Ekintzaz ekintza
«Urte osoan herrian hainbat ekintza antolatzen dituen elkartea» da Biltoki. «Potoloena edo kanpotik jendea ekartzen duena Igantziko Duatloia izaten dugu, lan eta denbora dezente eskatzen dituenak. Bertzalde, mus txapelketa, gazta lehiaketa, kultur ekintzak eta abar eskaintzen ditugu herrian».
Joan den urtean sartu zen elkarteko juntan; «bi urteko txandak egiten ditugu eta hau azkeneko urtea dut. Bertan sartzeko boluntario aurkez zaitezke, nahiz eta jendea ia beti bozketa bidez sartzen den».
Bi astetik behin gelditzen dira, eta «lan pila egiten dugu herriaren alde. Lehenengo eta nabariena, zerbitzu bat ematea; bazkide den guziak nahi duenean hor du Biltoki eskura. Bertzalde, herri ttikietan ekintzak antolatzea zailago denez, esku zabalekin hartzen dira antolatutako gauzak, beraz, elkarte inportantea dela erranen nuke».
«Biltokik lan haundia egiten du herriaren alde»
Mitxeoren kasuan, «bodegero lanetan ibiltzen naiz nagusiki, nahiz eta egiten diren ekintza guztietarako gogotsu eta prest egoten naizen beti». Herritarren aldetik ere parte hartze ona dute; «zerbait desberdina planteatzean ez dakizu funtzionatuko duen edo ez, baina urtero errepikatzen diren ekintzetan erantzun ona izaten da. Datak ere bere eragina izaten du, sanmigelak iristen diren heinean beti animatzen da jende gehiago herriko ekintzetara».
Antolaketan buru-belarri
Irailaren 27tik 30era ospatuko dituzte aurten Igantziko bestak (egitarau osoa 20. orrialdean) eta horretarako antolakuntza lanetan ere aritzen da. Azaldu duenez, «besta batzordean herriko talde guztiak elkartzen gara eta denen artean ateratzen ditugu aitzinera bestak».
«Herriko gazteen eta Biltokiren izenean» joaten da batzordera, «eta bertan bakoitzak bere ardurak hartuz betetzen ditugu egunak». Aitortu duenez, «hilabete osoko lana izaten da, baina lan polita da eta bestak ongi ateratzen direla ikusita, merezi izaten du».
Egun bereziak
Igantziko bestak «aunitz gustatzen zaizkit, herrikoak, betiere, bereziagoak izaten baitira. Gaueko bestaz aparte, egunez antolatzen diren ekintzek bertze xarma bat izaten dute beti. Bestak denentzako bereziak direla erranen nuke, baina niretzako bereziki gauez izaten diren betizuak politak izaten dira. Jende aunitz ekartzen du eta herrian horrelako giroa ikustea ederra da».
Ttikitatik bizi izan ditu bestak; «ez dakit zein diren nire lehenbiziko oroitzapenak, baina hoberenak txupinazoarenak dirak. Herriko betizuen eguna ere hagitz gustura hartzen nuen».
Gaur egun ere, «bezpera da egunik hoberena niretzako. Nahiz eta bestak ilunabarrean hasi, aitzinetik bazkaria izaten dugu. Ondotik txupinazoa bota eta denak Biltokiko afarira joaten gara. Bertatik aterata txaranga izaten da eta jende guzia giroan sartua egoten da».
Egitarauari dagokionez, «zaila da denen gustukoa egitea, baina ez nuke deus aldatuko. Igantziko bestek ona dutena da beti badagoela zerbait egiteko herrian; dantzari eta txistulariek ez dute atsedenik hartzen».
Herria mugituz
Herriari hainbertze ordu eskainita, herrigintzaren garrantzia azpimarratu du Mitxeok. «Herritarren inplikazioa guztiz inportantea da herria bizirik mantentzeko. Hagitz gaztetatik hasten gara herrian gauzak mugitzen eta eskertzen da gazteen bizitasuna. Hala ere, pentsatzen dut leku guztietan gertatzen den bezala, jendearen inplikazio haundiagoa beharrezkoa dela uste dut. Denon artean ideia gehiago eta gauza gehiago egiteko aukera izanen dugu eta hori ederra izanen zen».
Etorkizunera begira, «momentuan lagunekin eta familiarekin ongi pasatzea da nire helburua, eta denborarekin gaztetasun hau mantentzea». Azkenik, «Igantziko bestetara hurbiltzera animatu nahiko nuke jendea. Giro polita izanen da!».