diete parte hartzaileei. «Hala ere, eguraldia gure alde ez badago, ohikoa izaten den bezala, jokoak Toki Onako patioan izanen dira». 

Txosnako jokoak

Berako bestetako txosnetan dagoen bertze bereizgarrietako bat hiltzaile kluba eta selfie lehiaketa izaten dira. 
Herritar denei irekitako jokoak eta lehiaketak dira biak. Selfie lehiaketan parte hartzea hagitz erraza da Molinerok esplikatu duenez: «Bestetan selfie dibertigarriak atera eta Instagramera igo, txosnaguneko kontua etiketatuz». Azken egunean, denen artean erabakitzen dute irabazlea, bozketa bidez: «Aitzineko urteetan jasotako argazkiak hagitz originalak izan dira eta jendea animatu da». 
Hiltzaile klubean  ere edonork parte hartzen ahal du eta urteak pasa ahala, gero eta parte hartzaile gehiago aritzen dira: «Aitzinetik izena eman behar da, eta abuztuaren 2an, txosnen irekieran, partaide bakoitzari bere biktima eta hori hiltzeko proba emanen diogu». Behin probak banatuta eta jokoa hasita, «parte hartzaile bakoitzak bere biktima hiltzean, hiltzaileak bere biktima eta proba hartuko ditu, horrela bakarra gelditu arte». Parte hartzaileek «hagitz ongi» pasatzen dute, eta bestei «bertze bizitasun» bat ematen die antolatzaileen hitzetan. Aurtengo edizioari begira, esperantza bakarra dute: «Sariak banatzea, oraindik ez baitakigu zein ziren aitzineko edizioetako irabazleak». 
 
Azken urteetan txosnak indarra hartuz
Azken urteetan, leku berria dute Berako txosnek: Toki Ona Institutuko patioa, eta horrek nabarmen igo du txosnen bueltan biltzen den jende kopurua: «Erdigunean kokatzeak aukera ematen digu arratseko giroa luzatzeko eta jendea bertaratzeko». Izan ere, Altzateko plazan zeudenean, hiru txosna paratzen zituzten, baina, «ez zegoen girorik bestetako egitarauak aunitz baldintzatzen zuelako».

Molinerok berak onartu du txosnak Altzaten zeudenean «guttitan» hurbiltzen zela bertara bestetan: «Txosna Batzordeko kideek beti erran izan dugu besta egiteko modua aldatu dela urtez urte, eta txosnagunea aldaketa horietara egokitu behar izan dela».

Lekua aldatuta, txosnen bueltan jende gehiago biltzeko aukera izateaz gain, txosna bakarra izateak, «jarraikortasuna ematen dio proiektuari, eta aukera ematen digu urtez urte hiru eragileen arteko lana indartzeko eta sustatzeko». Nabaria da txosnak indarra hartzen ari direla, batzordeak eskatzen duen denetan biltzen baita jendea auzolanerako. Horixe da txosnagunetik zabaldu nahi duten mezua ere: «Herritarren arteko elkarlana, antolaketa eta konpromisoa».

Eta bestetara begira zer? «Mundu guztiari Berako ateak ireki nahi dizkiogu gurekin batera egun berezi horietaz disfrutatzeko, adin eta gustu guztientzako ekintzak antolatu ditugulako! Eta, batez ere, denen esku dagoela guztien artean besta giro osasuntsua eta errespetuzkoa izatea!».

Beratarren artean ohiko broma izaten da Berako bestetan egunen batean euria egitearena. Esperantza bakarra du Molinerok: «eguraldia gure alde egotea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun