LADIS SATRUSTEGI

«Alondegian zer egin daitekeen amesteko aukera dute lesakarrek»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 29a, 14:00

Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, Alondegiaren aitzinean.

Ladis SATRUSTEGI ALTZUGARAI, Lesakako alkatea

Alondegia «berrasmatzeko» partaidetza-prozesua jarri du abian Lesakako Udalak. Dagoeneko zortzi talde-elkarrizketa egin dituzte, 68 lagunen parte-hartzearekin eta apirilaren 2an, larunbat goizean, lehen lan-saio irekia eginen dute liburutegian.

Alondegiak udalerriko azpiegitura beharrei erantzuteko aukera handiak eskaintzen ditu, bere kokapenagatik eta tamainagatik. Urteak joan ahala, hainbat erabilera izan ditu behin-behinean, baina espazioaren zati handi bat hutsik dago gaur egun. Hori guztia kontuan hartuta, udalerriko eragile eta herritarren beharrak aztertzeko prozesu bat abiatu du Udalak, «herritar guztion premiak ezagutu eta Alondegiaren erabilerak denon artean adosteko», Ladis Satrustegi alkateak aipatu digunez.


Alondegia berrasmatzeko lanetan zabiltzate… Zein behar eta premia ikusten dituzue herrian eta zein neurritan uste duzue Alondegiak horiei soluzioa emanen diela?

Horretarako abiatu dugu partaidetza prozesu bat hain zuzen ere. Guk, udal bezala, badauzkagu hainbat behar eta premia identifikatuak, baita zenbait hutsune ere. Baina gure ikuspuntutik haratago joan nahi genuen, eta  herritarren beharrak eta premiak ere ezagutu nahi genituen, bai eragile moduan, baita norbanako moduan ere.  Honek gure ikuspuntua aberasteko balio digu eta herritarrei erabakimena eskaintzen diegu. Entzute fasean guzti horiek identifikatzen saiatu gara; horietako batzuei Alondegiak soluzioa ematen ahal die, bertze batzuei agian ez, baina hausnarketa mamitsuetarako parada eskaini digu, hagitz interesgarria eta baliagarria.

Zer espazio dauka Alondegiak?  Gaur egun zenbat erabiltzen da eta zenbat erabil daiteke?

240 metro koadroko lau solairu ditu, ganbara barne. Gaur egun beheko solairuan San Fermin Jubilatuen Elkartea eta ostatua dago eta hori bere horretan mantenduko da, bertan egonkortua dagoelako; hortaz ez da partaidetza-prozesuan sartuko. Beraz, lehen solairua, bigarren solairua eta hirugarren (ganbara) solairua sartu dira prozesuan. Gaur egun, lehen solairua Beti Gazte elkarteak erabiltzen du  eta bigarren solairuan Xorroxin Irratiaren estudioa dago. Prozesuaren joko-arauetan zehaztu da prozesuan lehenesten diren erabilerak edozein izanda ere, gaur egun Alondegia erabiltzen duten bi eragile hauei haien beharretara egokitutako leku bat bermatuko zaiela udalerrian. Eraikinaren dimentsioa ikusita, printzipioz erabilera anitzeko zerbait bezala ikusten dugu, horretarako aukerak ematen dituelako.  Eta noski, behin partaidetza prozesua bukatuta eta erabilerak erabakita, proiektu bat egin beharko litzateke moldaketarako eta horretarako finantzazio iturriak bilatu, hori izanen da Udalaren lana.

Parte-hartze prozesua ireki duzue… Lehen lan-saio irekia apirilaren 2an izan da, baina aitzinetik egin dituzue zenbait bilera sektoreka, taldeka… Zer partaidetza izan da?  Proposamenak jaso dituzue? Zein premia sumatu dituzue herrian?

Dagoeneko entzute-fasea egin dugu. zortzi talde-elkarrizketa egin ditugu eta guztira 68 lagunek hartu dute parte bertan: elkarte, kolektibo eta sektore ezberdinen arazoak eta beharrak jaso ditugu bertan, baita bertze herrietako zenbait ekimen inspiragarri ere. Apirilaren 2ko lan-saio irekian eman dugu jasotako guztiaren berri eta bitartean Alondegiko arkupetan bertan erakusketa  jarri dugu partaidetza-prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.

Elhuyar ari da nolabait prozesua gidatzen… Bertze herrietako prozesuak hartu dituzte oinarritzat? Lesakara ekar daitezke esperientzia horiek? Zein aukera ikusten dizkiote beraiek Alondegiari?

Prozesu hau abiatu aitzinetik Elhuyarrekin berdintasunaren inguruko lanketa bat egin genuen Udalaren bide-orri bat zehazteko eta gustura gelditu ginen emaitzarekin eta baita beraien lan egiteko moduarekin ere. Burutan genuena aipatu genien eta beraiei ere erronka interesgarria iruditu zitzaien eta prozesua diseinatzerako orduan aunitz lagundu digute. Bertze herrietako esperientzia batzuk ezagutzen genituen, bertze batzuk Elhuyarrekoek kontatu zizkiguten eta herritarrengandik ere jaso ditugu batzuk. Noski Lesakako errealitatera moldatu beharko dira, baina beti lagungarri izaten da bertze herri batzuetako esperientzien berri izatea. Horien artean begiz jota ditugu: Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista, Oñatiko Eltzia, Errenteriako Torrekua eraikina, Leitzaldeko Mimukai, Iruñeko Laba…

Urteetan hainbat erabilera izan ditu Alondegiak… Aitzinera begira, zein izan ditzake? Zer du burutan Herriko Etxeak edo zer proposatu dute herritarrek orain arte egin dituzuen bileretan?

Guk erabilera anitzeko zerbait bezala imajinatzen dugu, herriko hainbat eragileren artean konpartitua, topaleku bat, elkarlanerako espazio bat, proiektu berrien sorleku izan daitekeena… Baina oraindik aukera guztiak irekita daude, prozesuaren hasieran gaude, eta herritarrei amesteko aukera eman nahi diegu, berrasmatze horretan imajinazioa landu dezaten.

Ladis Satrustegi alkatea, Alondegiko arkupetan paratutako erakusketan.

 

Beheko solairua San Fermin jubilatu elkarteak erabiltzen segituko duela eta prozesuan ez dela sartzen garbi utzi duzue…

Hasiera hasieratik genuen garbi hori, ez dugu momentu batean ere zalantza jarri. Bertan egonkortuta daude eta uste dugu leku egokia dela bai elkartearentzat baita ostatuarentzat ere.

Lehen solairua ere Beti Gaztek erabiltzen du azken 30 urte baino gehiagotan… Elkarteak hori erabiltzen segitu nahi duela garbi utzi zuen bere azken batzarrean. Horrek zer soluzio izan dezake?

Guretzat hagitz garrantzitsua zen Beti Gaztek partaidetza prozesuan parte hartzea, beraien iritzia, erabiltzaile gisa hagitz garrantzitsua delako. Ez da inolaz ere baztertzen Beti Gaztek espazio hori erabiltzen jarraitzea, baina argi dago gaur egungo baldintzak ez direla onenak, eta erabiltzen jarraituko balu ere, zenbait hobekuntza egin beharko liratekeela, espazioari probetxu gehiago ateratzeko. Horrez gain, espazioa hagitz handia denez, uste dugu aukera izango lukeela bertze eragile batzuekin ere partekatzeko, baita gaur egun erabilgarri ez dagoen espazioa ere erabiltzeko.

«Beti Gazteren egoitza eta Xorroxin Irratiaren estudioa bertan gelditzea erabakitzen bada ere, hobekuntzak egin beharko lirateke»

 

Bigarren solairuko gela bat ere Xorroxin Irratiak erabiltzen du…

Bai, baina bulego hau ere ez dago lanerako kondizio egokietan. Beraz, edozein aldaketa onerako izanen dela uste dugu. Bertan mantenduko bada, hobekuntzekin izan dadila, eta lanerako egokia den bertze espazio bat egokituko zaio.

Gaur egun Alondegia erabiltzen duten eragileei udalerrian leku bat bermatuko zaiela aipatzen duzue… Zein leku dituzue burutan? Jubilatuak, Beti Gazte eta Xorroxinez aparte, badira erabiltzaile gehiago?

Lehen aipatu bezala, Jubilatu elkartearen egoitza eta ostatua bertan mantenduko dira. Eta Beti Gazte eta Xorroxin dira gaur eguneko bertze erabiltzaileak. Partaidetza-prozesuan hauek bertan geratzea erabakitzen bada, baldintzak hobetuko dira eta kontrakoa erabakitzen bada, beraien behar eta premietara egokitutako espazio bat bilatuko zaie, noski beraiekin adostuta.

Apirilaren 2an lehen lan-saio irekia izanen da liburutegian… Ideia, proposamen edo premia berriak biltzea espero duzue? Edo orain arte egindako lanketa eta esku artean dituzuen aukerak ezagutzera emateko izanen da gehiago?

Alde batetik orain arteko lanketa azalduko da, jasotako proposamen eta premiak azalduz, baina herritarren parte-hartzea ere espero dugu, lan-saio dinamikoa izango da eta gure helburua herritarren behar, premia eta proposamenak jasotzea da, orain artekoa aberastuz. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte iraunen du lan-saioak eta tartean hamaiketakorako tartea ere hartuko dugu, ziur aski hor agertuko dira ideiarik interesgarrienak. Beraz, herritar guztiak gonbidatzen ditugu bertan parte hartzera, uste dugulako Alondegiak aukera berriak eskaintzen ahal dizkiola Lesakari.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun