Familia eta taldeentzako apartamentuak badituzte ere, «hotela helduentzako da, bikoteei zuzendua. Horri esker, lasaitasunean egoteko aukera ematen du, haur edo talde handien zaratarik gabe».
Horrez gain, «jasangarritasunaren aldetik lan handia egin dugu» eta sari zein zigilu ugari lortu dituzte, azkenak Europa mailakoak. «Baina sariak baino gehiago, gure bezeroen iritzia da inporta zaiguna. Kalitatezko produktuak eskaintzen saiatzen gara, bertakoak, eta gure kulturari lotuak. Horregatik, berriki Ekoalde hornitzailearekin lanean hasi gara, Nafarroako produktu ekologikoen aldeko apustua eginez».
Bezeroen jatorria «egonaldien araberakoa» da, «orain, uda aldera, atzerritarrak hasiko dira, Europatik eta Estatu Batuetatik batez ere. Neguan, aldiz, gehiago etortzen dira Euskal Herritik». Hala ere, argi utzi du spa eta jangela zerbitzua «denentzako irekia» dagoela, «baita bertako herritarrentzako ere».