Irudi bakarrean sanestebanetako esentzia biltzen saiatu da beratarra: «Erraldoiak, danborra jotzen dutenak, dantzariak, herritarrak besta giroan… Bestetako egun batean pasatzen dena marrazki bakarrean ikusten da», esplikatu du egileak bere lana. Digitalki osatu du lana, eta gaiak berak eskatzen duen bezala, «bestetako dena biltzen» saiatu da. «Garrantzia eman nahi nien Berako dantzariei, giroari, haurrei, helduei…Aunitzetan besta gauekoarekin bakarrik lotzenbaitugu».
Ohituratzat du Berako bestetako azal lehiaketara lanen bat aurkeztea, baina ez zuen espero aurtengoan irabazle izatea: «Lanarekin gustura gelditu nintzen, eta sorpresa hartu nuen irabazlea nintzela erran zidatenean. Ilusio handia egiten dit Berako etxe denetan nire lana egonen dela jakiteak».
Ilustrazioa prestatzeko astebeteko epea izan zuen Gilleneak, «nahiko berandu» enteratu baitzen lehiaketaz: «Aste oso batean egunero hartu nituen bizpahiru orduz marrazteko», azaldu du.
Argazkigintza pasio
Ilustrazioak eta kartelak egiteaz gain, argazkigintzan murgildua dago Gillenea aspaldiko urtetan. «Donostian argazkigintzari buruzko ikasketak egin nituen eta gerora praktikatzen eta sare sozialetan informazio bilatzen ikasi dut gaur egun dakidana». Gustura aritzen da argazkiak egiten eta argi dio argazki batean inportanteena «transmititu nahi duzun hori jakitea» dela: «Argazki bat mila aldiz hobea da naturala denean, edo momentu bereziren bat harrapatu eta zerbait sentiarazten dizunean».
Argazki saioak egin ohi ditu eta horixe transmititzen saiatzen da, «norbera den bezalakoa erakustea, inolako beldurrik eta lotsarik gabe». Hori lortzea, ordea, batzuetan kostatu egiten dela onartu du, aunitzek hasieran kamerari «beldurra» izaten diotelako: «Hala ere, gero, jendea lasaitu egiten da, eta saio bukaeran aipatzen dute uste baino hobe egon direla eta emaitza polita dela».
Herriko bestak ere argazkiak egiteko une aproposa izaten dira, nahiz eta bere kasuan, «bestara bakarrik» ateratzen den kamera etxean utzita. Hala ere, buruan du zein izan daitekeen bestetako argazki polit bat: «Eguneko argazki bat: dantzariak, bandako kideak jotzen, txistulariak… Bereziki gustatzen zait erraldoiak daudenean haurrek sentitzen dituzten emozioak erakustea».
Bestak dantzari gisa
Bestetarako gogotsu dago Gillenea, nahiz eta azken asteak lanpetuak izanen dituen. Gure Txokoa Dantza Taldean aritzen da dantzan, eta uztaila bereziki hilabete lanpetua izaten dute entseguei dagokionez.
Dantzari izateak bestak bertze modu batean bizitzeko aukera ematen dio, eta dantzatzen den une horiek dira bestetan maiteen dituenak, «abuztuaren 3ko goiza», bereziki. «Sentsazio aski berezia da; ez dut inon bertze horrelakorik sentitu», deskribatu du plazara ateratzean sentitzen duena. Dantza horien artean, badu bat, bereziki gustuko duena: «Bordoi dantzarekin hunkitzen naiz gehien, aunitz sufritzen dut, fisikoki gogorra delako, baina plazan zaudela barrenak aunitz mugitzen zaizkizu».
Dantzari jantziarekin batzuetan, eta xuri-gorriz bertzeetan, baina bestetan karrikan ibiliko da Gillenea. Ahal duen guztia disfrutatzen, eta herritarrekin gustura.
