Iñaki Gogortza oroituz egin dute ikasturte honetako azken elkarretaratzea Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 18a, 15:30

Atzo 35 bat lagun bildu ziren Beran egindako elkarretaratzean. Ikasturte honetako azkena izan zen.

Ikasturte honetako azken elkarretaratzea atzo Beran egin zuten Baztan-Bidasoko pentsiodunek. Ez zuten adierazpenik leitu; eta berriki hil den Iñaki Gogortza Billabonari aitortza egiteko probestu zuten.

35 lagun bildu ziren Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak deituta Beran egindako elkarretaratzean. Karrikara ateratzen hasi zirenetik egin dituzten aldarrikapenak aipatu zituzten, hala nola, «Bidasoa ospitaleko zerbitzua bermatzeko eskaera, pentsiodunek Euskal Herri mailan egindako bizikleta martxa, gerren kontrako aldarrikapena, gastu militarrik ez egiteko eta gastu militarra gastu sozialetara bideratzeko eskaera, ekosozialak indartzeko deia, Endara Bizirik, Erdiz Bizirik, Aroztegia Gelditu, makroeolikoak baztertu, Palestina askatu...». Hemendik aitzinera ere aldarrikapenekin segituko dutela argitu zuten, baina ez zuten adierazpenik leitu.

Atzokoa maiatzaren 30ean zendu zen Iñaki Gogortza Billabona oroitzeko elkarretaratzea bilakatu zen. Hark egindako guztia «aitortu eta eskertu» nahi izan zuten pentsiodunen mugimenduko kideek, bertako kidea baitzen Gogortza. Igandean egindako omenaldia aipatu zuten, «hori dena eta gehiago ere merezi zuela» nabarmenduz. Horrekin batera, «gure lema» hizpide hartuta, «zuk utzitako motxila, gure artean banatuko dugula» adierazi zuten: Eskerrik asko Iñaki, zuk emandako guziagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun