Bestak 2025

«Parte hartzaile gehienek errepikatu egiten dute»

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 31

Iñaki PIKABEA, Manttale Mendi Lasterketa Taldeko kidea

Abuztuaren 2an hasten dira ofizialki bestak, baina bezperan bada hitzordu bat herritar aunitzek agendan gorriz markatua izaten dutena: Berako Gau Krosa. XI. edizioa izanen du aurtengo probak eta dagoeneko egutegian finkatua dago. Manttale Mendi Lasterketa Taldea arduratzen da lasterketa antolatzeaz, eta tartean izaten da Iñaki Pikabea Manttaleko kidea ere. 

Iazko edizioan inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ziren, 200 baino gehiago, eta, aurten ere eskuaragarri paratutako dortsal denak agortzea espero dute lasterketaren antolatzaileek. «Lekuak eta inguruak aunitz baldintzatzen gaitu, eta 250 parte hartzailerentzako muga paratu dugu, eta hori izanen da probaren neurria. Espero duguna da plaza horiek betetzea».

Lasterketak berezitasunik badu, hori da arratsean egiten dela, iluntasunean eta, beraz, parte hartzaile bakoitzak kopetako argi bat erabiltzen duela. Berezia da proba, baina ez da Manttalek asmatutako zerbait, izan ere, Ezpeletan egiten den lasterketa batean hartu zuten ideia Manttaleko kideek: «Taldeko kide batek proposatuta joan ginen bertara, eta hagitz erakargarria egin zitzaigun. Gauez laster egiteak xarma zuela ikusi genuen, eta herrian gauzak antolatzea gustatzen zaigunez, besta bezperako data aukeratu, ibilbidea antolatu eta badira hamaika urte egiten dugula».

Ibilbidea aukeratzeko lanak

Frantxia Haltzuet Altzate plazan hasi eta bukatzen da lasterketa eta parte hartzaileek zazpi kilometroko eta 300 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu behar izaten dute. Ibilbidea osatzerako orduan, hainbat bide  diferente izan zituzten burutan:  «Lasterkari bakoitzak ditu bere gustuak eta, nigatik balitz, Santa Barbara aldera joanen nintzateke, bidea pixka bat luzatuta». Hala ere, azkenerako, herrigunea hartu zuten ardatz, «argi genuelako ikusleak engantxatu» nahi genituela: «Herriguneko bidexkak eta bideak begira aritu ginen, eta lortu genuen ibilbide bat sortzea herrigunetik eta goragotik ikusi zitekeena eta, aldi berean,  herritik behin baino gehiagotan pasatzen dena. Hori izan da arrakasta, bai parte hartzeko eta baita ikusteko ere».

Izan ere, aunitz dira bai herrigunean, baina baita baserri auzoetan ere,lasterketa ikustera joaten direnak. Eta ez ikustera bakarrik, baita animatzera ere: «Txistulariak ikusten ahal dituzu animatzen, txalaparta jotzen bertze batzuk, Kaxernan ura banatzeko postu  bat paratze ndu bizilagun batek... Sentsazioa dut bakoitzak leku bat hartu duela lasterketa girotzeko». Eta hori iruditzen zaio ederrena Pikabeari, «bestetako ekitaldi bat bihurtu dela». Horixe zuten helburu, «eta hagitz kontent gaude lortu dugulako».  

Iluntasunaren eragina

Ilunpetan egiten da proba, eta noski, horrek erabat baldintzatzen ditu lasterketaren nondik norakoak, ez ikusteko bakarrik, baita egiteko ere. «Mendian behera argi murritzarekin ari zarenean, kontuz ibili behar duzu, aunitzez ere erneago, eta tontakeria ematen du, baina tentsio batean ibiltzen zara, eta horrek denboran eragiten du». Baina, tentsio horren gainetik dago ilunpean lasterka egiten denean sentitzen dena Pikabearen hitzetan: «Xarma berezia du, gu hasieratik lotu gintuen eta parte hartzen duten gehienek errepikatu egiten dute». Bertze kontu bat ere badu iluntasunak:  lotsagatik eta, egunez animatuko ez liratekeenak ere animatzen direla laster egitera. 

Proba gaztetua

Lasterketa herrikoia da gau krosa eta antolatzen hasi zirenetik, igo eta aldatu egin da lasterkarien profila. Parte hartzaileen kopurua igo ahala, gainera,  lasterkari gaztetxoen kopurua «sendotu» egin da. Gaztetxoen  kopurua igotzea  «polita» izan arren, taldean «kezka» eragiteko motibo  ere izan dela dio: «13-14 urte inguruko gaztetxoak animatzen dira lasterketetara, eta ez dakigu zein puntutaraino dauden prest horrelako exijentzia maila aguantatzeko».

Horren aitzinean, 16 urtetik beherako gazteak  guraso edo arduradun batekin joatera behartzen dituzte, eta 16 eta urte 18 urte artekoek gurasoen edo arduradunen baimena behar dute parte hartzeko. Gainera, Berako Udalaren eskutik, anbulantzia izaten da irteera puntuan.

Banakako sailkapenaz gain, kuadrillen artekoa ere egiten dute eta hor ere nabaritu dute igoera, hasieran hiruzpalau kuadrilla izatetik, gaur egun hamar bat izatera  pasa baitira.  «Emakumeen parte hartzea sustatzen ere saiatu gara eta kuadrilla bakoitzean guttienez emakume batek egin behar du lasterka». 

Lasterketa Herrikoien Kopa bigarrenez

Herritarren parte hartzea bultatzeko, iaz Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopa egin zuten lehenengo aldiz. Lau proba izan zituen lehen edizioak, eta aurten, borzgarren bat gehitu zaio kopari. Lehen aldia izateko, «nahiko arrakastatsua» izan zen eta hargatik bigarrenez antolatu dute lehia. Lesakako Zubigaineko Krosa izan zen lehenengo proba, eta parte hartzearekin kontent dira antolatzaileak: «Iaz baino jende gehiago atera zen eta, beharbada kopak lagunduko zuen horretan».  Gainera, proiektua garatzen segitzeko gogotsu dira: «Erran digute Etxalarren  animatuko direla lasterketa bat egitera, eta  horrek erran nahi du zerbait ongi egiten ari garela, seinale ona da».

Gau krosa bezperan egin, eta bestetarako libre antzean izanen dira Manttaleko kideak, nahiz eta azken kontu bat ere izanen duten: abuztuaren 5ean eginen duten haurrentzako erronka. Eta ondotik zer? «Urrira arte edo, deskantsurako tartea izaten dugu, nahiz eta tartean Lizuniagako Igoeran eta, laguntzen ari garen.  Izan ere, gelditu gabe martxan dabilen makina da Manttalerena eta Pikabearen hitzetan, «herri guztia inplikatzen duena». Horregatik, horrelako ekimenak «baloratzea» garrantzitsua iruditzen zaio: «Batzuetan desagertu arte ez gara konturatzen zer dugun». Gehiago ere bai: «Jendea dagoen eta laguntzen duen bitartean, eta ilusioz ari garen artean, hagitz polita da. Baina hori gabe ezin dira herri mailan gauzak egin. Horregatik jendea parte hartzera animatu behar da, baina baita laguntzera ere». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun