Bestak 2024

Erraldoien Konpartsak piztutako suziriarekin lehertu da Beran besta giroa

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 15:00

Berako Erraldoien Konpartsa izan da aurtengo Berako bestetako hasierako suziria pizteko arduraduna. Eta «besta erraldoiak»izateko mezuarekin hasi dituzte. 12:00ak puntuan zirela lehertu da suziria eta besta giroa lehertu da.

Horren aitzinetik, azken urteetan ohitura duten gisan ahantziei omenaldia egin diete. Txalaparte doinuekin hasi dute omenaldia, eta ondotik Labiaga Ikastolako ikasleek bertso batzuk kantatu dituzte. Aitor Elexpuruk hartu du hitza, eta Pettik ere abestu du. Omenaldian bereziki gogoan izan dituzte Beratik errepresaliatu eta Alemaniako kontzentrazio eremuetan bukatu zuten herritarrak. Bukatzeko, ohitura duten gisan lore eskaintza egin dute.

Omenaldia bukatu bezala bete da herriko plaza jendez. Herritarrak irrikitan ziren bestak hasteko, eta 12:00ak puntuan lehertu da besta Angel Garcia de Dios eta Irati Lazkanok bota duten suziriarekin. Ondotik, konpartsako oraingo kideek eta azken urteetan konpartsakide izan direnek hainbat suziri bota dituzte herriko etxeko balkoitik.

Suziriak botata, erraldoiak atera dituzte dantzara. Izan da berritasunik erraldoien artean, izan ere haurrak dantzan aritzeko bi erraldoi berri plazaratu dituzte lehenengoz, eta baita zaharberritutako bertze bi erraldoi ere. Denera, zortzi erraldoik osatu dute aurten konpartsa.

Horrez gain, herriko etxeko arkupetik plazara ateratzeko Berako bestak izeneko kanta jo dute gaitariek. Xabi Maritxalar lesakarrak konposatu du kanta espresuki abuztuak 2an jotzeko.

Incansables txaranga ere aritu da jotzen, eta karrikabuelta egin dute Altzateko plazaraino. Besta giroan murgildu da beraz, Bera, heldu den asteartera arte.

Bestatako egitarau osoa hemen irakurri daiteke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun