Bestak 2024

«Ongi pasatu eta saio txukun bat egin nahiko genuke»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 13a, 10:00

Asier Zelaieta Tomasena aritu da, bertze zenbaitekin batera, ortziraleko gazteen arteko kirol desafioa antolatzen.

Asier ZELAIETA TOMASENA,  Etxalarko gaztea

Etxalarko bestetako egitaraua irakurriko zuenak ikusiko zuen aldaketarik. Berriz ere eginen dute aurten urte aunitzez ohikoa izan den herriko gazteen arteko kirol desafioa. Abuztuaren 16an, izanen da, ortziralean. Hainbat gazte aritu dira desafioa antolatzen, eta horien tartean da Asier Zelaieta Tomasena ere.

Kontatu duenez, inauterietako kinto egunean aipatu zuten lehenengoz desafioa egiteko aukera, eta bizpahiru lagun elkartu eta aitzinera egitea erabaki zuten. Denera 24 lagun ariko dira, hiru taldetan banatuta. «Gazteenak 19-20 urte dituzte eta helduenok 33-34 urte ditugu», azaldu du.

Entrenatzen hasiak dira dagoeneko. «Plazara atera eta saio txukun bat egin nahiko genuke herritarrek aunitz baloratzen dutelako. Bizkorki ari gara entrenatzen, jendeak nahiko serio hartu du», nabarmendu du Zelaietak. Izan ere, ia gehienak inoiz herri kiroletan aritu gabeak dira, eta lehenengoz plazaratuko dira.

Taldeak sortuta, erabaki dute dagoeneko zein kiroletan ariko diren: koxkor biltzen, lasterka, harria altxatzen, arpanean eta aizkoran. «Hori izanen da lehen proba, eta bigarrena oraindik ez dugu zein den erranen, jendearentzat sorpresa izan dadila nahi dugu», dio antolatzaileak.

Desafioa egin aitzinetik dagoeneko giro ederra sortu da horren  bueltan herrian, eta pozik dira antolatzaileak. «Taldeen arteko pikea baino saio txukun bat egin nahi genuke, ongi pasatu, eta bestetan giro ederra izatea. Lehen izaten zen tradizio hori berreskuratu nahi dugu eta lehengoa oinarri hartuta, gurera moldatu dugu desafioa».

Zelaieta hagitz kontent dago orain arte izandako harrerarekin: «Oharkabean ateratako kontu bat izan zen, eta hiru kuadrillatako jendea bildu gara. Orain plazara atera eta saio txukun bat egitea bakarrik falta da eta jendea animatu dadila ikustera». Eta desafioa bukatzean zer? «Afari bat eginen dugu parte hartzaile denek eta epaileek eta ea arratsa zenbat luzatzen den».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun