Lurraren Eguna eta Lizuniagako Igoera eginen dituzte asteburuan Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 24a, 10:00

Bertako baserritarren produktuak ikusteko aukera izanen da igandean Beran.

Berako Kultur Batzordeak eta Gure Txokoa Elkarteak asteburu berezia antolatu dute Beran. Larunbatean, Lizuniagako Igoeraren 43. edizioa eginen dute eta igandean Lurraren Eguna 37. aldiz.

37. edizioa izanen du aurtengoa igandean Lurraren Egunak  eta barazkiak, eskulangileak, elikadura postuak eta, aurten bereziki, ardiak izanen dira azokako protagonistak. 

10:00etan irekiko dute azoka eta hiru gunetan banatuta egonen da. Alde batetik Altzateko karrikan artisauen postuak egonen dira, Altzateko plazan elikagaien salmentarako diren postuak paratuko dituzte eta Merkatu plazan, aldiz, ardiei eta artzaintzari buruzko kontuak izanen dira gehien bat: Berako ardien erakusketa, ardien ile mozketa, artilearen ekoizpen prozesua, artilearekin produktu bat ekoiztea, kaikuak eta artzaintzarako tresnen erakusketa, eta Olakoren baserriko lan tresnen erakusketa. Horiekin batera, gasna saltzaileen postuak ere Merkatu plazan izanen dira. 

Aurten, gainera, berrikuntza gisa, gasna lehiaketa herrikoia izanen da. 11:00etan hasita Merkatu plazan paratuko dituzte aurtengo gasna parte hartzaileak, eta bi euroren truke gazta horiek dastatzeko eta bozka emateko aukera izanen da. Ordu berean, ardien ile mozketa erakustaldia izanen da. 12:00etan, aldiz, sagardo lehiaketa izanen da Ricardo Baroja Eskolan.

Lan tresnen erakusketa izanen da Merkatu plazan.

Horrekin batera, musikak ere protagonismo berezia izanen du. 10:00etan Ainara Agirre eta Iñaki Iriarte txalapartarien doinuak aditzeko aukera izanen da. Ordu erdi beranduago, 10:30ean, plazan, Irats trikitilarien eta pandero joleen emanaldia izanen da. 12:00etan musika eskolako txistulariak ariko dira karrikaz karrika eta 13:00etan, aldiz, Altzateko eszenatokian Berako Bandaren emanaldia izanen da eta baita  musika eskolako talde instrumentalarena ere. 

17:00etan Altzateko plazan Gasna eta Sagardo Lehiaketaren sari banaketa eta bertso saioa eginen dituzte Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillorekin. Ordubete beranduago, aldiz, mutxikoak izanen dira Otsanda txarangarekin. 

Egun osoan taloak dastatzeko aukera izanen da Altzateko Ikastolan eta Altzateko plazan. Arratsaldean, aldiz, sagardoa eta gaztainak izanen dira. 

Larunbatean lasterketa eta besta giroa

Lizuniagako Igoera  larunbatean izanen da eta 17:00etan hasiko da, eta 4,9 kilometroko ibilbidea izanen du, Eztegara pilotalekuan hasi eta Lizuniagako lepoan bukatuz. Izen ematea dagoeneko irekia dago eta aitzinetik esteka honetan edo bertzela egunean berean egiten ahal da. Sariak egonen dira lehen hiru sailkatuentzat, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere. Horrez gain, bertze hainbat sari ere banatuko dituzte.

Aurten Lizuniagako Igoera I. Bortzirietako Koparako puntuagarria izanen da. Hau izanen da Kopako azken proba, beraz, sariak ere banatuko dira. Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopako lehen eta bigarren sailkatuak zein lehen bi taldeek babesleen sorta eramango dute sari gisa (Martiko, Ibardin Fundazioa eta Mazizior Edariak). Gainera, aitzineko hiru lasterketetan parte hartu duten eta Lizuniagako Igoeran parte hartuko duten guztiek Zalain Janariak eskainitako saria jasoko dute.

Helduen lasterketaren aitzinetik, haurrena eginen dute 15:30ean hasita.

Lasterketaren ondotik, Bera Kantari ariko da karrikaz karrika 18:00etan hasita eta tenore berean,  Labiaga Ikastolako Areto Nagusian joare eta zintzarri instalazioaren inaugurazioa izanen da eta ondotik, 19:00etan, elektrotxaranga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun