Ttipi Txartela

«Erakusleihoa apaintzea eta nire ukitua ematea gustatzen zait»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 5a, 12:00

Duela sei urte ireki zuen Arantxa Zubietak Xulufraia arropa denda Beran, eta pandemia tarteko, bidea «gorabeheratsua» izan dela aitortu du. Gaur egun, «herriko jendea etortzen zait gehienbat, eta tarteka Bortzirietako gainerako herrietatik edo Baztan aldetik».

Emakumeentzako arropa eta osagarriak dira bere eskaintza nagusia, eta erakusleihoari garrantzia haundia ematen dio; «arropak astero aldatzen ditut, eta nire ukitua ematea gustatzen zait, ahal dela inguruko elementuak jarriz. Udazkenean, adibidez, iratzea eta kalabazak paratu ditut, igitai eta segarekin».

Eguberrietako kanpainarekin ari da orain; «azaroan hasten gara pentsatzen oparitzeko moduko zer gauza ekarri, eta abendu erdialdetik aitzinera hasten da mugitzen jendea». Gainera, «saski bat zozketatzen dugu bezeroen artean. Horrelako zerbitzuek bizia ematen diote herriari eta dendara hurbiltzen direnei eskerrak emateko modua da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun