Inauteak 2025

«Ez dago zakuzarrik mairurik gabe, biak ezinbertzekoak dira»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 27a, 09:00

Ainara Sagarzazu lesakarra mairuz atera ohi da herriko inauteetan, zakuzar taldea laguntzeko prest beti.

Ainara ETXABIDE SAGARZAZU, Lesakako inaute zalea

Inaute zalea izanik, egitaraua bete-betea izaten du ospakizun honek Ainara Etxabide Sagarzazu lesakarraren agendan: «Inauteriak Ortzegun Gizenarekin hasten ditugu etxean. 

Arroltze-arroltze egunarekin hasten ditugu, eta Ikastolako berendolarekin bukatzen dugu eguna. Larunbatean segitzen dugu: eguna gogo aunitzekin hasten dugu eguerditik. Azken urtean,  herriko neska gazte kuadrilla bat elkartzen gara, mozorrotu eta besta eder batekin ospatzen dugu eguna. Egun bereziena, igandea da, eguerdiko poteoan mairuz jantzita hasten dugu eguna, Zakuzaharrez jantziko direnekin batera giroa berotzen hasten da. Bazkaria izaten da, ni ez naiz joaten baina kafera beti dugu ohitura joatekoa mairu kuadrilla batek. Jostera joatekoak garenak ere talde izaten saiatzen gara. Azkenik, astelehena ere berezia da, ikastolarekin dela edo kuadrillarekin, egun guziko besta ederra izaten da».

Arranoko lan taldean zakuzarren taldea antolatzen ere aritzen da, ardura eta ilusioa uztartzen  dituen zeregina: «Ardura den arren, gogoz eta ilusioz egiten den lana da. Arrano elkarteak duen ardura da, eta ahal bezain hoberen betetzen saiatzen da. Zorionez, aurreko zein eguneko lanetan ere, Arrano elkarteko kide zein herritar oro ere beti laguntzeko prest daude. Urteroko jendea dago baina beti bada laguntzaile berri bat, ilusioz eta gogoz hartzen duguna eta goxatzen saiatzen garena».

Azpiegitura lanak

Inauteetako igandea egun bakarra izaten da, baina hori prestatzeko lanak dezente lehenago hasten direla ere aipatu digu Etxabidek: «Hilabete lehenago hasten da lanean. Ardurak banatzen dira. Materiala lotzen saiatzen da lehenik,  batez ere pizontziak dira eskatu behar den lehen gauza eta denboraz, azken urteetan 150tik gotti eskatu izan dira eta horrek bere lana du». Bertzalde, deialdiak ere noiz eginen diren adostu behar da, normalean hiru aste lehenago egin ohi da bilera. «Bilerak badu garrantzi berezia –dio Ainara Etxabidek–, bertan erabakiak hartzen direlako. Eguna Arrano elkarteak antolatzen duen arren, beti argi izan du erabaki gunea zakuzarrena dela eta honetarako bilera erabiltzen da. Bileran bertan erabakitzen da zein izanen diren antzin eta gibel eskuak. Arrano elkarteak, belarra, zakuak eta pizontziak ahalbideratzen dituela azaltzen da, zakuzar bakoitzak pizontzirako makila, buruko zapia, lastozko zapela, lepoko zapia eta ator kuadroduna eraman behar dituela azaltzen da. Bileran bertan apuntatzen dira zakuzarrak, baita egunean Arrano ostatuan egiten den bazkarirako apuntatzeko momentua izaten da. Bazkaria, zakuzar eta Mairuentzako da». Azpiegiturak lana du, «eta gure artean lana banatzen saiatu ohi da. Zuzendaritzako kideek hartzen dute bere gain lan guztia. Hala ere, beti badago inguruan lan egiten duten jendea. Nik duela bi urte utzi nuen zuzendaritza, baina beti laguntzen jarraituko dut».

«Inauteetan gehien gustatzenzaidana auzolana da»

Zakuak, pizontziak, jostunak…

Zakuzar ateratzeko materialak lortu eta igandeko jostun lanak ere lotu behar dira. Etxabidek dioenez, «materiala lortzeko zailtasunak egon dira urte batzuetan. Pizontzi aunitz behar izaten dira, eta aunitzetan exkax ere gelditzen dira egunean bertan, gero eta parte hartzen handiagoa dagoelako. Momentu batean, zakuekin ere arazoak izan genituen, betiko materialak aldatzen ari direlako.  Haria lortzeko ere urte batzuetan proba desberdinak egin izan dira, zakuen materiala exkaxagoa denez, gogor eta tinko kontuko duen hariak lortzea ez da erreza izan. Urtero ahalik eta material egokiena eta zakuzarrentzat erosoena lortzen saiatzen gara». Josteko tailerrak ere deitu dituzte azken sei urteotan. «Tailer honetan, zakuak nola josten diren erakutsi izan da. Zaku bakoitza josi behar da, gorputz bakoitzera egokitu behar dira zakuak. Hau da erakusten duguna tailerrean.  Egunean bertan, nahi duen mairu oro etortzen da jostera. Gero eta zakuzar gehiago dira baino gero eta jende gehiago animatzen da jostera ere. Mairuen papera, josteaz gain, zakuzarrak laguntzea da, betetzen, bidean eta husten. Jende aunitz animatzen da ibilbidean zakuzarrek behar duten laguntza eskaintzera. Deialdia luzatzen dugu, aurten ere laguntzeko jendea etorri dadila, beti ere Mairuz mozorrotua bada hobe».

Urtero mairuz ateria

Ainara Etxabide bera ez da inoiz zakuzar ateri, «nahiz eta ez dudan ideia baztertzen. Hala ere, urtero mairuz ateri izan naiz eta ikaragarri gustatzen zait. Eguneko saltsan parte hartzea da garrantzitsuena. Niretzat ez dago zakuzarrik mairurik gabe, bi pertsonaiak ezinbertzekoak iruditzen zaizkit». Inauteak urteko txar guztiak ahantzi eta disfrutatzeko daudela uste du, «larunbata eta astelehena egun ederrak dira, mozorrotu eta antzerkia egiteko egun politak dira. Hala ere, inauterietako politena niretzat zakuzarrak dira». Finean, inauterietan gehien gustatzen zaiona «auzolana» da, «herritar aunitz batzen dituen egunak dira. Zakuzarrak izan, Fraindarrak, Goitarrak edo karrozak izan, taldean besta egiteko egun ederrak dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun