Bortzirietako enpresen foroa egin dute enpresetan euskararen erabilera sustatzeko proiektuaren barrenean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 6a, 19:00

Enpresen foroan parte hartu zuten ordezkariak.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak urte hasieran Bortzirietako enpresetan euskara sustatzeko proiektua abiatu zuen, EMUN Aholkularitzarekin lankidetzan.

Udaberri hasierara arte Bortzirietako industria arloko enpresa garrantzitsuenak bisitatu dituzte, eta balorazioa «hagitz baikorra» egin dute; euskararen erabileran aitzinera egiteko asmoa eta aukera nabarmendu dituzte. Egitasmoa borobiltzeko Bortzirietako enpresen foroa egin zuten, heldu den hilabeteetan segida izanen duena.

Maiatzaren 21ean  egin zuten Bortzirietako enpresen foroa Lesakako Alkaiagan, Cederna-Garalurren egoitzan, eta enpresetako, Euskarabideko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko eta EMUN Aholkularitzako ordezkariak bertaratu ziren. Bilera emankorra izan zen eta asmoa agertu zuten enpresetan euskararen erabilera elkarlanean lantzeko foroari segida emateko; udazkenean eginen dute hurrengo bilera eta enpresa eta eragile gehiago gonbidatu asmo dituzte.

Bileran enpresetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmo, baliabide eta laguntzak izan zituzten hizpide. Euskarabideak enpresa pribatuetan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntza deialdia argitaratu berri du eta horren inguruko informazio xehea jaso zuten enpresetako ordezkariek. Eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 10a izanen da.

Deialdiaren informazio gehiago hemen irakurri daiteke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun