2022-2023ko Nafarroako herritarren partaidetzarako jardunbide egokien aitortzaren baitan, Lesakako Udalak aitortza eta saria hartu zuen, Alondegia berrasmatzeko prozesu parte hartzailea burutzeagatik. Sari banaketa bukatuta egin zen mahai inguruan parte hartu zuen Lesakako Udalak, Eneko Fernandez zinegotziaren bitartez, eta saritu guztiek beraien proiektuaren nondik norakoak azaltzeko aukera izan zuten.
Alondegia berrasmatzeko prozesu parte hartzailearen baitan, proiektuak iraun zuen sei hilabetetako lana azaltzeaz gain, balorean jarri dira herritarren inplikazioa, behar eta erronka indibidualei erantzun kolektiboak eskaintzeko emandako urratsak eta parte hartzearen kultura herrian ezartzeko Lesakako Udala egiten ari den ahalegina.
Alondegiaren hurrengo urratsak
Alondegia proiektua garatzen dabil Lesakako Udala. Herritarren parte hartze saioetan ateratako ondorioak aztertu ondoren eta eraikinaren helburua eta potentzialitatea ikusirik, eskualde mailako zerbitzuak hartu ditzakeela aurreikusi da. Hori horrela, Baztan-Bidasoko udalekin eta Cederna Garalurrekin batera burutzen ari den aktibazio planean proiektua gauzatzeko finantziazioa bilatzen dabil Lesakako Udala.
Parte hartzearen garrantzia
Proiektu hau, 2019an hasitako bidearen urrats bat gehiago da. Lesakako Udalak garrantzia ematen dio herritarren parte hartzeari. Horren adibide dira kultur eragile guztiak hilabetero elkartzen dituen Sorginxulo Kultur Foroa, herriko ikastetxeekin batera gauzatzen den Hezkuntza Foroa (bi hilabetetik behin), turismoa eta zerbitzuak biltzen dituen hirugarren sektoreko mahaia, edota Haurren parte hartzea bultzatzen duen Udalttiki ekimena (4., 5. eta 6. mailako haurren foroa, hilabetean behin biltzen dena).
Horretaz gain, mugikortasun plana, etxebizitza diagnostikoa, hirugarren sektorea indartzeko egindako prozesuak, besta batzordeak edota gai konkretuen inguruan egindako batzarrak dira ere parte hartzea bultzatzeko hartutako konpromisoaren adierazle.