A30 Greba Feminista Orokorra

«Zaintza inbertsio gisa ulertu beharko genuke»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 28a, 16:00

Kattalin Ezkerra eta Ane Berasain Berako Goldatz talde feministako kideak.

Urtebete beteko da larunbatean zaintza greba orokorra egin zenetik Euskal Herrian. Eskualdean ere aunitz izan ziren sindikatuek eta mugimendu feministak egindako aldarrikapenekin bat egin zutenak, eta karrikara atera zirenak zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde. Urteurrenaren harira, bideo proiekzio bat eginen dute Beran larunbatean. Grebaren ondorenari eta azken urtean landutakoari buruz mintzatzeko Kattalin Ezkerra eta Ane Berasain Berako Goldatz talde feministako kideekin elkartu da TTIPI-TTAPA.

Larunbatean beteko da urtebete Euskal Herrian zaintza greba orokorra egin zenetik. Nolakoa greba izan zen?

Ane: 2020an hasi zen prozesu batean lehenengo helburua izan zen greba. Zaintza greba bat zen, ez bakarrik emakumeek egindakoa, orokorra. Greba lehen pausua izan zen zaintza sistema publiko komunitario batera ailegatzeko.

Kattalin: Grebaren harira lortu genuen erdigunera ekartzea zaintzen gaia. Pandemian ere ikusi zen nola zaintza krisian gauden, zer ezinbestekoa den, eta horretan mugarri bat izan zen greba feminista. Greba ez zen helburua bere baitan, baina lortu zen  zaintza erdigunera ekartzea, daukagun zaintza sistema eztabaidagai izatea eta sistema ikustaraztea.

Gerora etorri den lanketa baten hasieran izan zen greba?

Kattalin: Bai. Grebak maila lokalean izan dezake eragina. Euskal Herri mailako administrazio publikoak eta erakundeak interpelatzeko ere balio du zaintzan pentsatzen hasi daitezen  merkatu logiketatik at, osasungintza eta hezkuntza ulertzen dugun modu berean. Pertsona orok gure bizitza osoan baditugu zaintza behar batzuk baina une batzuetan handitu egiten dira, eta hori bermatzea eskubide kolektibo bat da.

Interpelazioa aipatu duzue. Grebak balio izan zuen horretarako?

 Kattalin: Interpelazio horretan aitzinera urrats bat izan da greba, nahiz eta argi erran behar den oraindik gaur gaurkoz ez dagoela bermatua zaintza hori eskubide kolektibo bezala. Zu zahartzen zara, eta zahartzen zarenean edo norbaitek zaintzen zaitu, izanen dela zure inguruko, familiako emakume bat edo bestela norbait kontratatuko duzu aukera ekonomikoak baldin badituzu. Norbait hori seguru aski izanen da emakume bat eta kasurik gehienetan migratutako emakume bat, eskubideak urratzen dituen baldintzetan: hau da eguneko 24 orduz lan egin behar duna, baldintza ekonomiko kaxkarretan… Bertzela zahar etxean, hilabetero izugarrizko diru kopuru baten truke ematen zaizu zaintza zerbitzua.

Gaur egun oraindik ez dago  zaindua izatearena eskubide kolektibo gisa. Oraindik ere gizonezkoengan interpelazioak egiten jarraitu behar dugu, oraindik ere hein haundi batean emakumeak garelako familietan zaintzen dugunak. Eredu erabat familiarizatua da, pribatizatua eta honek segitzen du bere horretan.

«Ezin diegu enpresei utzi zaintzatik dirurik atera dezaten»

Ane BERASAIN

Ane: Geroz eta gehiago hasi gara gai hau sartzen agendetan, eta jendeak honen inguruan solastatzen du pixka bat. Zaintza agertzen da esparru diferentetan. Horri zer irtenbide ematen zaizkion bertze kontu bat da, baina hasi da agendan agertzen.

Zaintza inbertsio publikoa dela aipatu izan duzue.

Ane: Txipa aldatu behar dugu eta ez dugu zaintza gastu bat bezala ikusi behar, inbertsio bezala baizik. Hezkuntzaren eta osasungintzaren gisakoa da, denok behar dugulako.

Kattalin: Eta inbertsio publiko gisa tratatu beharko litzateke. Zahar etxeetan aunitzetan gertatzen da azpikontratatu egiten dela eta enpresa batek etekina ateratzeko erabiltzen duela zaintza. Logika horretatik kanpo utzi behar da eta inbertsioa egin behar da horretan.

Ane: Zaintza ez da inbertsio gisa ikusten ez maila lokalean, ez Nafarroan mailan ez Euskal Herrian. Batzuek negoziorako aukera gisa ikusten dute eta badira enpresak hori kudeatzen hasi direnak, irratian aditu daitezke horien iragarkiak. Jendeak ikusi du zaintza behar bat dagoela eta diru horretatik nola atera ikusten hasi dira. Guk pausu bat aitzinera eman behar dugu eta ezin diegu enpresei utzi zaintzatik dirurik atera dezaten.

Berako zaintzaren egoera zein den jakiteko zaintza diagnostiko bat egin duzue.

Ane: Guk duela bi urte hasi genuen zaintzaren inguruko hausnarketa bat Beran. Hori bukatu genuen, eta zaintza mahairen sorrera bultzatu dugu. Horrekin batera Bortzirietan Berdintasun Zerbitzuak, udalek eta mugimendu feministak babestutako eta Emaginek  egindako diagnostikoan ere parte hartu dugu.

Kattalin: Bai gure diagnostikoan zein Bortzirietakoan ondorioak berdintsuak dira. Zaintza eremuak zein diren atera dira. Beraren kasuan etxeetako eremua, Mukixu haur eskola, Aspacek ematen dituen bi espazioak Maddi eta Uxane, zaharren egoitza eta Jesusen Bihotzako haurtzaindegia. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ematen duen etxez etxeko zerbitzua ere zaintza eremutzat hartu dira, eta hor ere datu batzuk atera dira: zenbat lagun dauden dependentzia egoeran Bortzirietan, horietatik zenbatek hartzen duten gizarte zerbitzuen laguntza, nolakoa den laguntza hori, zaintza langileen lan horietarako baldintzak… Errealitate zabal bat erakusten digu beti ere perspektiba feministatik: nork eta nola zaintzen duen erdigunean jarrita.

Ane: Greba egin baino lehen ateratakoaren antzeko argazkia da Bortzirietako diagnostikoa, baina osatuagoa, urtebeteko lana izan baita.

Iazko zaintza greba orokorra antolatzeko bileretako bat Beran.

Zer bertze ondorio atera duzue?

Ane: Zaintzarena sektore hagitz feminizatua dela eta horrek ekartzen dituen baldintzak nahiko txarrak direla. Zaintza lana balio sozial txikikoa da, eta jendeak ez du oraindik ikusten. Hori aldatzeko beharra dago, grebaren harira erran genuen bezala, zaintza baita bizitza sostengatzen duena, eta zaintzarik gabe ez baitago deus.

Kattalin: Azken boladan atera den bertze errealitate bat da, aniztasun funtzionala duten pertsona batzuk bizitza osoan behar dituzten zaintzetarako zer baliabide gutti dauden, eta hori ere nola erabat familiarizatua dagoen. Okupazio zentro bat dago Beran, Uxanekoa, baina hor dauden plazak eskualde osorako dira eta ez dago gehiagorentzako lekurik. Horrek erran nahi du pertsona horiek ezin badira lan mundura atera ez daukatela  beste lekurik.

Eta behin diagnostikoa bukatuta zein izan beharko lirateke hurrengo urratsak?

Kattalin: Interesgarriena da erabakiak hartzea. Diagnostikoak bide ematea gauza batzuk martxan paratzeko, txikian bada ere.

Zaintza mahaia aipatu duzue arestian. Nondik sortu da?

Kattalin: Beran zaintza mahai baten osaera bultzatu dugu Goldatzetik. Gure asmoa instituzioak, kasu honetan Berako Udala, Berdintasun Zerbitzua, Gizarte Zerbitzua eta mugimendu feminista hor  izatea hor iraunkor egotea da eta gero landuko diren kasuen arabera beste jende bat gehitzea mahai horretara. Orain momentuz geldirik dagoen zerbait da une honetan zahar egoitzako langileak aldarrikapen une batean daudelako eta hori bideratu bitartean geldirik dago. Goldatzek eskatu zuen mahaia sortzea, eta udaleko berdintasun zinegotziak egin zuen deialdia.

«Mugarri historiko bat izan zen greba eta hori gogora ekarri nahi dugu»

Kattalin EZKERRA

Larunbatean beteko da urtebete grebatik. Urteurrenaren bueltan zerbait egiteko asmoa duzue?

Kattalin: Iazko mugarria arras inportantea izan zen. Lortu genuen lehendabiziko aldiz historian greba feminista bat orokorra izatea. Hau da, lantoki konkretu batzuetako baldintzetan eragingo ez duen greba feminista bat ere lantoki horretan deitzea, fabrika batean kasu eta horrela, langileen arteko aliantzak bulkatuz. Mugarri historiko bat izan zen eta hori gogora ekarri nahi dugu. Ez dago ezer lortuta, borroka honetan jarraitu behar dugu, eta  urteurrena seinalatzea bada horretarako aukera bat.

Ane: Mural bat eta bideo proiekzio bat eginen ditugu. Bideo proiekzioa iluntzean izanen da, 20:00etan, Uraldea karrikan. Iazko irudiekin osatutako bideo bat proiektatuko da, eta hori emanen dugu gelditu gabe.

Bertze zerbait nabarmendu nahi duzue?

Kattalin: Zaintza langileek baldintza duinak behar dituzte lan horiek egiteko, balio sozial gutxi daukatenez baldintza kaxkarretan aritzen dira ratioei begira, soldatei begira, aunitzetan migratutako emakumeak direnez ez dute legearen babesik… Hori ere aldarrikapen bat da. Orain Berako zahar egoitzako langileak mobilizazioak egiten ari dira eta guk eskatzen dugu negoziaketa eman dadila beraiek eskatzen duten bezala eta murrizketarik ez aplikatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun