Enpresetan euskararen erabilera sustatzeko proiektua hasi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 18:30

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Emun aholkularitzarekin elkarlanean, Bortzirietako enpresetan euskararen erabilera areagotzeko proiektua hasi du. Proiektuaren barrenean, apirilera bitartean hainbat enpresekin elkarlanean hasiko dira.

Gaur aurkeztu dute proiektua Leire Mitxelera Gamio Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak, Aitor Elexpuru Egaña Berako alkateak eta Ainhoa Elices Balda Emuneko kideak.

Bertan azaldu dutenez, proiektuaren helburua lan mundua euskalduntzeko urratsak egitea da, batez ere  fokua enpresa handietan paratuz. Horretarako gonbidapena luzatu diete euskararen erabilera handitzeko erabakiak eta eta neurriak hartzeko.

Emun aholkularitzako kideak Bortzirietako hamar enpresarekin harremanetan paratuko dira proiektua aurkezteko. Hamar enpresa horietan bisitak otsailean eta martxoan egitean aurreikusi dute, eta enpresa bakoitzak euskararen presentziaren inguruko autodiagnostikoa egiteko aukera izanen du bertan. Ondotik, eskualdeko enpresendako saio ireki bat eginen dute martxoan.

Orain bisitatuko dituzten hamar enpresez gain, asmoa proiektuarekin segitzea eta enpresa gehiago izatea da asmoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun