GABRIEL TXOPERENA ETA PEIO ASTIZ

«Lesakako baserriek ezin dute granja handien kontra lehiatu»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 19a, 10:00

Gabriel Txoperena eta Peio Astiz, Lesakako Udalean mendi, abeltzaintza eta nekazaritza batzordeko zinegotziak.

Gabriel TXOPERENA eta Peio ASTIZ, Lesakako zinegotziak

1499an Nafarroako errege-erreginek, Joan Albretekoak eta Katalina Foixekoak, baimena eman zuten Lesakan hamabortzero merkatua eta urtero bi feria egiteko. XX. mendera arte garrantzitsua izan da Bortzirietako azienda salerosketak egiteko eta negua baino lehen behar ziren erosketak egiteko (arropak,laborantza tresnak, egutegiak, baratxuriak…) Halere, Lesakako Udaleko mendi, abeltzaintza eta nekazaritza batzordean ari diren Gabriel Txoperena eta Peio Astiz zinegotzien erranetan, «gaur egun azienda salerosketak Internetez edo bertze nolabait egiten dira. Feriak tradizio bezala gelditu dira eta aziendak ekartzen dira erakusketa eta lehiaketa bezala».

Garai batean zuten garrantzia galdu duten arren, oraingo ferien antolaketak lana eta denbora eskatzen dutela diote Astizek eta Txoperenak: «Hilabete aitzinetik azienda jabeekin bilera antolatzen dugu. Hor ikusten ditugu zer azienda, sariak eta dietak (hauek aurten iganen dira); eguneko antolakuntza, ordutegia, aziendak aurkezteko bete beharrak (txertoak, osasun agiriak) eta epeak. Bezperako arratsaldean, auzolanean, ixtegiak antolatu, lotzeko sokak paratu eta merienda-afaria egiten dugu auzolanean parte hartu dutenekin».

Aurten Bortzirietako ferien egitarauan ez da aldaketa handirik izanen: «Logistikan, aziendak plazaren beheitiko aldean lotuak eta Etxeberria ondoko aparkalekuan lotuak eta ixtegietan egonen dira. Azienden garraioa lan handia izaten da eta aurten azienda bakoitzeko “dieta” zerbait iganen da. Azkeneko urteetan bezala, bertako produktuei eta artisautzari leku garrantzitsua emanen zaie».

 

Baserria, bigarren diru iturri

Feriak antolatzeko ez ezik, bertzelako bilerak ere egiten ditu Lesakako Udalak baserritarrekin. Astizek eta Txoperenak diotenez, «Lesaka azken 60 urteotan herri industriala izan da. Lehenago jendeak mendira, kontrabandora edo Ameriketara joan behar izaten zuen. Orain, gehienetan, baserria bigarren diru iturri da». Baserrien etorkizunari dagokienez, «mundu globalizatu honetan, Lesakako baserriek ezin dute lehiatu granja handien kontra.  Aitzinera segitzeko modu bakarra kalitatezko produktuak ekoiztu, ekologikoan lan egin eta zuzenki bezeroari saltzea da. Horretan ari dira bizpahiru gazte, eta lagundu eta animatu behar zaie, eta orokorrean denei».

Alde horretatik, udala laguntza ematen saiatzen dela azpimarratu dute bi zinegotziek: «bertako produktuak saltzeko azoka ttikiak antolatu, aziendak bazkatzeko herri lurrak utzi, tramite administratiboetan lagundu, teknologia berrien erabilera bultzatu… Gainera, aziendak biltzeko ixtegiak eta aska berriak egin ditugu. Lesakako mendi gainak garbitzen ere ari gara, otea, iratzea eta ainarra moztuz, belar soroak sortzeko. Larreak: Pagolleta, Piperla, Almendruitz, Elutsa, Bidango, Burnaiztegi, Alasta eta Ilasmendi inguruetan aurten 8,47 Hektarea garbitu ditugu eta heldu den urtean Fraingo gaina garbituko dugu. Aska inguruetan gatzarriak paratu behar dira».

 

Mendi lana

Mendi lanetan ere inbertsio handiak egin dira azken urteotan. 2023-2024an bi landaketa egin dituzte, Eskolamendin eta Madarizarren, Next Generation funtsak ordainduta. 2024-2025 aldian, berriz, Goiko Iragan bertako gaztaina landatu dute eta Zumarragako gaztainadian hutsuneak birlandatzekoak dituzte. Mendian bertako espezieak landatzeko proiektuak lantzen ari da Lesakako Udala. «Azken hamarkadetan sartu diren kanpoko zuhaitzak, gehien bat koniferoak, urte batzuk pasa eta eritu dira –diote Peio Astizek eta Gabriel Txoperenak–. Hori pinu edo ler Radiata (Insignis), Larizio, Taeda, Douglas izeia, Lawson altzifreakin gertatu da eta ustelduak, erortzeko puntuan edo mozteko daude. Haritz amerikanoak ere zainetako eritasuna dute. Etorkizuna bertakoak diren espezietan dago, eta mendi kudeaketa diferente batean. Horregatik, baztertu egin beharko da oihanak 'matarrasa' moztea, mendiak ebakitzea zuhaitz prozesadoreak sartzeko… Baloratu beharko dira lurraren erosioa eta bertze kalteak. Mendien kudeaketan kontuan hartu beharko dira, egurraren ustiapenetik aparte, bertze onurak, ura, deskarbonizazioa, paisaia, egurra, perretxikoak eta onddoak, animaliendako eta pertsonendako fruituak (gaztaina, ezkurra….), aisialdirako lekua…». Ikusita Lesakak badituela 2.500 Hektarea inguru, hurrengo hamar urtetarako herri lurren plana egin dela ere azpimarratu dute Astizek eta Txoperenak.

Baina Lesakako oihan eta mendietan eragina izanen lukeen parke eoliko baten lehen urratsen berri ere jakin dute Lesakako Herriko Etxean, eta horren inguruko informazioa elkarbanatzeko batzarra egin zuten urriaren 30ean. «Inguruko hainbat herritan bezala, Lesakan ere berriz bota dute lehen "iragarkizuna". Mapa batean paratu dituzte beraien asmoak, eolikoak non paratuko lituzketen. Oraindik ez da deus zehatzik, baina daukagun informazioa herritarrekin partekatu nahi genuen».

Gogoratu behar da duela lau urte, 2020an, pandemia bete-betean, Auzoberrin parke eolikoa egiteko proiektuak bazterrak aztoratu zituela Lesakan. Haren kontra Endara Bizirik plataforma osatu zuten bizilagunek eta hainbat mobilizazio eta hainbat informazio bilera egiteaz gain, proiektuaren kontrako 3.433 sinadura aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan, Ladis Satrustegi alkatearekin eta Jose Luis Etxegarai zinegotziarekin batera. Orduz geroztik, inguruko hainbat herritan izan dira parke eolikoen inguruko mugimenduak, baina Lesakan isilik zegoen afera orain arte.

 

Hogei urtetan, ardiak beheiti, behiak berdintsu eta zaltabereak goiti

Azienda kontuetara bueltatuz, 2024ko Lesakako katastroaren arabera, herrian 347 behi buru daude, 36 ustiategietan banatuak; 3.020 ardi azienda, 66 ustiategietan; eta 488 zaldi azienda, 48 ustiategitan. Hogei urte gibelera egin eta, 2005eko datuei erreparatuz, nabarmena da ardietan izan den jautsiera (5.011 buru ziren orduan), behi aziendetan ere zertxobait beheiti egin du (405 ziren orduan), baina zaldi aziendetan, aldiz, bikoiztu baino gehiago egin da (191 buru ziren 2005ean). Etorkizuna ikusterik ez bada ere, Lesakako Udalaren aurreikuspenen arabera, 2031n ardiak oraindik guttiago izanen dira (2.200 buru), behi aziendak berdintsu mantenduko dira (380) eta zaldi aziendek ere beheiti eginen dute (330).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun