Bortzirietako aziendarik onenak berriz ere lehiaketan ikusteko aukera izanen da azaroaren 21eko Feria Egunean Lesakako plazan, 1499an Nafarroako Erregeek emandako eskubideari segida emanez. Baina bezperako Merkatu Egunean hasiko dira ospakizunak. Asteazkenean, 18:00etan, Lesakako Trikitixa Taldearen kalejira eta, ordu berean, Beti Gazte elkarteak antolatutako ajoarriero lehiaketa izanen dute Beheko Plazan.
Ortzegun goizean, azienda erakustaldiaz gain, artisauen eskulanen erakusketa izanen da Beheko Plazan. Horietaz gain, karrikako saltzaileek ere Bittiria karrikan hedatuko dituzte beraien salmenta postuak eta herriko eta eskualdeko ikastetxeek ere, ikas bidaietarako eta bertzelako egitasmoetarako arropa eta jan-edari postuak paratuko dituzte han eta hemen. 11:00etan herri kirol erakustaldia izanen da Plaza Zaharrean. Gero, kioskotik bertso kantari ariko dira Julio Soto eta Oihana Iguaran bertsolariak eta, ondotik, azienda lehiaketaren sari banaketa eginen dute.
Jendea bazkaltzera erretiratuko da orduan, baina bazkalondoan ere izanen dira ekitaldiak. 18:00etan pilota partidak jokatuko dituzte udal pilotalekuan, Arkupe Pilotazaleen Elkarteak antolatuak. Lehen partidan, Ados pilota elkarteko emakume profesionalak ariko dira: Oskoz eta Orbegozo, Iturriaga leitzarraren eta Ruiz de Larramendi Mujikaren kontra. Ondotik, Garfeko gizonezkoak ariko dira. Profesional mailako binakako openaren finalerdia jokatuko dute Pradok eta Arbizuk, Etxebarria II.aren eta Garmendiaren kontra.
Ordu berean hasiko da dantzaldia Plaza Zaharrean, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren eskutik eta giro ederra izanen da Lesakako karriketan.