Urriaren 26an eginen dute Beran Lizuniagako Igoeraren 43. edizioa

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 17a, 18:00

Bertze urte batez Lurraren Egunaren bezperarako antolatu du Berako Gure Txokoa Elkarteak Lizuniagako Igoera. 43. edizioa izanen da aurtengoa eta urriaren 26an, larunbata, eginen dute. Dagoeneko ireki dute izena emateko aukera.

17:00etan hasiko da proba, eta 4,9 kilometroko ibilbidea izanen du, Eztegara pilotalekuan hasi eta Lizuniagako lepoan bukatuz.

Sariak egonen dira lehen hiru sailkatuentzat, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere. Horrez gain, bertze hainbat sari ere banatuko dituzte: lehen berako emakumearentzat eta gizonarentzat, emakumezko eta gizonezko lehen beteranoentzat eta 14 eta 18 urte arteko lehen emakumearentzat eta gizonarentzat.

Gainera, urtero bezala , Ugaldea aholkularitzak emandako sari berezi bat egonen da, 150 eurokoa, probako errekorra hausten duenarentzat, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Orain arteko gizonezkoen errekora Cahkib Lagcharrek ezarri zuen 2019an 15 minutu eta 55 segunduko denborarekin eta emakumezkoena Majida Maayoufek 2021ean 18 minutu eta 30 segundurekin.

Aurten, berrikuntza gisa, Lizuniagako Igoera I. Bortzirietako Koparako puntuagarria izanen da. Hau izanen da Kopako azken proba, beraz, sariak ere banatuko dira. Orain arte jokatutako proben ondotik, Ainara Mendiburu eta Ibon Erdozain beratarrak dira sailkapen buruak.  Ondotik, Zalain janariak eskainitako merienda izanen da parte hartzaile guztientzat.

Izen-emateak hemen egin daitezke edo egunean berean, 16:00etatik aitzinera Iamotenean. Prezioa 5 eurokoa da aldez aitzinetik egiten bada, eta 10 eurokoa egun berean egiten bada.

Haurrentzako lasterketak

Lasterketa nagusiaren aitzinetik haurrentzako lasterketak izanen dira 15:30ean hasita. Bortz kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak, adinaren arabera sailkatuak.

  • 2019an eta beranduago jaiotakoak: Urkila harategitik Iamotenera. 
  • 2017an eta 2018an jaiotakoak: Rozasetik Iamotenera.
  • 2015ean eta 2016an jaiotakoak: Iamotenetik Altzaten barna, Legia karrika gurutzatu eta berriz ere Iamoteneraino.
  • 2013an eta 2014an jaiotakoak: Rozasen hasi, Kanttonberri gurutzatu, Iamotenetik Altzaten barna Legiara joan eta Rozas pasata Iamoteneraino.
  • 2011n eta 2012an jaioak: Iamotenean hasi eta bukatuz, Altzate, Legia eta Kanttonberrin barna zirkuituari bi itzuli.

Haurren lasterketak bukatzean elkartean merienda eginen dute parte hartzaile denek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun